Gaur bertan argitaratu da Euskal Herriko Agerkari Ofizialean herri kontsulta deitzeko Legea. Kontsulta honen bidez hiritarren iritzia jaso nahi da, bakea eta normalkuntza politikoa lortze aldera irekiko litzatekeen balizko negoziazio prozesu baten inguruko iritzia hain zuzen ere. Iragarri izan zen moduan, Estatuko Abokatutzak helegite bat aurkeztu du Auzitegi Konstituzionalaren aurrean, Zapatero Presidentea buru duen Gobernuaren izenean, eta Eusko Legebiltzarrak onarturiko araua bertan behera gera dadila eskatu du.
Lehenengo eta behin, Lokarrik, akordioa eta kontsultaren aldeko hiritarren sareak, berretsi nahi du Eusko Legebiltzarrak onarturiko Legeari guztiz legezkoa eta konstituzionala deritzola. 2008ko ekainean aurkeztu genuen argitalpen batean aztertzen genituen herri kontsulta honekin loturiko lege-kontuak eta argi eta garbi ondorioztatu genuen bete-betean sartzen zela ordenamendu juridikoan honako bi arrazoiongatik:
- Kontsultaren helburua ez da araubidezko ekintza baten inguruko iritzia jasotzea eta, beraz, ez da berau burutzeko Konstituzioak ezarritako Gobernu Zentralaren baimena behar duen erreferenduma.
- Gernikako Estatutuak euskal aginte politikoei honelako kontsultak egiteko baimena ematen die; are gehiago, auzi publikoetan herritarren parte hartzea sustatzera behartzen ditu. Gainera, Catalunya eta Andaluziako Estatutuetan arestian egin diren interpretazioetan oinarrituta, ahalmen eta betebehar honek herri kontsultak egiteko gaitasuna hartzen du bere baitan.
Bestalde, eta auzi edo kontu politiko hutsetatik haratago, zalantzan jarri beharra dugu Gobernu Zentralak Politika (hizki larriekin idatzita) egiteko benetako borondatea eta asmoa duen. Auzi eta gatazka politikoak ez dira auzitegi, helegite, galerazpen eta debekuen bidez konpontzen; elkarrizketa, negoziazioa eta akordioaren bitartez baizik. Zapatero Presidenteak uko egin zion elkarrizketa eraikitzaile baten bidea irekitzeari; eta orain, Eusko Legebiltzarrak kontsulta bat deitzeko duen gaitasunaren inguruko desadostasun honi konponbideren bat bilatzeko bide bat ireki beharrean, "irmotasunean" oinarritutako metodoak darabiltza, beraren hitz berberak erabiliz, eta akordiorako aukera guztiei ixten dizkie ateak.
Honekin batera, Lokarrik azpimarratu nahi ditu Eusko Legebiltzarrak onartutako Legea eteteak ekar ditzakeen kalteak. Etete honek luzaro badirau, beren ondorioak itzulezinak izango dira eta "de facto" debekatuko da kontsulta. Izan ere, berau ezin izango da burutu urriaren 25ean. Kontu hau aintzat hartu behar du Auzitegi Konstituzionalak, etete hau indarrean mantendu ala ez ahalik eta azkarren erabakitzerakoan. Gure ustez, eta aipaturiko ondorio itzulezin hauek ekiditearren, Auzitegiak berak eperik laburrenean hartu beharko du erabakia. Kontsulta bera burutzeak ez du hiritarren oinarrizko eskubiderik urratzean eta ez dago eteteari eusteko inolako arrazoirik.
2008ko uztailaren 15a