Irizpide nagusia: ez jardutea iraganeko egiturekin
Ulergarria izanik ere kezkak eta susmoak mantentzea, ezin zaio uko egin errealitateari. Urte bakar batean egoera errotik aldatu da. ETAren atentatuek nabarmendutako 2009ko udatik errealitate ezberdin batera pasa gara. Errealitate berri honetan bi ezaugarri hauek nabarmentzen dira: soilik bide politiko eta demokratikoetan oinarrituriko estrategia garatzeko Ezker Abertzalearen erabaki eta deliberamendua eta ETAren erabakia, zeinak, bere mugak izanik ere, indarkeriak dakartzan oztopoa eta mehatxua mugiarazten dituen. Orain, bake iraunkorra lortzeko aukera bat dugu aurrean.
Iraganeko egiturekin ez aritzea da aukeren errealitate honetan kokatzeko irizpide eta jarduera bat. Egoera berriak estrategia zaharrak aldatzea eskatzen du; estrategia zaharrak dira, besteak beste: mehatxua, eskubideen murrizketa, bazterketa edo aukera berdintasunez izateko eta jarduteko besteak duen eskubidearen urraketa.
Etorkizunerako helburu bat: bizikidetza
Helburu partekatu batek izan behar du gidari erakunde, alderdi, entitate edo pertsona bakoitzak bere ekarpena egiteko orduan. Inor baztertzen ez duen bizikidetza baketsua eta askea lortzea da erronka, giza eskubide guztiak bermatuko dituen bizikidetasuna lortzea alegia. Ez diogu uko egin behar bizikidetzan oinarrituriko etorkizun bati.
Bake prozesu bat bideragarri izan dadin beharrezkoak diren baldintzak: itzulezintasuna eta legalizazioa
Iraganeko akatsetatik ikasi behar dugu. Bi irakasgai oso garrantzitsu utzi zizkigun 2006ko prozesuak. ETAren indarkeriaren itzulera aurrerapausoak oztopatzen dituen Damoklesen ezpata bat da. Batasunaren ilegalizazioak aukera berdintasunean parte-hartzea galarazten du eta sekretismora zigortzen du elkarrizketa.
Horregatik, bake-prozesu bat bideragarria eta gauzagarria izan dadin baldintzak bermatzea da erronka, hau da, indarkeriaren itzulezintasuna eta Batasunaren legalizazioa lortzea.
Itzulezintasuna: Bruselako Adierazpenaren balioa
Bruselako Adierazpenak balio oso garrantzitsua izan du azken hilabeteetan, indarkeriarik gabeko estrategia berri bat bultzatzeko Ezker Abertzalearen erabakia sustatuz. Bruselako Adierazpenaren ibilbidea ez da bukatu eta pizgarri bat da etorkizunerako. Itzultzerik izango ez duen indarkeriaren amaiera lortzen lagun dezakeen ekarpena da. Nazioarteko eragile eta nobel saridunek proposaturiko su-etenaren monitorizazioa eta egiaztapena onartu behar ditu ETAk.
Legalizazioa: Batasunaren parte-hartze ireki eta gardena
Bake prozesu batek indar politiko guztien parte-hartzea behar du, Batasunarena barne. Gainera, bake prozesuak herritarren segimendu eta ebaluazioaren mende egon behar du, gardena izan, eta hori bateraezina da legez kanpo dagoen alderdi batekin elkarrizketa sekretuak mantentzearekin. Ezker Abertzalea legeztatu egin behar da.
Are gehiago, estrategia berria garatzeko Ezker Abertzalearen erabakia izan da arrazoi nagusia ETAk atentatu berriak ez egiteko eta, azkenean, eraso ekintza armaturik ez burutzeko erabakia adierazi behar izateko. Orain Ezker Abertzaleak dauka lidergoa. Batasunaren legeztatzea da Gobernuak egin dezakeen ekarpenik hoberena lidergo hau indartzeko.
Beharrezko ekarpen bat: iniziatiba eta elkarrizketa
Gobernua ezin da bakerako aukera honetatik kanpo geratu. Bere ardura da aukera hau finkatzen erraztea eta oztopo berriak ez jartzea, hala nola oinarrizko eskubideak ez murriztea, Adierazi EH-ren manifestazioaren debekuarekin gertatu zen bezala. Ez diogu Gobernuari eskatzen amore emateko. Gobernuari eskatzen diogu soilik gogora dezan helburua bazterkeriarik gabeko elkarbizitza baketsua eraikitzea dela, eta ez sektore politiko bat suntsitzea.
Hala, Gobernuari deia egiten diogu: aurrea hartu dezala eta erakunde politiko guztiekin elkarrizketa has dezala, Batasuna barne, euskal alderdi politikoen arteko akordio prozesu baten baldintza, printzipio, eduki eta egutegia definitzeko. Elkarrizketa alderdianitz honek hurrengo helburuak izango lituzke: bake iraunkorra oinarritzea, hainbeste urtetako indarkeria eta liskarren giza ondorioak konpontzea, giza eskubide guztiak bermatzea, sektore politiko guztiak barne hartzea eta berradiskidetze sozial prozesu bati aurre egitea.
Ondorio bat
Erronka partekatua dugu, aukera hau ongi amai dadin lortzea, garaile batekin, euskal gizartearen nahia elkarbizitza baketsu eta demokratikoa izateko, eta garaitu batekin, ezberdina dena ezabatu edo baztertzeko ahalegina. Egin diezaiogun aurre erronka honi eskatzen duen bezala eta orain dela hilabete batzuk imajinatu ezin genituen egoerak biziko ditugu laster.