Lokarri

Bake prozesuaren egoera 2010eko udan

2010-10-14

Jarrai dezagun bakerako aukerak irekitzen

-Duela urtebete baino itxaropen handiagoa sortzen du bakeranzko egoerak, baina zuhurtziaz

-Bruselako Adierazpenari kasu egin behar dio ETAk eta elkarrizketarako bideak ireki behar ditu Gobernuak

 


Aurkezpena

Bake Prozesuaren Behatoki Sozialaren txosten berria aurkeztu nahi dugu gaur. Seigarren txosten hau, zeinetan 2010eko udako egoera aztertu den, aukera-agertoki berriarekin lotura duten gertakariek markaturiko testuinguruan izan da landua. 984 lagunek erantzundako galdetegiak erabili dira txostena egiteko. Beren ekarpen eta hausnarketak zuzenean iristarazi dizkigute herritar horiek.


Bakeranzko prozesuaren egoeraren azterketa

Behin jasotako galderak aztertuta eta duela urtebeteko datuekin alderatuta (hura oso abagune zaila izan baitzen), bake prozesuaren egoerari buruzko pertzepzioak 180 graduko iraulia izan du.

 

Irudipen horri eusten dioten elementu nagusiak hauek dira: Ezker Abertzaleak hurrenez hurren emandako pausoak, soilik bide politiko eta demokratikoen aldeko apustua finkatzeko; atentaturik ez izatea; Bruselako Adierazpenaren bidez etorri den nazioarteko euskarria, eta desberdinen arteko lankidetza-esparru berriak finkatu izana.

 

Dena den, gehienek itxaropen sentsazioa iradokitzen duten arren, galdetegia erantzun duten pertsonengan zuhurtasun handia ere ikusten da eta mesfidantza pixka bat ere bai. Alde horretatik, konfiantza handiagoko egoera bat eratzeko pauso berriak eskatzen zaizkie bai ETAri -su-eten aldebakarreko, iraunkor eta erabat egiaztagarria aldarrikatzea, Bruselako Adierazpenean eskatzen den bezalaxe-, bai Gobernuari ere -indar politiko guztiekin elkarrizketa bat, zuhurtziaz, abiatzea eskatzen zaio agertoki berri bat baloratzeko-.


Lokarriren gomendioak eta konpromisoak beste bake-prozesu bat bultzatzeko


Behin bakerako egoera aztertuta eta aurreko txostenean (2010eko udaberriari dagokiona) egindako gomendioak erreferentziatzat hartuta, Lokarrik jarduketa hauek gomendatu nahi ditu:


1- ETAren su-eten adierazpena, aldebakarrekoa, iraunkorra eta egiaztagarria

Aurreko txostenean, Lokarrik azpimarratu zuen oso garrantzitsua zela su-etenaren Adierazpena lehenbailehen egitea. Data bat jartzera ere ausartu zen; irailaren 30a baino lehen, hain zuzen. Iraileko komunikatuei so eginda, ETAk hein batean baino ez dio erantzun Bruselako Adierazpenean jasotako eskaerari; eskariak, beraz, indarrean dirau.

 

Horrenbestez, Lokarrik eutsi egingo dio ETAri su-eten aldebakarra, iraunkorra eta erabat egiaztagarria ematea eskatzen dion gizarte aldarrikapenari. Horrela bakarrik egiaztatuko da prozesua itzulerarik gabekoa ote den, eta hori beharrezko baldintza da bake-prozesu berri bideragarri bat abiarazteko.

 

2. Gobernuek gauzak erraztu eta gidari izan behar dute

Lokarriren ustez, Gobernuek bi ekarpen egin ditzakete aukera-garai honetan:

 

-Behar adina pauso ematea Batasuna legeztatzea errazteko. Hori lagungarria litzateke, indar politiko guztiek baldintza berdinetan, gardentasunez eta era publikoan konponbideen prozesu batean parte hartu ahal izan dezaten.

