- 0 Hitzaurrea
- 1 Behatokiaren helburuak
- 2 Laneko irizpideak
Bake eta normalizazio prozesuaren egoera: azterketa
- 0 Hitzaurrea
- 1 Indarkeria, biktimak, giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak
- 2 Bake-prozesua
- 3 Hitzarmen bidezko normalizazio-prozesua
- 4 Herritarren partaidetza eta herri-kontsulta
- 5 Bakea eraikitzeko ekimen sozialak
Gomendioak
Egoera aztertu ondoren, proposamen batzuk egiten ditu Behatoki Sozialak berriro bake-prozesuari ekiteko giroa berreskuratzeko.
Parte hartu
Txosten honi buruzko iritziak eman edo beren iradokizunak behatokira bidali nahi dituzten pertsonek Lokarriren web orrian egin dezakete: www.lokarri.org.
BAKE ETA NORMALIZAZIO BEHATOKI SOZIALAREN AURKEZPENA
0. Hitzaurrea
Lokarrik hala eskatuta, Bake eta Normalizazio Prozesuaren Behatoki Soziala izeneko batzordea eratu du joera askotako zenbait jende ezagunek. Behatokiaren eginkizuna da bake-prozesuaren egoeraz eta bilakaeraz txostena egitea, hiru hilean behin, baita iradokizunak eta gomendioak ematea ere.
1. Behatokiaren helburuak
- 1.1. Bake-prozesuaren azterketa egitea, ikuspegi zabalarekin betiere, zer oztopo eta aukera dituen azaltzeko.
- 1.2. Ikuspegi desberdinetako jendearen artean elkarlanean jarduteko eta hausnarketa egiteko eremu bat sortzea.
- 1.3. Sustatzea herritarren partaidetza bake-prozesuan, baita haren segimendua ere.
- 1.4. Bake-prozesuak aurrera egin eta sendotzeko gomendioak proposatzea.
2. Laneko irizpideak
a) Independentzia. Lokarrirekiko independentea da Behatokia txostenak prestatu eta gomendioak egiteko. Behatokian jarduteko, ez dago zertan bat etorri Lokarriren ideia eta aldarrikapenekin. Lokarriren eginkizuna da Behatokiaren lana sustatu, erraztu eta zabaltzea.
b) Aniztasuna. Plurala da Behatokia, osaerari dagokionez. Gure gizarteko zenbait sektore sozial eta politikoetako gizon-emakumek osatzen dute, guztiak ere indarkeriarik eza eta inor baztertzen ez duen elkarrizketarekin bat datozenak.
c) Zorroztasuna. Bake eta normalizazio prozesuaren egoera zertan den azaltzeko egiten du lan Behatokiak, bost adierazle hauek aintzat harturik:
- Indarkeria, biktimak, giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak
- Bake-prozesua
- Hitzarmen bidezko normalizazio-prozesua
- Herritarren partaidetza eta herri-kontsulta
- Bakea eraikitzeko ekimen sozialak
Ahalik eta zorrotzenak izan behar dute txostenek bake-prozesuaren egoerak dituen oztopo eta aukerak bereizteko eta haien adierazleekiko garapen demokratikoa eta soziala atzemateko. Zorroztasun-irizpide horrek talde plural baten lan independentearen emaitza behar du izan.
d) Jarrera positiboa. Behatokiaren txostenek ez dute izan behar oztopoen errudunak nor diren adierazteko; konponbideak bilatzea du helburu. Arduradunak bereizi behar ditu, ez errudunak.
e) Proposamenak. Garrantzi handia eman behar die Behatokiak honi: azterketekin batera, oztopoak gainditzen eta aukerak aprobetxatzen laguntzen duten proposamen zehatzak aurkezteari. Proposamen horiek izan behar dute Behatokiaren lanaren balio erantsi nagusietako bat.
f) Adostasuna. Ahal dela, adostu egin behar dute Behatokiko kideek behin betiko txostena. Ezin bada, adostu izan ezin diren gaiei buruzko ikuspegi guztiak azaldu behar ditu txostenak.
g) Gizartearen partaidetzari irekia. “Soziala” deitura du Behatokiak; horrenbestez, bideak jarri behar ditu nahi duten herritarrek bere ikuspegiak, ekarpenak edo kritikak egin diezazkieten Behatokiaren txostenei. Bi bide jarriko ditu Behatokiak herritarrek parte hartzeko:
- tarte zabal bat Lokarriren web orrian,
- bake eta normalizazio prozesuaren tokian tokiko behatokiak.
