Gauza asko esan dira Akordioari buruz. Ez dakit ezer berririk esateko dagoen. Ez dut uste. Egitekorik bai, ordea, eta hori, nire uste apalean, bestearen lekuan jartzeko ahalegina egitea da. Ez dut inoren izenean hitz egingo, neurean baizik. Gizaki arrunta izanik, nire baitara begira bizitzeko joera izan dut. Halarik ere, denborak edo urteek, gauzak ez direla zuri edo beltz, luze edo labur, handi edo txiki erakutsi didate edo ikasi dut. Orain, behar bezala ez bada ere, eta behar den adore guztiarekin ez bada ere, bestearen lekuan jartzen saiatzen naiz, besteak zer, nola eta zergatik horrela pentsatzen eta sentitzen duen jakiteko. Hagitz baliagarria zait bestea ulertzeko, bere mina ezagutzeko, eta errespetatzeko.
Aipaturiko guztia barneratzeko, ariketa egokia dela deritzot alde bateko zein besteko iritziak entzutea, nork esaten dituen jakin gabe; izan ere, hitz egiten duenaren izena jakin orduko gure belarriak, burua eta barrua alde batean edo bestean kokatzen ditugu, hizketakideak oraino ezer esan aurretik, eta horrela ezin dugu akordioetara heldu, inoiz ez, eta inorekin ere ez.
Beraz, eta lan handia, itzela egiteko dagoela jakinik ere, elkarrizketa bultzatzearen alde jardun behar dugula uste dut –guztiok, bakoitzak bere mailan, arloan eta ahal duen heinean-, baina elkarrizketa baliagarria, onuragarria eta itxaropentsua izateko oinarriak jarrita, hau da, alde batean zein bestean hori gauzatzeko gai diren gizon-emakumeak eserita. Ez nago oso ziur horretarako egokienak politikariak direnik; ez alde batekoak, ez bestekoak; eta ez pertsona bezala beste edozeinen maila ez dutelako, alderdiaren zama gainean eta itzala hurrean dutelako baizik.
Nolanahi ere, uste dut landu beharreko bi ildo bereizi behar direla. Bata, biktima guztien -guztien diot- mina eta samina ahal den neurrian arintzea eta erreparatzea, eta, bestea, hori guztia sortarazi duen arazoa (politikoa) konpontzea, hau da, herrien bizikidetzarako oinarriak finkatzea. Eta horretan, senar-emazte, familia, auzo, lantoki eta abarretan bezala, amore emanez jardun beharko da.
Honaino iritsita, gure gizartean bakea lortzeko sortarazitako itxaropena inork eta ezerk ez zapuztea espero dut.
Nota: Este texto fue escrito y lo recibimos antes del 30 de diciembre, día del antentado de ETA en Barajas