Lokarri

Alderdien Legea berritzeko proposamenari ezezkoa

2010-03-09
 
- Alderdi Popularrak bazterketarik gabeko elkarbizitza eratzeko aukera lapurtu nahi dio euskal gizarteari.

- Lokarrik proposamena aintzat ez hartzeko eskatzen dio Gobernuari.



Lokarriren posizioa Alderdien Legearekiko

Lokarrik, akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren Sareak, hainbat aldiz adierazi du bere desadostasuna Alderdien Legearen eduki eta aplikazioarekin. Ez da izaera orokorra duen legea. Ezker Abertzale ofizialarekin erlazionatutako talde politikoak legez kanpo uzteko soilik pentsatuta eta diseinatuta dago. Halaber, elkartzeko eta hauteskunde-partaidetzaren eskubideei dagokionez, Europa osoko legerik gogorrenetarikoa da. Oso era murriztailean erabili izan da, lehenago ilegalizatutako zerrendetan parte hartu zuten hautagaien presentzia etorkizuneko hauteskundeetan parte hartzea eragozteko arrazoi nahikoa dela onartuz. Azkenik, legea aplikatzearen emaitza praktikoak dira milaka pertsonari beren zuzeneko zein zeharkako sufragio eskubidea ezeztatu zaiela eta instituzioen eraketak ez dutela islatzen euskal gizartearen jatorrizko pluraltasuna.

 

Alderdi Popularraren erreforma proposamena

Alderdi Popularrak Alderdien Legearen berriztapena PSOErekin adosteko asmoa adierazi du, neurri murriztaile gehiago sartuz oinarrizko askatasun demokratikoekiko. Berriz ere, ez dabiltza izaera orokorra duen erreforman pentsatzen. Beren helburu bakarra Ezker Abertzalea hurrengo udal eta foru hauteskundeetan egotea galaraztea da, edozein bide dela medio. Are gehiago, aurkeztea lortuz gero udaletxeetatik botatzeko aukera egon dadin nahi du Alderdi Popularrak. Hau da, Auzitegi Gorenak edo Auzitegi Konstituzionalak Ezker Abertzalearen zerrendak ontzat ematen baditu, Gobernuak udaletxeetako bere taldeak desegiteko ahalmena izatea nahi du Alderdi Popularrak. Adibide honek erakusten digu nola ulertzen dituen alderdi honek botereen banaketa eta oinarrizko berme demokratikoak.

 

Alderdi Popularreko presidenteak berak, Mariano Rajoyk, zera adierazi du: "Batasuna edo ETAren beste edozein frankizia hauteskundeetan inoiz ere ez aurkeztea adostu nahi dugu Gobernuarekin". Alderdi Popularrak Euskal gizarteari bazterketarik gabeko elkarbizitza eratzeko bere ametsa, zeinetan sentipen eta identateen pluraltasunak bere lekua aurkituko lukeen, lapurtu nahi diola egiaztatzen dute hitz hauek.

 

Lokarrik proposamena aintzat ez hartzeko eskatzen dio Gobernuari

Bakerako bidea berriz ere hartzeko aukerak azaleratzen dabiltzan momentu batean gaude orain. Horren adibide da Ezker Abertzaleak publiko egin duela bere aldebakarreko apustu atzeraezina "ziklo politiko berri baten" alde, indarkeriarik gabe eta bide politikoak soilik erabiltzean oinarrituta. Orain egin beharko litzatekeena da, gutxienez, oztopo berriak ez gehitzea oinarrizko askatasun demokratikoen murrizpen bezala. Horregatik, Gobernuari eskatzen diogu Alderdi Popularraren proposamena aintzat ez hartzeko, eta aldiz, Alderdien Legearen erreforma aztertzen hasteko eskatzen diogu, berme juridikoetan sakonduz eta euskal gizarteak behin eta berriz adierazitako bizitza politikotik inor ez baztertzeko nahiei erantzunez.

 

 

Ezagutzera eman

 

 

Zure iritzia bidali