BAKE ETA NORMALIZAZIO PROZESUAREN EGOERA: AZTERKETA
0. Hitzaurrea
Iragan abenduaren 30ean ETAk eginiko atentatuaz geroztik, erakunde eta alderdi politiko gehienek diote gaur egun ez dagoela baldintzarik gatazka konpontzeko elkarrizketari ekiteko, ez ETAren eta gobernuaren artean, ez alderdien artean.
Aitzitik, 2007ko maiatzeko hauteskundeen ondorengo testuingurua prestatzeko faktore batzuek bere horretan diraute: ez da erabateko hausturarik egon, badago harremanik alde askoren artean, zenbait jarrera helduago ageri dira (alderdiak, Ahotsak...), eztabaida dabil ezker abertzalean, eta gobernuaren erabaki batzuetan ere nabari da aldaketarik.
Behatokiaren lehen txosten honen xedea da, batetik, aztertzea bake-prozesuak izan dituen oztopo nagusiak, gerora ere bakearen alde jarduteko ondorioak ateratzeko. Bestetik, bake-prozesuaren egungo egoera aztertzea.
Bake-prozesuak izan dituen oztopoei dagokienez, hauek azpimarratuko genituzke: 1) negoziazio eta elkarrizketa politikoko prozesuaren mende egon dira indarkeria amaiarazteko eta giza eskubide guztiak errespetarazteko aurrerapausoak, eta prozesuak atzera ez egiten laguntzeko zuten garrantzia ez zaie eman, 2) arazo ugari izan dute alderdi politikoek elkarrizketa emankorra eraikitzeko, eta, 3) gizarteak, oro har, ez du parte-hartzerik izan prozesuan, gehiegizko konfiantzagatik edo prozesuak atzera egiteko arriskurik ez zuela uste zuelako.
Bake-prozesuaren egungo egoerari dagokionez, ETAren indarkeria-mehatxua da oztoporik nagusiena. ETAren de facto-ko su-etena ez da aski bake-prozesuari berrekiteko. Alderdi politikoek, berriz, ez daukate plan argi eta adosturik egoera berriari ekiteko eta ETAk berriro indarkeriara ez jotzeko.
Laburpen orokorra
ETAren atentatuaz geroztik, ez dago bake-prozesua garatzeko baldintzarik. Atzera begirako azterketa eginez, prozesuaren oztopoak ikusteko moduan gaude. Bestalde, egungo egoeran (ETAren indarkeria-mehatxuak hor jarraitzen du; gauzak ez dira argi ikusten...), ez dago negoziazio eta adostasun prozesu bati ekiteko behar adina euskarririk, baina bai alde bateko prozesuetarako, alde bakoitzak bere posizioak zehaztu eta hurrengo faseari ekin ahal izateko. Lehentasunak: indarkeria amaitzea eta behin betiko bakea erdiesteko hausnarketak egitea.
1. Indarkeria, biktimak, giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak
-
1.1. 2006ko abenduaren 30ean ETAk Barajasen eginiko atentatuak (su-etenaren haustura aurrez iragarri gabe) 2006ko martxoaren 22an hasitako bake-prozesuaren etetea ekarri zuen, baita bi lagun hil eta kalte material handiak eragin ere. Ezin asmatu zer lortu nahi zuen ETAk atentatu harekin, baina ondorio latzak ekarri dizkio bake-prozesuari.
