Lokarri

Arduren utzikeria

2010-01-17
ETA ez die behar bezala erantzun euskal gizartearen bake nahiei eta, gainera, aktibatzera deitu ditu herritarrak.

ETAren  komunikatu berri bat eman da gaur ezagutzera, Lokarrik, akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren Sareak, bi mezu helarazi nahi ditu bere edukiari buruz:

 

1- ETAren komunikatuak ez dio erantzuten euskal gizartearen aldarrikapen nagusiari: indarkeriari amaiera jartzeko erabakiari. Beste iritzi eta azterketa batzuez harago, hori da elementu erabakigarria. Borroka armatua behin betiko baztertzea eskatzen dio euskal gizartearen gehiengoak ETAri, baina erabaki egoki bat hartu gabe darrai erakundeak.

 

Bere sostengua agertzen dio ETAk Altsasuko Adierazpenari, zeinetan aipagai diren Mitchell Printzipioak. Jadanik atxikitzen al da printzipio horietara? Bake prozesu bat errazteko prest al dago ETA IRAk hartutako erabakien antzekoei eutsiz, hau da, desarrme prozesu batean amaituko den su-eten mugagabe eta iraunkor bat iragarriz? Komunikatuan erantzunik ez dute jasotzen galdera horiek. 

 

2- Gizartea aktibatu gabe prozesu demokratikoa ezin dela garatu dio ETAk agirian. Bere erantzukizunen utzikeria larria egin du ETAk hori esanez. Hain zuzen ere, euskal gizartea oso aktiboki jardun da bakea eta elkarbizitza sustatzeko ahaleginean argi eta garbi utziz prozesu honi indarkeriarik gabe, giza eskubideak errespetatuz eta inor baztertzen ez duen elkarrizketaren bidez ekin nahi diola. ETAk, horrenbestez, gizartearen aldarrikapen horiek onartu eta errespetatzeko erantzunkizuna hartu behar du bere gain eta ez luke aritu behar heldutasun osoa erakutsi duen euskal gizarteari behin eta berriz deiak egiten.

 

 

Eman ezagutzera

 

 

Iritziak

Joserra | Guztiz ados nago zuekin: ETAk ez ba dio uko egiten borroka armatuari, bake prozesuak ez du aurrera egingo. | 19.01.2010 09:57

Zure iritzia bidali