Lokarri

Ares Kontseilariak Lokarri baztertu egin du

2010-06-08

 

-Erakunde bakezale izaera ukatu dio

-Arrazoi horretaz baliatu da Biktimen Partaidetzarako Kontseiluko kideak hautatzeko prozesutik kanporatu izana justifikatzeko


Prentsa-ohar honen bidez, Lokarri akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren Sareak bere ondoeza agertu nahi du Biktimen Partaidetzarako Kontseiluko kideen hauteketaren harira Legebiltzarren egindako galdera bati Rodolfo Ares Barne Kontseilariak emandako erantzunarengatik.



Iragan apirilaren 20an Lokarrik eskaera bat bidali zien Barne Ministerioari eta Eusko Jaurlaritzako Biktimen Zuzendaritzari aipatu kideen hautaketa prozesua argitzea eskatuz eta jakiteko zer arrazoitan oinarritu ziren Lokarriri informaziorik ez eman eta kontsultatu ez izateko. Horrez gainera, eskaera Legebiltzarreko alderdi guztiei iristarazi zien Lokarrik. Bidalketa horren ondorioz, EAJko legebiltzarkide Iñigo Iturratek galdera bat egin zion Kontseilariari berari.

 

Maiatzaren 31n Rodolfo Aresek honako argudioekin erantzun zion Legebiltzarren aurkezturiko galderari:

 

"Zuzenean Gesto por la Paz proposatu zen ordezkari izateko Euskadin berariaz eta funtsean bakezaletzat jo den elkarte bakarra zela ulertuta. Irizpidea, beraz, izaera bakezale izatearena izan zen, baina zentzu hertsian, kanpoan utziz beste elkarte batzuk, zeintzuek hertsiki bakezale ez diren beste mota batetako elkarte izendatu zuten beren burua.(...)

 

Elkarte bakezaleak ordezkatzen dituen bokalaren hautaketaz Lokarriri ez zitzaion informaziorik eman ezta kontsultatu ere arestian azaldu diren arrazoiengatik. Beste erakunde batzuei ere, hala nola Ermuko Foroari edo Fundacion para la Libertad erakundeei, era berean aplika dakizkieke arrazoi horiek, beren helburu sozialak eta xede nagusiak, bakearekin lotutako baloreek definituta egonik ere, ez baitira funtsean bakezaleak aintzat hartzen badugu bere jarduera eta ahalegin guztia ez dagoela hertsiki zuzendua Bakearen alde lan egitera.

 


Bake kontzeptuaren ikuspen murriztailearen emaitza da Ares Kontseilariaren erantzun hau. Lokarrik garatzen duen bakearen eta elkarbizitzaren aldeko lana hutsaltzen du. Lokarriren estrategiak, tresnak, ekimenak edo aldarrikapenak bakea lortzeko desegokiak edo kaltegarriak direla pentsatzeko eskubide osoa du Aresek. Aldiz, ez du "bakezaletasun" agiriak emateko eskubiderik, izaera hori ukatuz bakeaz berak duen ikuskeratik urruntzen direnei, bakearen ikuskera ezberdina defenditzen duten guztiei alegia.

 


Lokarri hartu-emanetan jarriko da Biktimen Kontseiluko presidentearekin

Biktimen Partaidetzarako Kontseiluko kideen hautaketa prozeduratik kanpo utzi izana salatzeko orduan, Lokarriren helburua da bere laguntza ematea organo horrek ordezkaritza plurala eduki dezan eta, horrenbestez, bere lana eraikitzailea izan dadin, euskal herritargoaren sektore zabalak inplikatuz. Horregatik, Ares kontseilariak Lokarri kanpoan uztea erabaki duen arren, Jose Luis de Costari gutun bat bidali dio gaur Lokarrik Biktimen Partaidetzarako Kontseiluan bre lankidetza eskainiz, aintzat hartuko dutelakoan.


 
Ezagutzera eman

 

 

Zure iritzia bidali