-
1.2. Atentatua eta gero, bake-prozesuari eutsi egiten diola adierazi du ETAk. Alderdi gehienen iritziz, ordea, adierazpen hori ez da aski bake-prozesuak bizirik irauteko, ez baitu berme aski ematen indarkeria bertan behera uzteko ETAk lukeen borondateaz. Etengabe egin zaizkio deialdiak ETAri behin betiko indarkeria utz dezan.
-
1.3. Ezker abertzaleko buruen adierazpenei dagokienez, izan da nobedaderik aurreko egoerekin alderatuta. Atentatuaren ondorioez eta bake-prozesua errazteko ETAk eman beharreko urratsez eztabaida sakona izan dela ezker abertzalean erakusten dute adierazpen horiek.
-
1.4. Bake-prozesuak ez du aurrerapausorik eman gizon-emakume guztien giza eskubide guztiak bermatzeko. Balizko negoziazio-prozesuaren truke-txanpona izan dira giza eskubideak, gogoan izan gabe noiznahi eta egoera guztietan bermatu behar direla. Orain aipatuko ditugun hauek dira horren adierazle.
-
1.5. Espetxe-politikan ez da aldaketarik egin. ETAk eman litzakeen aurrerapausoen ordain gisara erabili du gobernuak presoak etxera hurbiltzeko aukera, giza eskubideei zor zaien errespetuagatik hurbildu beharrean.
-
1.6. “Behe-intentsitateko” mehatxutzat iraun du kale-borrokak, eta are oztopo gehiago jarri dizkio bake-prozesuari. Bistakoa da, beraz, ezker abertzalearen oinarriaren zati batek ez duela osorik bereganatu Anoetako adierazpenaren mamia (indarkeriazko metodorik ez erabiltzea). Are gehiago: badirudi indarkeria alde batera uzteko eta kultura politiko demokratikoa garatzeko prozesu pedagogikoari ez zaiola inondik ere ekin, edo, ekin bazaio, ez behar adinako kemenarekin.
-
1.7. ETAren atentatuak eta kale-borrokak bizkartzainekin ibiltzera behartu ditu, berriro ere, haien babesik gabe (erabat edo partzialki) ibiltzera ohitzen hasiak zeuden zenbait herritar. Jazarpen-indarkeriaren beldur dira, berriro ere.
-
1.8. Iñaki de Juana kasuak eztabaida handia eragin du. Auzitegi Nazionalak hamabi urteko espetxe-zigorra ezarri ondoren, hiru urtera jaitsi zion Auzitegi Gorenak. Gose-greba utzi egin zuen De Juanak, Espetxe Zaintzako Auzitegi Nagusiak kondena betetzeko era malguagoa erabaki eta gero. PPrekin liskar gogorra eragin du azken erabaki horrek, gobernuak De Juanaren xantaiari amore eman diola baitiote popularrek. Gobernuak dio, aldiz, zuzenbidearekin bat datorrela erabakia, eta gizalegeak ere hala agintzen zuela.
-
1.9. Erabaki judizialek gogotik nahastu dituzte urak, prozesuak bestelako giroa eskatzen zuen arren. Alde batetik, Auzitegi Gorenak areagotu egin du Auzitegi Nazionalak Jarrai-Haika-Segiko auzipetuei ezarritako kondena, talde armatuko kide omen direla eta, nahiz eta indarkeriazko ekintzarik leporatu ez. Horrek, noski, zuzeneko eragina izan dezake 18/98 sumarioan, azkeneko txanpan sartua jada. Aitzitik, ‘Egunkaria’ kasua artxibatzeko eskatu zuen Auzitegi Nazionaleko fiskalak, prozesuarekin jarraitzeko frogarik ez dagoela eta. Kasu horietan guztietan, sistema demokratikoei dagozkien oinarrizko askatasun eta eskubideak (adierazpen-askatasuna, biltzekoa, manifestazioak egitekoa...) ez dira errespetatu. Bestalde, zenbait irregulartasun salatu dituzte Jarrai-Haika-Segi eta 18/98 sumarioetako defendatzaileek. Horrek guztiak eta beste zenbait jokabidek pentsarazten dute ez direla errespetatu auzipetuen eskubideak eta auzibide-bermeak.
