Lokarri

Ilusioa eta itxaropena egungo unearen aurrean

2011-12-01

Bake prozesuaren Behatoki Sozialaren 2011ko udazkeneko txosten berria

Hamabigarren txostena kaleratu du Bake prozesuaren Behatoki Sozialak, zeinetan 1.170 pertsonak bake prozesuaz duten pertzepzioa aztertzen den. Besteak beste, Aieteko Nazioarteko Konferentziaz eta jarduera armatua amaitutzat jotzen duen ETAren azken adierazpenaz galdetzen zuen galdetegiari erantzun diote pertsona horiek. Bake-prozesu itzulezina abian jartze aldera bi urte luzetan bai gizarteak eta baita sektore politiko ezberdinek ere behar bezalako baldintzak sortzeko ahaleginean jardun ondoren, azkenean udazken honetan hasi dira ikusten halako ahalegin eta konpromiso handiaren fruituak. Eta hori guztia txosten honetan bildutako erantzunetan eta azterketan islatu da.

 

Gainera, aurreko txostenean bezalaxe, bakean eta bizikidetzan zer esana duten lau lagunen gogoetak ere bildu dira: Pierre Hazan, Carlos Martín Beristain, Gabriel Otalora eta Mirentxu Purroy-renak. Gizartea adiskidetzeko ibilbideari heltzeko gakoei buruzko eztabaidaren inguruan argitasuna ematen lagundu dute horiek guztiek beren hausnarketen bidez.

 

Bakeranzko prozesuaren egoeraren azterketa

 

Galdetegia erantzun duten pertsonen iritzian, 7.76 da bakeranzko prozesuaren egoerari ematen zaion batez besteko nota 2011ko udazkenean. Horri gaineratu behar zaio hamar lagunetik bederatzik ontzat jo dutela bake-prozesuaren egoera eta duela urtebete baino hobe gaudela pentsatzen dutela. Uda ondoren gauza geldia zegoen sentsazioa izan eta gero -aurreko txostenean islatuta geratu zen-, ekintza armatuaren amaieraren ETAren iragarpenak suspertu egin dirtu galdetegiari erantzun dioten pertsonen itxaropena eta poza. Jendeak pentsatzen du aldebakarreko adierazpen hori behin betikoa dela, eta badituela hiru berme: aurrena, nazioarteak indarkeriarik gabeko agertokiari eman dion babesa, Aieteko Nazioarteko Konferentzian agerian gelditu zen bezala; bigarrenik, euskal gizarteak indarkeria erabiltzeari agertu dion arbuioa, eta azkenik, legez kanpoko ezker abertzaleak bakebide hutsezkoen alde egindako apustu tinkoa.

 

Eta zuhurrago daudenek ere aitortu dute amaieraren hasieran gaudela, inoiz bizi izan ez dugun unean, eta bake-prozesuak, zaila izan arren, ez duela itzulbiderik. Epe laburrean eman beharreko pausoen artean, ETAren eta Gobernuaren arteko elkarrizketa aipatzen da, presoekin lotutako arazoak konpontzeko, eta baita elkarrizketa politikoa ere elkarbizitzaren, eragindako zaurien eta biktimen inguruko akordioak sustatzeko.

 

Lokarriren gomendioak bake prozesu bat bultzatzeko

 

1. Bake prozesu itzulezin baterako baldintzak

Bake prozesu itzulezin baterako baldintzak gerta daitezen bi betekizun finkatu zituen jada Lokarrik: ETAren indarkeriaren behin-betiko amaiera eta Sorturen legeztatzea. Lehenengoa dagoeneko gertatu da, eta hala, Lokarrik azaroaren 20ko hauteskunde orokorretatik ateratako Espainiako Gobernu berriari gomendatu nahi dio positiboki lagun dezan Sorturen legeztatzea ez trabatuz, eta Auzitegi Konstituzionalari legeztatzearen aldeko ebazpena ahalik eta lasterren egin dezan gomendatu nahi dio.

 

2. Bake prozesuaren garapena

Bake prozesua garatzeko eta euskal gizarteak bizi duen egungo unean, indarkeriarik gabeko egoerak nabarmendurik, erronka berriak azaleratzen dira, Espainiako, Frantziako edo Euskal Gobernuei zein alderdi politikoei eragiten diotenak. Hitz egitea behar duten bizikidetzaren inguruko gai horiei guztiei buruzko elkarrizketa lantzeko oinarriak jartzeko unea da orain. Horretarako Lokarrik Euskal Gobernuari proposatzen dio elkarrizketa eta akordio prozesu baten lidergoa har dezala, zeinak indar politiko guztiak eta herritarren partaidetza aktiboa barne hartuko dituen.

 

Gainera, Lokarrik gomendatzen die gobernuei zein alderdi politikoei aintzat har ditzatela Aieteko Nazioarteko Konferentziaren gomendioak. Adierazpen eraikitzailea eta desblokeatzaile honek alberdi politiko guztiek egiteko moduko bidea deskribatzen du. Aintzat hartuz gero, bake prozesuan aurrera egiteko lagundu dezake.

 

3. Berradiskidetzea eta bizikidetza

Lopez lehendakariak bere plangintza zehaztu behar du eta instituzioetatik ahaleginak biltzen saiatu akordioetara iristeko nahi dugun bizkidetza eta hau lortzeko pausuen inguruan. Gainera, herritarrei berradiskidetzea eta bizikidetza tokian-tokiko mailan lantzeko bideak eskaini behar dizkie.

 

Nor bere ahotik

 

Txosten honetan bildutako lau hausnarketak ekarpen garrantzitsua dira gizartearen berradiskidetzearen inguruan dagoen eztabaidarako. Gizartearen berradiskidetze prozesu bat ibiltzeko egutegi bat prestatzeko orduan adostu beharko diren gaietako batzuk nabarmendu nahi ditu Lokarrik hausnarketa horien irakurketaren bidez. Horrela, hauek izango dira gai horietako batzuk: Berradiskidetze prozesu baten bidez lortu nahi den horizontearen definizioa; Begirada iraganari, memoriari eta egiari; sufrimenduaren aintzatespena; Nazioarteko komunitatearen, instituzioen eta eragile politikoen, eta gizartearen eta biktimen betekizuna; justizia penala eta justizia konpontzailea; Egiaren eta berradiskidetzearen batzorde baten eraketa; hartu beharreko neurriak pertsona presoei dagokienez; prozesuaren, denboren, sinergien eta erritmoen kontzeptua; berradiskidetze prozesu bat abian jarri aurretiko baldintzak behar diren edo ez; barkamena; pedagogiaren eta lengoaiaren garrantzia eta harremana giza eskubideekin, demokrazia.

 

Ezagutzera eman

 

 

Zure iritzia bidali