Lokarri

Inma Errea 21-02-2008

Esta entrevista está redactada en euskara y castellano, según el idioma en el que han sido recibidas las preguntas
 
 
1- Kaixo, Inma; ¿zer egoeratan da orain Euskalerria Irratia? Gogokoena nuen irrati hori Iruñean bizi nintzelarik eta sineskaitza iruditzen zait hedabide horrekin egiten ari direna, bai eta adierazpen eta pentsamendu askatasunarekin ere. Besarkada bat!
Aitor Garika (Bilbo)

Euskalerria Irratiak beti bezala segitzen du. Beti bezala, haren emanaldiak zabaltzen, eta beti bezala, baita ere, egoera legalari –edo hobe esanda, alegari– dagokionez. Momentuz ez du ematen gauzak aldatuko direnik. Baina irratiko jendeak hor segitzen du kementsu, eta besteok, ahal dugun moduan laguntzen... Dena den, 18 urte baino gehiago darama horrela irratiak, eta, jada bide bat egina duenez, zaila dirudi, zorionez, atzera egiteak. 18 urte eta gero, bestalde, pasatu da esperantza galtzeko tenorea. Eustea baino ez zaigu gelditzen.

2− Hitzaldi bat eman behar zenuela jakin nuen, baina azkenean ez nuen joaterik izan. ¿Euskara eta emakumea gaiak ba al dira oraindik eztabaidarako mahai gainean jarri beharrekoak? Eskerrik asko.
Nekane García (Antsoain)

Badirudi baietz, bi gai horiek beti baitabiltza aldika mahai gainera ateratzen eztabaidagai gisara... Nire ustez, emakumeen gaia eta euskararena bat datoz gauza batean, eta da oro har boteredunek biak ala biak bigarren mailako aferak kontsideratzen dituztela. Niri amorru pitin bat ematen dit bi gai horiei buruz behin eta berriro hitz egin beharrak, alde batetik, emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna izango balitz eta euskaldunok gure hizkuntza era normalizatu batean benetan baliatzeko aukera izango bagenu ez genukeelako halako gaiei buruz mintzatu beharko, eta bestetik, nekagarri samarra delako betiko sorgin-zulotik atera gabe aritu beharra. Baina errealitatea da hala emakumeok, emakume garen aldetik, nola euskaldunok, euskaraz mintzatzen garen heinean, gutxiengo gisa gaudela kontsideraturik gizartean, eta hori dela-eta segitu behar dugu bi afera horiei buruz gogoeta egiten eta hitz egiten.

3−    Kaixo! Entzuna dudanez, artista talde batek zuen sostengua eskaini zenioten Nafarroa Bai-ri; zergatik uste duzu dela aukerarik hoberena? Beharrezkoa al da kulturak politikari babesa ematea, edo alderantziz? Mila esker zure arretagatik. Agur bero bat.
Petri (Altsasu)

a) Aukera hoberena? Uste dut ez zela izan artista-taldea, baizik eta oro har, kulturan, hezkuntzan eta halakoetan ari ginen batzuk... Niri ez zait gehiegi gustatzen herri honetan hain maiz osatzen diren aldarrikapen-zerrendetan agertzea, baina noiz edo noiz sartu izan naiz halakoetan, kontsideratu dudalako kasuan kasuko helburuarekin konpromiso bat nuela, helburu horrek merezi zuela. Hori gertatu zen zuk esandako kasuan, NaBairen alde egin nuen. Ez dakit aukera hoberena, baina bai behintzat aukera egokia jo nuen NaBairena, egoera politikoari begiratu bat eman eta gero.

b) Politika eta Kultura: elkarri babesa eman behar? Ez dakit. Ikuspegi politikoek orok barne daramate kulturari buruzko ikuspegia, aitortuta edo aitortu gabe. Ez baitira berdinak eskuinak eta eskerrak kulturari buruz dituzten iritziak eta pentsamoldeak, eta bestalde, kultur moldeak hizkuntzari ere lotuak dira. Nik kultura modu zabal batean jorratu behar dela uste dut, modu askean, ahal den jende-kopuru handienak bertan parte hartuta, modu aktiboan, ez bakarrik hartzaile gisa, baizik eta ekintzaile bezala ere, eta botere-guneen menpean egon gabe. Eta bestetik, nire hizkuntza euskara da, eta nireak diren beste hizkuntzei dagozkien ikusmolde kulturalak arbuiatu gabe –ez baititut inolaz ere arbuiatzen–, euskarari lotutako kultur ikusmoldeen alde egin nahi dut. Eta kultura horrela ulertzen duten ikuspegi politikoekin bat egiten dut.

