Lokarri

Bixente Serrano Izko (Escritor): Lubakien gainetik

14-11-2006

La opinión de Bixente Serrano Izko sobre el acuerdo
Lubakiek deitu ninduten garai batean. Eta haietara jo izan nuen. Ez naiz damu. Ez nuen sinesten erabateko garaipenarekin, baina bai aterako ginela burua altxaturik, duintasuna garbiturik, garaiko lokatzak ideia-ereintzarako prestaturik. Horixe izanen litzatekeelakoan garaipen nahikoa. Nire esperantzak gure arrazoi sendoetan zituen sustraiak, noski, baina baita bertze aldekoen bidegabe eta gehiegikerietan ere, luze errepikaturiko burugabekerietan (nolabait erranik, judokek egiten omen duten bezala, aurkariaren erasoen bortxakeria bihur genezakeelakoan geure aldeko indar). Tamalez, denbora pasa ahala eta gatazken beroan, "gureak" ere bertzeen bidegabekerietan erori ziren.

Halere, ez zen ustekabeko ezbeharrik izan. Lezio bat baitaratu ahal izan nuen, teoria arloan ezagutzen nuen lezioa, baina oraindik ere neure zainetan odol bizigarri egin gabe nintzena: alegia, etsaiak, betikotzeko gai diren ber, leziorik gaiztoenak elkarri emateko gauza direla. Hau dugu, beharbada, etsaiek komun duten alde gutxietako bat: adiskide ezin, bai, baina elkarrenganako ikasle-irakasle izan daitezke.

Nire aldekoak bertzeen akatsetan erori izanarekin batera, lausotuz joan zitzaizkigun geure arrazoiak. Horren gainean hausnarrean, ondorio batera heldu nintzen: ene arrazoiei uko eginen ez banien, lubakiei egin behar niela uko. Bi aldekoen artean bertze harreman motak sortzen saiatu behar, suntsipen-sistemak irakasteko elkarrekikotasunaz guztiz bertzelakoak.

Utz nazazu, irakurle hori, galde diezazudan: ezagutzen ez baninduzu, jakiten al zenezake lubakietako zein aldean ibili nintzen? Ezagutzen ez banauzu, baina lepoa jarriko bazenu baietz asmatu (eta asmatuko bazenu), seinale ona izanen al litzateke? Ez al luke erran nahiko alde batekoen hausnarketak direla soilik?
 
Lokarrik proposatzen duen Akordioa izeneko honen urratsek uste positibo bat dute oinarri: bi aldeetako eta lubakietatik kanpoko jende anitzen hausnarketekiko konfiantza, alegia. Uste horren aldeko topa egin nahi dut, gogotsu.

Comentarios

koldo | Bixente, esker mila strip-tease moral honengatik. Zu bezalakoekin badago itxaropenik! | 20.12.2006 19:22
Maribel Urkiri Arruti | Aurrekoak irakurri eta gero, (ez danak, noski,) zer esango dut nik ba .... Bost seme-alabaren ama naiz, senarra, eta familian daukagun polittena, Maddi biloba hor dira, zer nahi dugu eurontzat? Bakea, bizi-poza, ilusioa, itxaropena, mundu hobeago bat,... Baina hori guztia norberarengandik hasten da, geuk egin behar dugu, hitzak soberan dagoz oraintxe, gehigekerian, nazka ematen digu, egunero eta horrenbeste, EGIN egin behar dugu, ez da erreza, etsai asko eta gogorrak dauzkagu, Nola hitz egin gure Maddi\'ri, zer esan ...... | 05.12.2006 19:06

Envíanos tu comentario