Lokarri

Bake prozesuaren egoera 2010eko udaberrian

2010-07-21

 

  Beltzetik gris agira: baketik hurbilago

- Orain dela urte bat baino aukera gehiago ikusten dira bakea lortzeko

- ETAk su-etena aldarrikatu behar du eta gobernuek bake prozesuari ekin behar diote

 


Aurkezpena

2009ko uztailaren 23an Lokarrik, akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren Sareak, bakeranzko prozesuaren Behatoki Sozialaren lanari ekin zion berriro ere, urte horretako udaberriko txostenaren aurkezpenarekin. Ekimen honen eginkizunak dira, bakea eta elkarbizitzari buruzko ekarpenak egiteko herritarrek parte hartzeko gune bat eskaintzea eta ideia eta proposamen berriak sortzea.

 

Azken urtebete honetan, bost galdetegi banatu ditu Lokarrik, guztiak ere bakea lortzeko prozesuari buruzkoak. Lau txosten argitaratu ditugu harrezkero, bost, 2010eko udaberriari dagokion honako hau zenbatuz gero. Bost mila erantzun inguru jaso ditugu, eta jasotako ekarpenak aintzat hartuta egin dugu txosten bakoitza.

 

Bakeranzko prozesuaren Behatoki Sozial honen balioa adierazteko, nahikoa dugu honako adibide hau: orain arte argitaraturiko txostenen gainbegiraketa batek nabarmen adierazten digu, azken hamabi hilabete hauetan, egoerak jasan dituen aldaketak.

 

Bakeranzko prozesuaren egoeraren azterketa

 

Azterketa atzera begira

2009ko udaberrian bakeranzko prozesua egoera ilunean zegoen, blokeatuta, ez aurrera ez atzera. Udan, berriz, okerrera egin zuen egoerak. Gizartearen iritziz, gero eta okerragoa zen egoera, batez ere ETAren atentatu-kanpainagatik eta elkarrizketa-ezagatik. Udazkenean, aukera berriak iragartzen zituen berrikuntzaren bat azaldu zen, besteak beste, Ezker Abertzalearen barruko eztabaida. 2010eko neguan, areagotu egin zen berrikuntza-giroa, eta baikorrago ikusten zuen gizarteak bakeranzko prozesuaren egoera.

 

2010eko udaberriko egoera

Bakea lortzeko eta elkarbizitza hobetzeko aukeraren hobekuntza hori berretsi egin du txosten honetan jasotako erantzunen azterketak. Hiru ardatz hauek ditu gizartearen uste horrek:

 

1- Bakeranzko prozesuaren egoeraren balorazioa erdipurdikoa izan arren, ikuspuntu hau positibotzat jo behar dugu, batez ere duela urtebeteko hondamenarekin alderatuta.

 

2- Garrantzizkoena da duela urtebete baino aukera gehiago dagoela orain bakea lortzeko eta helburu hau lortzeko baldintzak sendotzen ari direla. Uste horren euskarri nagusi dira datu hauek: Ezker Abertzaleak bide soilik demokratiko eta politikoen alde egin izana; atentaturik eza; Bruselako Adierazpenak suposatzen duen nazioarteko sostengua eta alde batzuen eta besteen arteko lankidetza-eremu berriak.

 

3- Horrek guztiak bake-prozesu berri bat abiarazteko baldintzak sortzen laguntzen du. Nolanahi dela ere, zuhurtziaz jardun behar dugu, berriro ere etsipenak itxaropenak lausotu ez ditzan. Horretarako, hiru eremuotan behar dira aurrerapausoak: 1) elkarrizketa, oraindik ere gobernuek uko egiten baitiote hitz egiteari; 2) indarkeriaren amaiera, ETAk ez baitio erantzun Bruselako Adierazpenean jasotako eskaerari ez eta Ezker Abertzaleak egindakoari, eta 3) Ezker Abertzalearen legeztatzea, inor bazterrera utzi gabe elkarrizketari ekiteko eta Ezker Abertzaleak gainerakoen parean jarduteko politikagintzan.

 

Bake prozesu berri bat bultzatzeko gomendio eta konpromisoak

Behin bakeranzko prozesuaren egoera aztertuta, Lokarrik honako gomendioak egin nahi ditu bake prozesu berri bat abiarazteko bidean.

 

1- ETAren su-eten aldarrikapena

Gizartea ETAren su-eten aldarrikapenaren zain dago. Lokarrik uste du, ahalik eta azkarren erantzun behar liokeela ETAk Bruselako Adierazpenari su-eten iraunkor eta egiaztagarri batekin. Dena dela, irailaren 30a baino lehen ez badu hala egiten, zaila izango da sortutako konfiantza eta ilusioari eustea handik aurrera, areagotu egingo baitira ETAren jarrerari buruzko zalantzak. Horrexegaitik, Bruselako Adierazpenari azkar eta baietz erantzuteko behin eta berriro eskatuko dio Lokarrik ETAri, hala nahi baitu gizarteak.

 

2- Gobernuen eginkizuna: prozesuari ekitea eta hura gidatzea

Espainiako, EAEko eta Nafarroako gobernuek oztopoak besterik ez dituzte jartzen konponbide-garai berri honetan. Ez dirudi euren jarrera aldatuko dutenik, ezta ETAk su-eten bat aldarrikatzen badu ere. Horrexegaitik, estrategia aldatu eta bakearen eta elkarbizitzaren aldeko bidean gidari izan daitezen eskatuko die Lokarrik hiru gobernuei, bi hipotesi hauek aintzat harturik:

 

I. ETAk su-eten iraunkorra eta egiaztagarria aldarrikatzen badu, gobernuen erantzun egokia lortzen saiatuko da Lokarri, Bruselako Adierazpenak proposatzen duen legez: agiri bat bidaliko die gobernuei, non bakearen alde gogotsu zergatik jardun behar duten azalduko dien, eta gizartea mobilizatzen saiatuko da, aukera berriaz baliatzeko eska diezaien agintariei.

 

II. ETAk ez badu su-etenik aldarrikatzen, agiria bidaliko die Lokarrik gobernuei, jarrera proaktibo baten aldeko zenbait proposamen zehatzekin.

 

Gure aldetik, lanean jarraituko dugu grisa ahalik eta argiagoa bilakatu dadin eta datozen txostenetan atzera egiterik ez duen bake prozesu berri bat aztertzen egon gaitezen. Azkenik, eskertu nahi diegu, euren ekarpen eta iritzien bitartez, bakeranzko prozesuaren Behatoki Sozial honek sortu nahi izan duen gizarte parte-hartze gune hau bere egin duten herritar guztiei.

 
 
 
Ezagutzera eman

 

 

Zure iritzia bidali