Lokarri

Zer da

Lokarrik hala eskatuta, Bake eta Normalizazio Prozesuaren Behatoki Soziala izeneko batzordea eratu du joera askotako zenbait jende ezagunek. Behatokiaren eginkizuna da bake-prozesuaren egoeraz eta bilakaeraz txostena egitea, hiru hilean behin, baita iradokizunak eta gomendioak ematea ere.

1. Behatokiaren helburuak

  • 1.1. Bake-prozesuaren azterketa egitea, ikuspegi zabalarekin betiere, zer oztopo eta aukera dituen azaltzeko.
  • 1.2. Ikuspegi desberdinetako jendearen artean elkarlanean jarduteko eta hausnarketa egiteko eremu bat sortzea.
  • 1.3. Sustatzea herritarren partaidetza bake-prozesuan, baita haren segimendua ere.
  • 1.4. Bake-prozesuak aurrera egin eta sendotzeko gomendioak proposatzea.

2. Laneko irizpideak

a) Independentzia. Lokarrirekiko independentea da Behatokia txostenak prestatu eta gomendioak egiteko. Behatokian jarduteko, ez dago zertan bat etorri Lokarriren ideia eta aldarrikapenekin. Lokarriren eginkizuna da Behatokiaren lana sustatu, erraztu eta zabaltzea.

b) Aniztasuna. Plurala da Behatokia, osaerari dagokionez. Gure gizarteko zenbait sektore sozial eta politikoetako gizon-emakumek osatzen dute, guztiak ere indarkeriarik eza eta inor baztertzen ez duen elkarrizketarekin bat datozenak.

c) Zorroztasuna. Bake eta normalizazio prozesuaren egoera zertan den azaltzeko egiten du lan Behatokiak, bost adierazle hauek aintzat harturik:

  1. Indarkeria, biktimak, giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak
  2. Bake-prozesua
  3. Hitzarmen bidezko normalizazio-prozesua
  4. Herritarren partaidetza eta herri-kontsulta
  5. Bakea eraikitzeko ekimen sozialak

Ahalik eta zorrotzenak izan behar dute txostenek bake-prozesuaren egoerak dituen oztopo eta aukerak bereizteko eta haien adierazleekiko garapen demokratikoa eta soziala atzemateko. Zorroztasun-irizpide horrek talde plural baten lan independentearen emaitza behar du izan.

d) Jarrera positiboa. Behatokiaren txostenek ez dute izan behar oztopoen errudunak nor diren adierazteko; konponbideak bilatzea du helburu. Arduradunak bereizi behar ditu, ez errudunak.

e) Proposamenak. Garrantzi handia eman behar die Behatokiak honi: azterketekin batera, oztopoak gainditzen eta aukerak aprobetxatzen laguntzen duten proposamen zehatzak aurkezteari. Proposamen horiek izan behar dute Behatokiaren lanaren balio erantsi nagusietako bat.

f) Adostasuna. Ahal dela, adostu egin behar dute Behatokiko kideek behin betiko txostena. Ezin bada, adostu izan ezin diren gaiei buruzko ikuspegi guztiak azaldu behar ditu txostenak.

g) Gizartearen partaidetzari irekia. "Soziala" deitura du Behatokiak; horrenbestez, bideak jarri behar ditu nahi duten herritarrek bere ikuspegiak, ekarpenak edo kritikak egin diezazkieten Behatokiaren txostenei. Bi bide jarriko ditu Behatokiak herritarrek parte hartzeko:

  1. tarte zabal bat Lokarriren web orrian,
  2. bake eta normalizazio prozesuaren tokian tokiko behatokiak.