-
1.10. Bake-prozesuak iraun duen hilabeteetan, ez da oinarrizko adostasunik finkatu biktimei eman beharreko artapen, aintzatespen eta ordainari buruz. Eztabaida politiko bizia piztu zen, biktimek bake-prozesuan izan behar luketen eginkizuna zela eta. Ez zuen batere lagundu eztabaida hark biktimen artapena, aintzatespena eta , ordaina hobetzen, ezta haien memoria eta haienganako justizia areagotzen ere.
-
1.11. Biktimen elkarte batzuk bake-prozesuaren aurka azaldu dira, batez ere elkarrizketari ekiteko gobernuak hartutako erabakien kontra. Beste elkarte batzuk, aldiz, prozesuaren aldeko azaldu dira.
-
1.12. Garrantzi handia hartu zuten prozesuan beste gai batzuek (barkamena, oinarrizko giza eskubideen urratze guztiz larriak aitortu beharra), bakea eta normalizazio politikoa hurbil egon zitezkeela ikusirik.
Egoeraren laburpena, indarkeriari, biktimei eta giza eskubideei dagokienez
Oinarrizko eskubideak urratzeaz gain, bake-prozesuaren etetea eragin zuen ETAren Madrilgo atentatuak. Bake-prozesuaren garaian, berriz, ez zen aurrerapauso nabarmenik egin giza eskubideak errespetatzeko bidean. Biktimei zor zaien aintzatespenari buruz ere ez zen adostasunik lortu, baina biktimen aldeko jarrerak ugaritu egin dira.
2. Bake-prozesua
-
2.1. Adostasun zabala izan da, bai gizartean bai politikarien artean, irizpide honi buruz: aldez aurretik lorpen politikoak eskuratzearen mende ez da jarri behar su-etena; hau da, berezi egin dira bake-prozesua eta normalizazioarena. Prozesu-bereizketa horren ondorioetako bat, agian, hau genuke: ez dago zertan blokeatu elkarrizketa-prozesuak bake-prozesua amaitu gabe dagoelako. Demokrazia sakontzeko ahalegina egin behar dela erakusten digu, bada, horrek guztiak.
-
2.2. ETAk urratu egin du aipatutako printzipio hori, autodeterminazio eskubidea eta Euskal Herriaren lurralde-batasuna aintzat hartzearen mende jarri baitu su-etena.
-
2.3. Gobernuak, berriz, ez du aldez aurretik egoerak igartzen bake-prozesuan. Ez zirudien plan jakinik zeukanik aurrera egiteko, eta, baldin bazeukan, ez da gauza izan alderdi politikoekin haren gainean ados jartzeko. Egiazki giza eskubideen alde baldin badago gobernua, zenbait urrats emanak behar zituen jada.
-
2.4. Iragan abenduan ETAk eta gobernuak beste bilera ofizial bat izan eta hurrengo topaketen egutegia ere finkatu ondoren, bertan behera utzi zituen bilerak gobernuak, ETAren Barajasko atentatua zela eta, ikusirik zer alde handia zegoen jasotako mezuetatik ekintzetara.
-
2.5. PP, bestalde, erabat azaldu da bake-prozesuaren eta gobernuak emandako pausoen aurka. Su-etena hautsi eta gero, ‘Askatasunen aldeko eta terrorismoaren aurkako Itunaren’ printzipioetara itzultzeko eskatu du. Horretarako, biktimen, iritzi publikoaren eta epaileen sektore batzuk mobilizatu ditu, elkarrizketa-prozesuaren aurka betiere.
Egoeraren laburpena, bake-prozesuari dagokionez
Bertan behera geratu dira gobernuaren eta ETAren arteko harremanak. Gobernuak ez du lortu plan argirik eratzea bake-prozesuari ekiteko, eta oposizioko alderdi nagusiaren laguntzarik ez du izan aukeraz baliatzeko.