3− Aupa, Inma! Pasa den egunean, lagunarteko afari batean, Finlandian hezkuntzaren gaia zertan den izan genuen mintzagai eta, horrekin lotuta, Diario de Noticias egunkarian kaleratu zenuen iritzi artikuluaz solastu ginen. ¿Posible liteke Iruñeak benetan 68 liburutegi edukitzea? Zer iritzi duzu gaur egun nafar sistemak eskaintzen duen hezkuntza motari buruz? Eta ikastolei buruz? Eskerrik asko erantzuteagatik. Agur!
Jon Urre (Iruñea)

Tira, lehenik eta behin Finlandiari buruzkoa argitu behar dut. Artikulu hartan Finlandia aipatu nuen orduan Finlandiako egoeraren berri entzun nuelako. Gero jakin izan dut Finlandiakoa ere ez dela hain perfektua, badutela han ere hainbat kontu, garbitzeko modukoak, baina nik segitzen dut pentsatzen gauza asko ditugula aldatzeko hemen, kanpora begiratuta edo begiratu gabe... 68 liburutegi, Iruñean? Polita izango zen, ederra, benetan, baina kopuru horretara iritsi gabe ere orain dauzkagunak baino batzuk gehiago behar ditugu, eta ordutegi zabalagoekin (goizeko eta arratsaldeko txandekin, esate baterako...), eta liburu-aukera zabalagoarekin, eta... Kontua da oraingo nire auzoan, esate baterako, ez dagoela liburutegirik... Eta ni Zabalgunean bizi naiz, auzo ustez dotore batean... Baina Zabalguneko biztanleok Milagrosara, nire betiko langile-auzora, joan behar izaten dugu liburutegira (eta han dagoen liburutegiak, bestalde, baditu urteak eta urteak konpondu gabe daramatzan arazo praktikoak), edo bestela, Alde Zaharrera, Liburutegi Nagusira (eta horrek ere baditu arazoak)... Gezurra dirudi, ezta? Orain Udalak irakurketa-gela bat ireki du Zabalgunean, Civivox delako horretan. Baina irakurketa-gela bat ez da liburutegi bat. Kultura beste modu batean kudeatu behar da hemen, bada garaia, nire iritziz, kulturan diru gehiago erabiltzeko, bai eta hezkuntzan, osasun-aferetan eta gizarte-ongizatean ere!
Hezkuntza? Horretan ere aldaketa sakona behar dugu Nafarroan: baliabide gehiago behar dira, diru gehiago, eta ikuspegi zabalagoa, aniztasuna bere egingo duena, eta jokamolde askeagoak, irudimena, sormena eta giza-balioak ahaztu behar ez dituztenak. Nire seme-alabak D ereduan ari dira, eta beti iruditu zait eredu interesgarriena dela hori, eta ez bakarrik hizkuntzaren aldetik, nire iritziz beste balio batzuk ere baititu. Badira, ordea, oraindik, gauza asko hobetzeko, baina hobekuntzek orokorrak izan behar dute, hezkuntza-sistema osoan egin behar dira. Eta ez dugu ahaztu behar hezkuntza denon kontua dela, ez bakarrik ikastetxeena edo Departamentuarena!

4− Kaixo! Gustura asko irakurri nuen Diario de Noticias-en kaleratu zenuen artikulua eta primeran iruditzen zait liburutegiak artez hornitzea liburutegiak erabili behar dituztenek begiari atsegina emateko eta, aldi berean, tokiko artistei bultzada emateko, baina, uste duzu modu horren bidez gehiago joko litzatekeela liburutegietara? Izan ere, daudenak ia ez dira erabiltzen ere, ezta? Beno, dena dela ere, esandakoa berresten dut: oso interesgarria idatzitakoa. Nafarroan kulturari eta hezkuntzari buruzko eztabaida areagotzea espero dut.
Carmen Antón (Iruñea)

