Iragan martxoaren 29an, Brian Currinek
Bruselako Adierazpena aurkeztu zuen. 20 Nobel saridun eta
naziorteko eragilek sinaturiko agiri horrek Ezker Abertzaleak emandako pausoak goraipatzen ditu eta su-eten iraunkor eta egiaztagarria iragartzeko deia egiten dio ETAri, Gobernuaren erantzun egokia lortuta bidezko eta behin betiko bakerako aukera zabal dadin. Bruselako Adierazpenak zedarri oso garrantitsua finkatu du bakerako baldintzak jartzeko bidean. Konponbide bat bilatzeko ahaleginei ematen zaion lehendabiziko naziorteko sostengua da. Gure gizartean bakearen aldeko lanarekin konprometitu ziren agiria izenpetutako nazioarteko eragileak.
Aste Saindua bukatuta, Bruselako Adierazpena ezagutzera eman eta atxikimenduak biltzeko
kanpaina jarri zuen abian Lokarrik. Tokiko sostengua gehitzea zen gure helburua, euskal gizartea berarena, Adierazpenean agerturiko naziorteko sostenguari. Aldi berean, gizarteari ideia hau helarazi nahi izan diogu ekimen honen bidez: zerbait aldatzen ari da eta bakerako aukera berri bat zabaltzen ari da.
Bruselako Adierazpena 10.000 pertsonak sostengatu dutela eman nahi dugu jakitera gaur. Adierazpenaren edukia ezagutzera eman duten pertsona askoren lana dago atzean.
Kale-irteeretan,
mahai-inguruetan, sare sozialetan nola interneten aritu dira lanean. Borondate batuketa erakusten dute horiek guztiek: bake eta ilusiorako gogoa eta elkarrizketa bidezko konponbidea posible ikusten duen herritarren itxaropena batu egiten dira.
Ez da eginkizun erraza izan 10.000 atxikimendu horiek lortzea. Azken bake prozesuaren porrotak deskonfiantza arrastoa utzi du gizartean. Orain, askoz zailago zaigu ilusionatzea. Seguruenik, itxaropen errealistari eusten diogu: aukera historikoa zabaltzen ari da, baina gertaera zehatzak behar ditugu sinistu ahal izateko. Kultura, unibertsitate, kirola eta hainbat herritar mugimendutako
50 izen esanguratsu gehitu zaizkio 10.000 pertsona horiei Bruselako Adierazpenaren deiarekin bat eginez.
Iritsi da zabaldutako aukera finkatzeko ordua
ETA ezin da egon denbora gehiago isilik. Zalantzarik gabe, hobe da modu horretan jarraitzea atentatu gehiago egitea baino, baina zalantza ugari dago ETAren jarreraren gainean. Hainbat dei egin zaizkio Bruselako Adierazpenari erantzuteko. Aurrena, Adierazpena izenpetu zuten 20 Nobel saridun eta
nazioarteko eragileek egin zioten. Bigarrenik, Iruñeko Adierazpena deitutakoaren bidez, modu eraikitzailean erantzutera deitu zuten Ezker Abertzaleko oinarriek. Orain, gauza bera egin dute Lokarrik bultzaturiko kanpainan Bruselako Adierazpenari atxikimendua eman dioten 10.000 lagunek.
"Larritasunak, antsietateak ezin gaitu bereganatu" mezua entzun dugu azken egun hauetako hausnarketa ezberdinetan. Egia da segurean, arriskatu gabe, egin behar dela aurrera. Bereizketa bat eragin dezakeen erabaki azkarregi bat ez da aukerarik hoberena. Baina, ETAk su-eten iraunkor eta egiaztagarria iragartzeko egin diren deiei eman beharreko erantzunak ezin dira denboran gehiegi atzeratu.
Poliki-poliki ezberdinen arteko konfidantza guneak ari dira berreskuratzen. Halaber, Gobernuaren aldetik ere bai, errekonozitzen ari dira soilik baliabide politiko eta demokratikoetan oinarrituriko estrategia bat garatzeko Ezker Abertzalearen ahaleginak. Aukera giltzarri bat dago orain blokeoa gainditu eta konponbidea ekarriko duen eta atzerabueltarik izango ez duen prozesu baterantz aurrera egiteko. Erantzuna gehiegi atzeratzen bada, aukera hau galtzeko arriskua dugu eta ustel daiteke.
Sinistuta gaude ETAk erantzun bat emango duela. Beste batzuetan euskal gizartearen deiei kasurik egin ez badie ere, uste dugu oraingoan ezin izango duela gauza bera egin Ezker Abertzalearen oinarriak izan baitira Bruselako Adierazpenari erantzun eraikitzailea ematea eskatu dutenak. Su-etena errealitate bat bilakatzea da gure itxaropena. Halaber, su-etenari erantzun egokia emateko beharraz Gobernuari sinestarazteko ahaleginean jardun nahiko genuke udatik bueltan, lan horretara bideratu nahiko genituzke gure ahaleginak. Hori da gure itxarpena. Erronka horri eusten bazaio, konponbide baterako baldintzak finkatzen ari den seinalerik adierazgarriena izango da.
Alde horretatik, Alde horretatik, uste dugu Jesus Eguigurenen
hausnarketak oso egokiak direla. Ezker Abertzalearen estrategia berria sustatuz jardun behar du Gobernuak. Oztopoak jartzen dituen eta pasiboa den jarrera batek ez du laguntzen baliabide politiko eta demokratikoen aldeko apustua atzeraezina izaten. Horregatik, aukera-une honetan laguntzera animatu nahi dugu Gobernua. Ez diogu eskatzen ETArekin negoziazioak zabaltzea gai politikoei buruz. Sinesmen demokratiko batetik ikusita, negoziazio mota horren kontra dago Lokarri: euskal gizartearen erabakiak alderdi politikoei eta herritarrei, osotasunean, dagozkie. Aldiz, Gobernuak bere laguntza eman dezake, aske utziz espetxeraturik dauden Ezker Abertzaleko buruzagiak edo amaiera jarriz egoera bidegabeei, hala nola presoen sakabanaketari, eta Ezker Abertzalea legeztatuz. Baina ororen gainetik, indarkeriaren amaiera elkarrizketatu baten alde egitea eskatzen diogu Gobernuari, presoen egoera eta desarmatze gaiei aurre eginez, bake iraunkorragoa eta egonkorragoa bermatzen duelako garaipen eta porrot klabeetan jazotzen diren amaierek baino.
Horregatik, euskal gizarteari dei bat eginez bukatu nahi dugu. Ezin dugu bermatu aukera hau behin betikoa izango dela. Oraindik badira oztopo ugari bakerako eta elkarbizitzarako bidean. Baina bada guztion artean lor dezakegun zerbait: inori burutik ez pasatzea atzera egin behar duela.