3. Hitzarmen bidezko normalizazio-prozesua
-
3.1. Alderdien mahaia martxan jartzeko printzipio, prozedura eta agendarik ez zuten adostu alderdi politikoek; hori da daturik aipagarriena. Urrian, izan zen aukerarik ados jartzeko, baina ez zen ezertan gauzatu. Sinatzekotan zirela, bertan behera utzi zuten, lurraldetasunaren gaia zela eta. Ondorioz, ez aurrera ez atzera geratu ziren elkarrizketak.
-
3.2. Bake-prozesuaren garaian egin ziren alde biko eta askotariko bilerei esker, komunikazio eta elkarrizketa-eremuak berreskuratu zituzten alderdi politikoek. Harremanak normaltzeko lagungarri izan ziren bilera haiek, eta atzera geratu zen politikagintzako erabateko inkomunikazioa.
-
3.3. Barajaseko atentatua eta gero, etenda daude elkarrizketak. Hala eta guztiz ere, badago harreman ez-formalik, egoera leheneratzeko aukerarik badagoen aztertzeko. Alderdi politiko guztiek, Batasunak izan ezik, eskatzen diote ETAri indarkeria uzteko, alderdien arteko mahaia osatzeko saioari berriro ekin ahal izateko.
-
3.4. Bien bitartean, alderdien arteko ekintza-batasuna eratu nahian dabil gobernua, itun antiterrorista berri bat osatzeko asmotan. Elkarrizketari dagokionez, bi jarrera kontrajarri daude: batak dio ETAk ez duela alderdien arteko elkarrizketa oztopatu behar, politikagintzaren giltza ETAren esku uztea litzatekeela hori; besteak dio, aldiz, ETAren atentatua eta gero ez dagoela baldintza egokirik elkarrizketa-prozesuari behar besteko bermez ekiteko.
-
3.5. Iragan otsailaren 7an, EAE eta Nafarroa hartuko lituzkeen autonomia politikoa eratzeko proposamena aurkeztu zuen Batasunak. Estatu espainiarraren barruan eratuko litzateke autonomia hori, betiere esparru berria bi autonomia-erkidego horietako herritarrek onartuz gero. Baliagarria eta errealista da proposamen berria, epe ertainera bederen, Nafarroako gizartean aldaketak eskatzen dituena. Gainerako alderdiek, berriz, kritikatu egin dute, proposamenarekin batera ez baitzaio indarkeria uzteko eskatu ETAri (erabateko lehentasuna du horrek, alderdi gehienen iritziz), ezta Batasuna bide politiko eta baketsuak bakarrik erabiltzearen alde azaldu ere.
-
3.6. Botere judizialaren sektore batek protagonismo handia bereganatu du, Ibarretxe lehendakariaren eta PSE-EEko zenbait buruzagi auzipetzeko eskariak onartu egin baitituzte, Batasunarekin bilerak izan zituztela eta. Epaile horien jokabideak zalantzak sortu dizkie herritar gehienei botereen banaketaz, eta, askoren iritziz, botere judiziala gai politikoetan esku hartzen ari dela adierazten du.
-
3.7. Legez kanpo jarraitzen du Batasunak; beraz, ezin du beste alderdien parean jardun politikagintzan, eta ezin du jarduera instituzionalean parterik hartu. Udazkenean baino zailagoa da gaur egun Batasuna legeztatzea, eta oso litekeena da ezker abertzaleak maiatzeko hauteskundeetan parte hartzeko aukerarik ez izatea. PPk, berriz, berriro eskatu du EHAK legez kanpo jartzeko; gobernuak dio, aldiz, eskubidea duela hauteskundeetara aurkezteko, legezko baldintzak betez gero.
Egoeraren laburpena, normalizazioa hitzarmen bidez lortzeko prozesuari dagokionez
Akordioa lortzeko zorian egon ziren arren, prozedura horren aldeko alderdiak ez ziren ados jarri elkarrizketa-mahaia osatzeko. Atentatua eta gero, bertan behera geratu dira aldeen arteko harremanak. Gerora gauzak bideratzeko, ordea, hasiak dira bide batzuk jorratzen.
