Lokarri

Mikel Larunbe (Licenciado en Filosofía)

20-02-2007

La opinión de Mikel Larunbe sobre el acuerdo

“Akordioa” zuen dokumentuaren zenbait punturi buruz nire hausnarketak bidaltzen dizkizuet. Dokumentuaren atalei jarraituko diet.

1. Akordioa, zertarako?

Proposatzen duzuen akordioari beste “elementu” bat gehituko nioke: akordio argia. Ez zait soberakoa iruditzen puntu hau propio azpimarratzea, batez ere dugun esperientzia eta gertatzen ari dena kontutan hartzen baditugu. Anbiguotasunaren bizioaz eta tentazioaz ari naiz eta dakartzan arriskuez, alegia akordioa ezerezean geratzea, interpretazioari buruzko eztabaida nekagarri eta antzuak luzatzea, eta, finean, gatazka eta etsipena irautea.

Izan ere, benetako akordio eza sasi akordio anbiguo batez mozorrotzea izan daiteke, berriz ere, zenbait alderdik bila dezaketen irtenbide faltsua. Gobernua edota gobernu itxaropena duten alderdiek interes handiak dituzte gestioan eta eurek eraginda prozesuaren mamia desitxuratu dezakete eta gobernu-interes komunen mende jarri. Nola? Euskal gizarteak behar duen akordioa –gatazkaren oinarri politikoei heldu eta soluziobide demokratikoetan bideratuko lituzkeena- bilatu beharrean, badaezpadako akordio-adabaki bat egin, anbiguotasunez jantzi, historikoa bezala saldu eta euren arteko gobernagarritasun paktu baten bidez, urte batzuetarako gestio erosoa –anbiguotasunean eta konpromiso ezan, erraztu egiten da gestioa- ziurtatu.

Beraz, honen guztiaren aurrean, akordio argia ere aldarrikatzea proposatzen dizuet.


2. Aurreko gaia: akordiora iristeko metodoa.

Alderdi politikoen zereginari buruz zehaztasun bat. Alderdi politikoek eguneroko gestio politikaren erantzukizuna dutela argi dago, betiere gizartearen protagonismoa errespetatuta. Gure prozesuaren mamia eta egoera zehatza kontutan harturik, nire ustez, gizartearen protagonismo hori –funtsean behar besteko kontsulten bidez gauzatuta- eta alderdien gestioa -gizarteak aditzera emandakoarena- aldarrikatu, azpimarratu, burutu eta bermatu behar dira. Ikuspuntu honetatik, beraz, ez nator bat gizartearen zeregina, gure prozesuan, “azken hitza” esatera mugatzearekin.

Horregatik, atal honetako testuan, honako hau sartuko nuke:

  • a) 1. puntuan: “… eta, hori ezean, herri kontsulta.”
  • b) herri kontsultari, metodologiaren funtsezko tresna bezala, puntu oso bat emango nioke (nire ustez, 2. puntua beharko luke izan). Ez zait nahikoa iruditzen 3. puntuan betoari buruz egiten den erreferentzia.

3. Elkarbizitzaren oinarrizko printzipioei buruzko akordioa

• Berdintasunaz esaten duzuenarekin bat nator, baina zehaztasun batekin. Berdintasun hori, benetakoa izateko, jaso eta bermatu beharko litzateke euskal gizarteari dagokio/legokiokeen legedi guztian, edozein izanda ere, Konstituzioa barne, oraingoan ez bezala

• Erabaki eskubideari buruz, proposamen funtsezko bat. Aski da, nire iritziz, euskal subjektu politikoaren inguruko ezadostasuna aipatze soilean geratzeaz. Bukatu beharra dago eztabaida antzuekin (baden, ez den). Eman diezaiogun, behingoz, irtenbiderik auzi honi. Eman diezaiogun hitza eta erabakia horretarako ahalmena eta eskubidea dituen bakarrari, gaurko euskal gizarteari, hain zuzen ere. Egin diezaiogun galde, betiere bere erantzuna errespetatzeko aurretiko konpromisoa hartuta.
Hori da jokabide demokratiko bakarra, euskal gizartearekin aspalditik kitatu beharreko zor demokratikoa. Onar dezagun denok herri galdera zehatz eta garbia egitea -gure gizartearen nahi eta oinarrizko eskubide demokratikoa den heinean- eta jar gaitezen ados eta elkarlanean galdera hori gauzatzeko, bere baldintza eta berme demokratikoak zehazteko, alegia.