 

- Ekimena bere egin eta indar politiko guztiekin hitz egiten hasi beharko lukete, inor bazterrean utzi gabe.

 

Bigarren gomendio horren ildotik, Lopez Lehendakaria Alderdiekin bakegintzari buruzko elkarrizketa diskretu bat bultzatzera konprometitu izana positiboa da. Elkarrizketa horretan are eta gehiago sakontzera animatu nahi dugu Lokarritik, Batasuna gehituz eta gizarteari informazioa emanez.

 

I) Akordioak bilatu. Abiamen egokia da elkarrizketan jardutea eta, akordioak bilatzeko, beharrezkoa da elkarrizketa hori osatuz joatea. Bere ikuspuntuetatik ezberdintzen diren beste ikuspuntu batzuk daudela onartu behar du Eusko Jaurlaritzak eta horiek bakegintzari eta normalizazio politikoari buruzko akordio zabal batean gehitzeko konpromisoa hartu behar du.

 

II) Batasuna gehitzea. Elkarbizitza demokratikoa ez da bideragarria gure gizartearen zati garrantzitsu bat legez kanpo mantenduta. Elkarbizitza denon artean eraikitzea bada helburua, kontuan hartu behar da Batasuna ere partaide dela gizarte honetan. Ez dago eragozpenik Batasuna elkarrizketa honetan gehitzeko, areago elkarrizketa diskrezioz garatzen bada.

 

III) Gizartea informatzea. Elkarrizketa prozesu orok gardena eta irekia izan behar du. Elkarrizketa era diskretuan hastea beste aukerabiderik ez badago, gutxienez emaitzen berri eman behar du Lehendakariak. Ez da komeni gizartea alde batera uztea, elkarrizketa hau ebaluatzeko gaitasunik gabe edo soilik prozesuaren berri jasoz hedabideei egindako filtrazioen bidez.

 

Lokarriren konpromisoa

Lokarrik lanean jarraituko du guztion artean bakerako aukerak eta abaguneak irekitzen jarrai dezagun, etorkizunean konponbidea ekarrizko duten aukerak eta abagunean irekitzen jarrai dezagun. Horrenbestez, bake prozesu berri batek atzerabiderik ez izaten laguntzea da dugun erronka herritarren Sare bezala. Ikas dezagun gure desadostasunak kudeatzen eta aukerak baliatzen, eta ehun dezagun konfiantza sare bat berriz ere gurekin nahi ez dugun iragan batera itzul ez gaitezen.



Partekatu

 

 

Iritziak

FELIPE URIARTE | Behar beharrezko pausoak: 1. Bakea ETAren su-etena aldebakarrekoa, iraunkorra eta egiaztagarria lehen baitlehen eman behar da. Urtetan energia haundia jarri da borroka armatuan, jende gaztea murgildu da horretan, orain energia hori bakean sartu behar da, Bakegintza iraunkorra, bakegintza irmoa, Gandhiren moldekoa. Bakea aldebakarrekoa, iraunkorra, egiaztagarria, izango da ETAk bere historian leher dezake Bonbarik indartsuena. 2. DEMOKRAZIA Alderdi politiko guztiak zilegi behar dira izan. arrazoi politikoarengatik espetxetan dauden buruzagiak aske behar ditugu: Otegi, Permach, Gorostiaga,... Asmo politiko guztiak zilegia behar dute izan. | 15.10.2010 07:47
Joseba Iturbe Ispizua | Oos ondo eta pozgarri deritxot zuek dinozuna.Alde batetik indarkeriarik baztertu, alkar hizketarako prest egon beti baldintza barik,norberea azaldu eta bestea-rena entzun eta olan alkar aberastu.Baita kontuan izan banetariko biktimak eta bideak zabaldu euren egoera aldatzeko.Lehen baino pixkat baikorragoa naz eta holako egin beharrean ez gara inoizbez nekatu behar.Beti aurrera!!!!.Agur bero bat danori.Joseba. | 14.10.2010 21:09

Zure iritzia bidali