4. Herritarren partaidetza eta herri-kontsulta
-
4.1. Herritarrek apenas hartu dute parte bake-prozesuan. Alderdi politikoen arteko harremanek eskatzen zuten diskrezioa zela eta, herritarrek ez dute informaziorik jaso prozesuaren martxaz, komunikabideek ziotenaz aparte. Gizarteak ez du izan parte hartzeko bide argirik, eta antolatutako gizarte zibila prozesutik bazterrera geratu da, urte luzez bakearen aldeko ekinean aitzindari izan eta gero. Egia da, bestalde, jarrera pasiboa izan dutela herritar gehienek prozesuan. Hori dela eta, ezin izan da prozesuak atzera ez egiteko sare sozialik eratu.
-
4.2. Alde batzuen eta besteen filtrazio gehitxo argitaratu dute komunikabidek prozesuaren nondik norakoaz, eta nora ezean utzi du gizartea jokabide horrek. Prozesua ez da diskretua izan, baina informazio argirik ere ez da zabaldu. Komunikabideek, berriz, prozesuaren zailtasunak azpimarratu dituzte batik bat, lehendik konplexua zen egoera are zailagoa bihurtuz.
-
4.3. Eusko Jaurlaritzak ekimen bat abiarazi du bake-prozesuan herritarren partaidetza sustatzeko. Herrietako elkarrizketa-foroak ditu ardatz ekimenak; desafio nagusia, berriz, parte-hartzaileen aniztasuna bermatzea, joera politiko guztiak isla daitezen herritarren arteko topagune horietan. Horrekin batera, ordezkaritza politiko eta sozial zabalak babesten duen eduki bateratu bat adostea da beste helburuetako bat. Erreakzio positibo eta negatiboak izan ditu proposamenak, herritar bakoitzarengan duten sinesgarritasunaren araberakoak.
Egoeraren laburpena, herritarren partaidetzari eta herritar-kontsultari dagokienez
Gizartea ez da protagonista izan bake-prozesu honetan, eta ez du parte hartzeko biderik izan, edo ez ditu erabili nahi izan. Ofizialki, diskrezioz jardun dira alderdi politikoak, baina etengabekoak izan dira komunikabideetarako filtrazioak.
5. Bakea eraikitzeko ekimen sozialak
-
5.1. Bake-prozesua abiatu ondoren, berradiskidetze-prozesuari buruzko eztabaida sortu da, gogotsu gainera. Badabil halako termino-nahasketa bat norberaren berradiskidetzearen (biktimei eta biktima-eragileei dagokiena) eta gizartearen berradiskidetzearen (etorkizunean iraganeko indarkeria eta gatazkarik izan ez dadin oinarriak jartzea) artean.
-
5.2. Helburu politikoekin indarkeria erabiltzea ez dela zilegi ahalik eta gehiena hedatzeko kanpaina baten falta nabaritu da (aldez aurretik eta prozesu-garaian), batez ere intolerantzia-giroan hezitako taldeetan, horiek baitute kanpainaren premia handiena.
-
5.3. Euskal gizartearen gehiengo oso zabalak berretsi du indarkeria bertan behera uztea eta giza eskubideak errespetatzea nahi duela, baina bide luzea egin behar da oraindik ere indarkeriaren kulturari zilegitasuna kentzeko bakearen eta giza duintasunaren aldeko kultura hedatzeko. Gizartearen gehiengoaren ikuspegi horri kontrajarri zaio ETAren indarkeriarako itzulera.
-
5.4. Ahotsak, berriz, ekimen sozial aipagarria dugu. Joera desberdinetako emakumeak helburu berberaren alde lanean ikusteak desberdinen arteko bizikidetza eta adostasuna posible direla erakutsi diote euskal gizartearen zati bati, eta itxaropen-erreferentzia bihurtu dira gizarte osoarentzat. ETAren atentatua eta gero, hausnarketa-prozesu bati ekin dio plataformak, eta bertan behera geratu da haren jarduera publikoa, atentatua gaitzesteko ezin izan baitira ados jarri. Berrikitan, dena den, badirudi berriz re zerbaitetan hasia dela Ahotsak plataforma.