• Aniztasunaren errespetuari dagokionez, ez dut ulertzen, ez onartzen, dokumentuan egiten den lotura errespetu honen eta erabakitzeko ahalmena gauzatzeko momentuaren artean, ezta paktu eta ez aldebakartasun printzipioarekin egiten dena ere.

Bigarren honetatik hasiko naiz. Noiztik da paktua elkarbizitza demokratikoaren printzipio bat? Paktuaren inguruan dagoen mitologia alde batera utzita -onartu behar dugu paktuak, izatez, indar gehien duenak inposatutako ezarpenak izaten direla, benetako paktua erabat autonomoak eta berdinak direnen artean, soilik, gerta baitaiteke, zeina ia inoiz ez den gertatzen- esan beharra dago paktuarekiko aldeko joera, teorian eta oro har hartuta, oso ohitura onuragarria eta beharrezkoa dela sistema demokratikoaren eguneroko funtzionamenduan, ez aldebakartasuna eta gutxiengoenekiko errespetua bezalakoa. Dudarik gabe. Baina ez da, inolaz ere, oinarrizko printzipioa, ezta printzipioa ere.

Printzipioak, printzipio demokratikoak gure kasuan, beti eta egoera guztietan errespetatu behar dira, oso osorik. Salbuespen barik. Ondorioz, denontzako beharrizanak dira. Paktua, ordea, ez da horrelakoa, nahiz eta beharrizan politikoa izan paktua lortzen zintzoki saiatzea.
Paktu demokratiko guztiek, euren aldetik, printzipio demokratikoak errespetatu behar dituzte eta eurei men egin eta egokitu. Ez ordea, alderantziz. Ez da zilegi, demokrazian, edozein printzipio demokratikoaren kontra ezer paktatzea edo erabakitzea. Guztiz zilegi da, berriz, gaia (“bai ala ez” erakoa, kasurako) edota egoera konkretuaren arabera, pakturik ezean, printzipio demokratikoak errespetatzen dituen zerbait gehiengoak erabakitzea.

Paktua eta ez aldebakartasuna, beraz, ez dira printzipioak, ezta, ondorioz, beti eta derrigorrean betebeharreko beharrizanak, saio moduan politikan osasungarriak eta beharrezkoak diren praktikak baizik.

Barkatu hausnarketa honetan luzatzea, baina garrantzitsua iruditzen zait, gauden egoeran, hiztegiarekin kontuz ibiltzea. Eginoko Mahaiaren lehenengo proposamenaren 9. puntuan, esaterako, “adosteko betebeharra” sartu zen “erabakitzeko ahalmena”ren ondoan. Horrekiko guztiekiko ez adostasuna da adierazi nahi dizuedana. Onartzen dut oraingo dokumentuan “armonizatu” erabili duzuela, eta bestaldetik, dokumentuaren hurrengo puntuaren bosgarren paragrafoan ohartzen duzuela bide honetatik etor daitekeen kontraesan eta beto arriskuaz.

• Finean, harreman-esparruak (5. puntua) ere, ez ditut printzipiotzat hartzen. Nire ustez, gai hori erabakitzeko ahalmenaren bidetik –bere kasuistika eta metodologiaren barruan- konpondu behar da.

4. Akordio plurala eta integratzailea

Nire ustez, akordioaren mamiak printzipio demokratikoei eusten badie eta bermatzen baditu –demokrazian sakontzen badu eta demokraziari mugarik jartzen ez badio- plurala izan beharko du, ezinbestean, demokrata guztientzat onargarria eta onartu beharrekoa.

Demokrazian bilatu behar da akordio plurala eta ez, inolaz ere, demokrazia murriztu akordio pluralaren izenean. Horrexegatik, legitimitate demokratikoa duen akordioaren mamiak legitimitate bera dauka gizarteak bozkatu eta, honen gehiengoaren laguntzaz, indarrean jartzeko. Alderantziz, defizit demokratikorik duen akordioak ez du, ezta botoen bidez ere, legitimitate demokratikorik izaterik eta gatazka mantenduko du.

Nire ustez, behar dugun lehenengo akordioaren testua oso laburra eta argia izan behar du: gatazkari dagozkion giza eskubide eta printzipio demokratikoen errespetu zehatza bermatuko duena, besterik ez. Bera izango da garatuko diren geroko akordioen oinarria (balizko Estatutu berria edo bestelakorik).

Galdakao, 06-11-15




 

 

Envíanos tu comentario