Paul Rios Lokarriren Koordinatzailearen adierazpenak elkarretaratzea bukatzean
Kezka handiz ikusten ari gara Zapatero Presidenteak egindako norabide aldaketa. Duela bi urte elkarrizketaren eta akordioaren alde egin zuen apustu, ausarta izan zen eta saiatu zen ETAk iragarritako su-etenak ekarritako aukeraz baliatzen. Orain, aldiz, ETAren biolentziari erantzuteko orduan ilegalizazioak agintzeko eta oinarrizko askatasun demokratikoak urratzeko tentaldian erori da Zuzenbideko Estatu demokratiko batean. Horren adibide ditugu ANV eta EHAK alderdien jardunak kautelaz etenarazi izana, Batasunaren Mahai Nazionalaren atxilotzea edo balizko tortura eta tratu txarrak azken atxiloketetan.
2006ko ekaineko adierazpen ofizialean, Zapatero Presidenteak baieztatu zuen Gobernuak errespetatuko zituela euskal herritarrek askatasunean harturiko erabakiak. Elkarrizketa, akordioa eta kontsulta printzipioak laburbiltzen ditu esaldi horrek. Aldiz, ematen du orain errezeta horrek ez duela balio. ETAren idarkeriak negoziazioa eragozten duela argudiatuz, Zapatero Presidenteak berriz ere bide-motzak erabiltzeari ekin dio biolentziari amaiera emateko, bere aurreko kargudun batzuek egin zuten bezala. Baldin eta onartzen badugu ETAren biolentziak indarrean jarraitzen duen bitartean ezin dela elkarrizketarik gauzatu, gizarte oso batek bere bizikidetza hobetzeko eskubidea hertsatzeko ahalmena duela ari gatzaio esaten ETAri. Nahikoa eskubide urratzen ditu ETAk euskal gizarteak elkarrizketarako eta akordioak lortzeko izan dezakeen aukera eragozteko ahalmena haren eskuetan uzteko.
Zapatero Presidentea, bakearen eta bizikidetzaren aldeko jardunean parte hartzen ari garen herritarrak elkartu gara gaur hemen. Mezu eta eskaera argia helarazi nahi dizugu: jar ezazu abian elkarrizketa prozesu bat, zeinak Euskadiko gizartearen bizikidetza hobetzeko akordio politikoa ahalbidetuko duen eta erraztu egingo duen herri-kontsulta bat deitzea euskal herritarrek aukera izan dezaten beren nahia adierazteko, bakean eta demokratikoki.
Gobernuko bere erantzukizunetan jarduteko orduan elkarrizketarako joera duela adierazten du behin eta berriz Zapatero Presidenteak. Bada, eskatu egiten diogu elkarrizketa erabil dezala baita ere euskal gizarteak pairatzen dituen arazoen konponbidea desblokeatzen saiatzeko. Abia dezala akordioa lortzea helburu izango duen eta euskal gizarteari azken hitza emango dion benetako elkarrizketa zintzoa.
Ez gara demokraziaren aurkako ezer eskatzen ari. Soilik euskal gizarteari bere arazo propioak konpontzeko ahalmena eskaintzea eskatzen ari gara. Gogaituta gauzkate biolentziak, gatazkek, blokeoek, denborak aurrera egin eta ezer ez konpontzeak. Euskal herritarrok protagonistak izan nahi dugu, gure erabaki propiak hartu eta bakearen, berdintasunaren eta aniztasunaren alde aurrerapausoak eman nahi ditugu. Azken batean, gure arteko aldeak konpondu nahi ditugu, eta batzen gaituena aurkitu. Bakearen alde hainbeste urte lanean jardun eta gero, euskal gizarteak merezi du akordio bat eta herri kontsulta batean erabakitzeko ahalmena edukitzea.
2008ko apirilak 25