Lokarri

Adostasunak lantzea, bizikidetza eraikitzeko bidea

2012-01-04

 
Lokarri hausnarketa prozesuan murgilduta dago bere lanaren lehentasunak definitzeko
 
 
 
  Otsailaren 11n Lokarrik Ezohiko Batzar Orokorra egingo du.
 
  Jarraian irakurriko duzuna Asanbladaren txostenaren laburpen bat da. Txosten osoa hemen deskargatu dezakezu.
Ekarpenen bat egin nahi baduzu idatzi e-mail bat honako helbidera: nafarroa@lokarri.org
 
 
 
ETAren indarkeriaren amaieraren adierazpenetik instituzio, alderdi politiko eta eragile sozialei eskatu diegu hausnarketarako ahalegin bat egin dezaten beren bakerako estrategiak egoera berrira egokitzeko. Lokarrik hausnarketa hori bera egin nahi izan du eta horregatik dihardugu egoera aztertzen eta bake prozesua finkatu eta sakontzeko helburuan gure ekarpena zein izan behar den erabakitzen.  

 

Bakea finkatzeko eta bizikidetza hobetzeko prozesuan hiru prozesu ezberdin daude elkarrekin, eta bakoitzak bere ezaugarriak, subjektuak eta garapen-eredua ditu.

 

Hiru prozesu

 

-       Indarkeriaren behin betiko amaiera ziurtatzeko prozesua, ETA eta Gobernuari dagokiena. Harreman-bide bat irekitzen ez duten bitartean, Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen lana oso garrantzitsua da indarkeriagatik mehatxatuta egon diren sektoreei ziurtatzeko itzulezintasuna bermatuta dagoela.

-       Elkarrizketa politikoaren prozesua bizikidetza-esparru bat definitzeko, euskal gizartean dauden desberdintasunei era baketsu eta demokratikoan ekitea ahalbidetuko duena. Prozesu honen subjektu nagusia alderdi politikoak dira, betiere herritarren partaidetza aintzat hartzen.

-       Berradiskidetze sozialaren prozesua. Honen helburua hainbeste urtetako indarkeriaren ondorioz sortutako zauriak konpontzea eta iraganean gertatutakoa berriz ez errepikatzeko oinarriak jartzea da. Gizartea, instituzioak eta eragile sozialak protagonista dituen prozesua izan behar da.

 

Bake prozesuaren aukerak eta arriskuak 

 

Bake prozesuan aurrera egiteko aukera nagusia ETAk adierazitako indarkeriaren amaiera da, su-etenaren Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak ere berretsi duena. Gertakari honek gure historian aparteko aukera erakusten duela errepikatu nahi dugu. Badaude bere garrantzia lausotzen tematzen diren ahotsak, ezer aldatu ez den ustean oinarritutako iritziaren giroa sortu nahian. Egoera aldatu egin da eta objektiboki baldintzak dauzkagu prozesua itzulezina dela baieztatzeko.

 

Bestalde, aukera erakusten dute baita ere bake prozesua finkatzeko eman beharreko pausoen inguruan pixkanaka sortzen ari diren adostasunek. Eusko Jaurlaritzatik hasi eta alderdi politikoen gehiengo handietara arte, espetxe-politikan aldaketa eskatzen da eta Giza Eskubideen urraketen biktima guztien aitorpen eta ordaintzan aurrerapausoak eman dira.

 

Alderdi politikoen arteko harremanetan normaltasun handiagoa egotea ere, orain arte harremanik mantendu ez duten alderdiak barne, positiboa da. Hala ere, alderdi politiko guztiak barne hartuko dituen elkarrizketarako gune baten gabeziak, adostasunak era sistematiko eta ordenatuan eratzea ahalbidetuko duena, bake prozesuarekiko aurrerapausoak oztopatzen ditu.

 

Aldiz, bake prozesuaren arrisku nagusia Gobernuak mugimendu esanguratsurik ez egitearen aukeran datza. Kasu honetan, bake prozesuaren blokeo irudikapen bat sor dezake. Ulertzen dugu denbora behar izatea bere estrategia definitzeko, baina ezin da aitzakia izan geldirik eta ezer egin gabe egoteko.  

 

Blokeoaren arriskuaren aurrean, adostasunak 


Egoera honetan lehentasuna dauka bake prozesuaren blokeoaren irudia gizartean sartzea ekiditeak. Alderdi Popularraren Gobernuak bere eskuan du ekarpen erabakigarriak egitea ETArekin harremanak irekiz desarmea eta presoen egoera kudeatzeko eta egun legez kanpo dagoen Ezker Abertzalearen legeztatzea erraztuz. Zentzu honetan aurrera egiten ez duen bitartean, ezin gara zain egon. Bake prozesuaren sendotzean aurrera egiteko bide bat aurkitu behar da.

Instituzioak, alderdi politikoak, eragile sozialak eta herritarrak bere osotasunean gai baldin bagara ibilbide-orri bat adosteko, bakea finkatzeko bultzada erabakigarria ematen egongo gara. Instituzio eta alderdi politikoak izan behar dira buru akordioetara iristeko lanean. Iragan da jada aldebiko bileren unea. Beharrezkoa da hurrengo etapara igarotzea eta elkarrizketarako foro egonkorrak abian jartzea, non era konpartituan eta sektore politiko guztien partaidetzarekin, indarkeriaren amaieraren ziurtapena, elkarrizketa politikoa eta berradiskidetze sozialaren prozesuak landuko diren.

 

Hain zuzen ere, blokeoaren arriskua ekiditea ahalbidetuko duten eta adostasun sozialak sortuko dituen foro egonkorrak finkatzen ahaleginduko da Lokarri. Hurrengo hilabeteetan Lokarrik proposamen eta ekimen sozialak aurkeztuko ditu elkarrizketa foro egonkorrak sortzeko, bakea sendotzeak dakartzan erronka ezberdinak lantzea helburu.

 

Instituzioak, alderdi politikoak eta gizartea bere osotasunean dira protagonistak bizikidetza eratzeko prozesuan. Bake egonkor eta iraunkorraren helburua lortzeko ibili beharreko bidea eta abian jarri behar diren neurriak definituko dituen adostasun zabaletara iristeko aukeraz baliatzeko ardura dugu orain.

 

 
Txosten honen aurkezpen-laburpen bat ikus dezakezu hemen.

 


Ezagutzera eman

 

 

Iritziak

Martin Jauregi | Oso egokia da. | 04.01.2012 18:22

Zure iritzia bidali