Ez dakit horrela jendeak gehiago joko lukeen liburutegietara, eta nire proposamena beste bidetik doa. Liburutegietara gehiago joateko, beste baldintza batzuk behar dira, lehen esan dudan bezala, liburutegiak leku interesgarriak bilakatu behar dira, erakargarriak, jendearen arteko harremanak eta kulturarekiko lotura sustatu behar dituzten guneak. Baina oro har nik ikusten dut egungo gizartean kultura produktu baten gisa hartzen dela, eta ikuspegi hori –ikuspegi komertziala eta murritza, inondik ere– ez zait gustatzen. Kultura produktu komertzial baten gisa hartzen denez, artista kontsakratu batzuk sustatzen dituzte, eta ikuskizun eta obra jakin batzuk ere, eta gainerakoek, batez ere, gazteek eta ideia desberdinak dituztenek ez dute lekurik giro horretan.
Eztabaida areagotzeaz mintzo zara, eta ideia bikaina da hori. Eztabaidatu beharko genuke, ikuspegi berriak sortu beharko genituzke guk geuk, herritarrok, baina eztabaida sortzeko esparru libreago bat behar dugu, kulturak sor dezakeena.
Nik ikuspegi-aldaketa proposatzen dut, kulturan eta oro har gizartean. Herritarrok onartu dugu agintean daudenek nahi dutena egin dezaketela diru publikoarekin, eta uzten diegu dirua obra erraldoietan gastatzen, edo diru publiko horrekin enpresa handien eta interes jakin batzuen alde egiten, eta ohartu gabe pasatzen zaigu diru hori gure-gurea dugula, ez agintean daudenena, baizik herritar guztiona, eta gainera guk hor paratua, agintarien eskura, ordaintzen ditugun zergen bidez. Inork galdetu du inoiz nondik ateratzen den gobernu batek eskura duen dirua? Bada, diru hori gure poltsikoetatik aterea da (Europatik etorritako laguntzak ere, europarren poltsikoetatik atereak dira!), eta herritarrok horretaz gehiago pentsatuko bagenu, agian gogo handiagorekin exigituko genieke agintariei guk erabakitzea zertan gastatu. Diru piloa gastatzen baitute maiz eliteko artisten lanak erosten, baina hemengo artista gazteek, bitartean, ez dute biderik, haien lana garatzeko. Niregatik, diru gehiago gastatuko nuke artista horien alde, eta haien lanak liburutegietan paratuko nituzke, liburutegietan, eta osasun-etxeetan edo ikastetxeetan ere bai, esate baterako, eta beste edozein gune publikotan. Kultura –artea, literatura, musika...– sendagarri eta hezigarri  izan daiteke, eta herritarren ongizateari loturik egon beharko luke.
 
5− Kaixo! Ez nago ziur, baina pentsatzen dudanez jakinaren gainean egongo zarela Lokarriren ekimenei buruz, jakin nahiko nuke zer iruditzen zaizun herri-kontsulta eta, gehienbat, Nafarroan ere egitea. Besarkada bero bat eta mila esker. 
María Cano (Bera)

Jendearen parte hartze aktiboa, denon aferetan, ongi iruditzen zait, demokraziak, benetakoa izanen bada, ez baitu izan behar aldian aldiko bozketak egiteko aukera hutsa. Herri-kontsulta bat onuragarria izan daiteke, momentu egokian eta modu egokian eginez gero. Nik ez dut gaizki ikusten herri-kontsulta bat, baina zalantza dut orain posible den. Alde batetik, jendearengan neke moduko bat dagoela iruditzen zait halako gaiekin, eta hori ez da gauza ona, demokrazian sakontzeko, eta bestetik irudipen dut benetan boteretsuak diren hainbat sektoreri ez zaiela interesatzen afera konpontzea, eta herri-kontsulta bat egiteko orduan berme batzuk behar dira, esaterako, komunikabideek zintzo jokatu behar dute, jendearen parte hartzea bultzatzeko, eta jendeari informaziorik zabalena emateko, eta ez dut ikusten une honetan halako girorik Euskal Herrian, eta are gutxiago Espainia mailan. Giro murriztailea ikusten dut, gero eta hertsiagoa, gainera. Biolentzia berez da txarra, baina hainbat egoeratan aitzakia gisa hartzen da, demokrazia murrizteko, eta orain halako momentu batean daude. Zentzu horretan, biolentziak ondorio are maltzurragoak ditu. Horregatik uste dut, herri-kontsultaren aukera baztertu gabe, beste bide batzuk jorratu behar direla, jendearen eguneroko arazoekin zerikusia duten aferei heldu behar zaiela. Eta ziur egon: eguneroko arazoak eta arazo politiko nagusiak loturik daude elkarrekin, nahiz eta boterean baino interesik ez dutenei hori agerian uztea interesatzen ez zaien... Beraz, herri-kontsulta baten alde, bai, baina benetan eraginkorra izateko bermeekin egiten ahal bada. Bestela, ez dakit... Baina aitortzen dut, baita ere, nik une honetan zer egin behar den ez dakidala, ez dut asmatzen aurrera ateratzeko gakoa zein izan daitekeen.

Envíanos tu comentario