Lokarri

Aingeru Epaltza (Escritor): Akordiorik zailena

29-12-2006

La opinión de Aingeru Epaltza sobre el acuerdo
Akordiorik garrantzitsuena, Madrilgo Gobernuaren eta ETAren artekoa, ez dago herritar arrunten esku, erakusten dugun jarrerak laguntzen ahal badu ere. Aurrekoaren ildotik alderdi politikoen artean egin behar den akordioan ere, zer esan handirik ez dugu izanen, haize emaile gisa ez bada. Bada, hala ere, hirugarren akordio bat, hemen bizi garenon artekoa. Horretan Euskal Herriko biztanle eta bizilagun bakoitzak izanen du, nahi badu, hitza eta giltza. Biolentzia egoerak banako bakoitzean sorrarazitako mina apaltzea eta noizbaiteko berradiskidetzea, bertze xederik ez du izaten ahal hirugarren akordio horrek.

Lehenbiziko akordioa nahitaezkoa da. Zenbat eta gehiago berandutu, hainbat eta makurrago guztiendako. Zenbat eta luzegoa hartarainoko denbora, hainbat eta geroratuagoa bertze gai batzuei buru belarri lotzeko denbora.

Bigarrenak piztu du segur aski jakin min gehien bazterrotan. Eta jakin minarekin batera, batzuen esperantza eta bertze anitzen beldurra ere. Niri lehenbizikoaren berme eta/edo ondorio den neurrian interesatzen zait soilik bigarren akordio hau. Kromo trukaketa izanen da, tratante feria bat, zentzurik txarrenean ulertuta. Nahiago nuke okertuko banintz, baina duda handirik ez dut akordio fase horretan indar politiko bakoitzak beretarren espektatibei erantzutea eta bere posizioa indartzea izanen duela xede nagusia. Justizia eta zuzentasuna ez da irizpide izanen, indar korrelazioa baizik. Hortik atera daitekeena eta iazko haizea axola bera dut, berdin izan autodeterminazioa, independentzia edo Errioxa eta Biarnoren Euskal Herriratzea.
Hirugarren motako akordioa -geure artekoa- iruditzen zait epe ertainean premiazkoena, gorrotoa noizbait itzaltzea lortuko badugu. Hartarako inor ez dugu eskuordetzen ahalko, eta orobat inork ezin izanen gaitu ordezkatu. Denok izanen dugu erantzukizuna. Hain zuzen ere horrexegatik dugu denetan akordiorik zailena.

Envíanos tu comentario