Oso bestelakoa izango zatekeen artikulu hau LOKARRIk eskatu zidanean idatzi izan banu. Zorigaitzez, tarte horretan bake prozesua dinamitatu digute. Une honetan, lerro hauek idazten ari naizelarik, ETAk iazko martxoaren 22.ean suetena iragarriz kaleratutako adierazpena dut aurrean. "Prozesu demokratikoaz" mintzo da, "justizian oinarritutako bakeaz". Abenduaren 30.ean Madrilen egindako atentatuarekin inola ezkontzen ez diren hitzak, "bost duroko hitzak", herriari emandakoa jan duenaren ahotan xentimorik balio ez dutenak. Onartezina da Espainiako gobernuaren kudeaketa kaxkarrarekiko desadostasuna horrela adieraztea, zeharo larria suetena hitz eman eta, abisurik gabe, jendez beteriko gune batean ehunka kilo leherketari zartaraztea. Halere, herri honen itxaropena horrela lehertaraztea da larriena. Sueten iragarpena ez zen opari bat izan, hiltzeari uztea bidegabekeriari amaiera ematea besterik ez da. Ezin uka liteke, edozein gisaz, ilusio eta esperantzaz bete gintuenik. Bi gizakiren biziarekin batera xehetu dute dena.
Talde armatuak urtarrilaren 9.ean argitara emandako komunikatua ere aurrean dut. Barajasen bi hildako eragin izana poliziaren inkonpetentziari leporatzen dio, ez dago autokritika izpirik. Are gehiago, mehatxu egiten segitzen du: "ETAk erantzuteko erabakitasun osoa dauka" diosku. Horixe da agiri osoan sinesgarritasuna duen esaldi bakarra. Gure zaindari eta begirale izaten segitu nahi du, eta ematen diren urratsak gustuko ez baditu, armekin saiatuko da gure pauso okerrak zuzentzen. Zinismoz jositako jarrera, higuingarria.
Euskal Herritarren artean nabaria da etsipena, baina indartsuago atzematen dut amorrua, baita komenigarriago ere. ETAk ezin ditu gure urratsak markatu, are gutxiago gainbegiratu. Batasunak, loturik daukan katea behingoz etenik, ETAri desagertzeko agindu behar dio, ez da nahikoa suetenari eusteko eskatzea, batez ere inolako sinesgarritasunik gabeko sueten honi. Espainiako gobernuak, lehen aste eta hiletako eten logikoaren ondoren, hotzean hausnartu eta ondorio batera heldu behar du: bada atentatuak alda ez dezakeen zerbait, irtenbidea elkarrizketaren bidez etorriko den konbentzimendua. Euskal alderdiek are garbiago behar lukete hori. Gauzak okertu egin direnez, lehen baino are premiazkoagoa da elkarrizketa. Alderdien arteko sukalde lanak inoiz baino trinko eta sakonagoa behar du orain, ETA eta Espainiako Gobernuaren arteko harremanen egoeraz gaindi, oinarri sendoak bateratzen saiatu behar dute. Zor digute, esijitu egiten diegu. Ez nago ados, inola ez nago ados, "hurrengoan" lortuko dugula diotenekin. "Oraingoan" lortuko dugu.