“Jaso al duzu mezua?: akordioa lortzea, kontsulta deitzea” kanpainaren edukiak aurkeztu ditu Lokarrik.
"Ahalik eta ahalegin handiena eskatzen dizuegu Euskadiko gizarteko bizikidetza hobetzeko akordio politikoa ekarriko duen elkarrizketa-prozesua abiarazteko, batetik; bestetik, herri-kontsulta deitzea eskatzen dizuegu, euskal herritarrek aukera izan dezaten beren nahia adierazteko, bakean eta demokratikoki".
Gainera, biolentzia bazter dezan eskatuz ETAri ere milaka posta elektroniko bidaltzea lortu nahi du Lokarrik. ETArentzako e-maila ondorengoa da:
"Indarkeria bertan behera utzi eta giza eskubideak aintzat hartzea exijitzen dizugu beste bake-prozesu bat abiatzeko eta euskal herritarrek aukera izateko beren nahia modu askean adieraz dezaten herri kontsulta batean".
Beren ordezkari politikoei mezu hau helarazi nahi dioten pertsona guztiek Lokarriren web orrian sartu (www.lokarri.org/jasoalduzumezua) eta galdera-sorta erraza bete behar dute automatikoki mezua guztien helbide elektronikoetara bidaltzeko. ETAren kasuan, Lokarrik hitz ematen du topatuko duela mekanismorik mezu hauek guztiak jasoak izan daitezen.
Halaber, Lokarrik elkarretaratzeak deituko ditu Nafarroako Jauregiaren, Moncloaren eta Ajuria Enearen aurrean "Akordioa lortzea, kontsulta deitzea" lelopean. Sanz Presidenteari, Zapatero Presidenteari eta Ibarretxe Lehendakariari mezu hau zuzenean iristaraztea da gure asmoa. Errespetutik eta gure gizartearen aniztasunak tokia izango duen etorkizuna eraikitzeko asmoz, akordio bat lortzeko ahaleginean ez etsitzeko gizarteak duen nahia helarazi nahi diegu, bai eta gure nahia herritarrek aukera izan dezaten beren hitza adierazi eta erabakiak hartzeko herri kontsulta baten bidez.
Argitasuna behar dute herritarrek
Lokarrik herri kontsulta bat deitzeko bere proposamena aurkeztu zuen une beretik, herritarren artean ilusioa sortzeak duen garrantzia azpimarratu zuen. Bakerako eta normalizaziorako proposamen hau berritzailea da, ez soilik gure gizartean, baita nazioartean ere. Ideia berri guztiak sortzen direnean zalantzak izaten dituzte inguruan, eta bidea horiek konpondu eta argitzea da, hain zuzen ere herritarren itxaropena berpizteko. Gai hori bereziki garrantzitsua da baldin eta herri kontsulta baten deia bultzatzen bada, kontsultak porrot egingo baitu herritarren partaidetzarik gabe. Herri kontsulta bat deitzeak gizarteari lehentasunezko tokia ematea dakar bere erabakiak hartzeko orduan, eta hala, herritarren partaidetza sustatu beharra dago. Horregatik, garrantzitsua da mezu argi bat helaraztea urte honetan bertan herri kontsulta bat deitzeko aukeraren gainean.
Behin Hauteskunde Orokorrak igarota, ahots ugari azaldu dira herri kontsulta deitzearen kontra. Aldi berean, bakearen eta normalizazioaren alde lanean diharduten hainbat talde sozial eta politikok ez dute agertu kontsulta deitzea positibotzat jotzen duen euskal herritarren %70 hori -inkesta guztiek jasotako datuen arabera- sustatzeko gaitasuna duen jarrera garbia.
Lokarrik, herritarren sare bat den heinean, argi eta irmoki hitz egin nahi du: akordio bat lortu eta kontsulta bat deitzea dira gaur egun lehentasunak, akordioa egon edo ez. Herritarren eskubideak ez daude egoeraren menpe eta gure gizarteak eskubide osoa du kontsultatua izateko eragiten dion arazo nagusietako baten gainean, bakearen eta bizikidetzaren gainean alegia.
2008ko apirilak 9