-
5.5. Azkenik, ETAren atentatuari buruzko balorazio desberdinak direla eta, ezin izan dute bat egin bakearen eta giza eskubideen alde diharduten plataforma eta erakundeek. Gizarte-mugimenduen jarrerak bi norabidetakoak izan dira: demokraten batasunaren aldekoak (Gesto por la Paz) batzuk, elkarrizketa eta indarkeriarik eza elkarrekin uztartzearen aldekoak, besteak (Lokarri, Elkarbide).
-
5.6. Hezkuntza-sistemari dagokionez, gizatasunaren balio unibertsalak jorratu eta irakasteko asmoak ditu Hezkuntza Sailak (Euskal Kurrikulumaren bidez), eta irakasleei horri buruzko unitate didaktikoak emateko proiekturik ere bada.
Egoeraren laburpena, bakea eraikitzeko gizarte-ekimenei dagokienez
Eztabaida interesgarria sortu da gizartea berradiskidetzeko prozesua edukiz hornitzeko. Horrekin batera, gizarte-ekimen pluralak agertu dira, bake-prozesua bultzatzeko asmoz betiere. Su-etena hautsi eta gero, nahiko makalduta daude ekimen biak.
Egoera aztertu ondoren, proposamen hauek egiten ditu Behatoki Sozialak berriro bake-prozesuari ekiteko giroa berreskuratzeko:
- Lehentasuna du bake-prozesuak, beste irizpide ororen gainetik.
- Argi eta garbi adierazi behar du ETAk prest dagoela indarkeria alde batera utzi eta bake-prozesuari berrekiteko oinarriak eraikitzeko.
- Giza eskubide guztiak bermatu behar dira, beti eta edozein delarik egoera, bake-prozesurik egon edo ez.
- Hurrengo hauteskundeetan, zerrendak aurkezteko eragozpenik ez du izan behar ezker abertzaleak.
- Segurtasun-bermeak eskatu behar dira, alderdi guztietako militante eta hautagaiak libre eta seguru jardun daitezen.
- Lanean eta elkarlanean jarraitu behar dute alderdi politikoek, beste bake- eta normalizazio-prozesu bati ekiteko aukerari ateak zabalik utziz.
- Komeni da korronte politiko guztiek -ezker abertzaleak, bereziki- aldez aurretik irudikatzea bake eta normalizazioaren testuinguru berria. Herritarren erabakiak aintzat hartuz eta bide baketsuak eta politikoak bakarrik erabiliz eraiki behar da testuinguru berri hori.
- Gainerako estatu-botereen antzera, judizialak ere lagundu behar du bake-prozesua eraikitzen. Horretarako, Zuzenbide Penalaren, Espetxe Zuzenbidearen eta giza eskubideen printzipioak zorrotz bete behar ditu, salbuespenik gabe.
- Gizarteak mobilizatu eta parte hartu behar du prozesuan, egoera iraganeko girora itzul ez dadin.
- Gogokoen duten proiektu politikoaren alde egin dezakete biktimek, baina inongo alderdik ez du bereganatu behar haien sufrimendua eta memoria. Plurala da biktimen kolektiboa, eta gizarteak arduratu behar du haien oinazea aintzat hartzeaz eta haien memoria duintasunez gordetzeaz. Ondorio politikoak ere badakartza horrek, baina ez dira erabili behar alderdien arteko liskarretarako.
NOLA PARTE HARTU BEHATOKIAN
Txosten honi buruzko iritziak eman edo beren iradokizunak behatokira bidali nahi dituzten pertsonek ondoren dagoen galdekizunean egin dezakete.
Lokarrik jasotako ekarpen eta iritzi guztiak bildu eta behatokiko txostenen egileei bidaliko dizkie.
Informe honen egileak: Igor Ahedo, Pedro Luis Arias, Garbiñe Biurrun, Alfonso Dubois, Andres Krakenberger, Paul Rios eta Ramon Zallo