Bake-prozesuaren Behatoki Sozialaren 2009ko udari dagokion txostena aurkeztu du Lokarrik
Bake-prozesuaren Behatoki Soziala ekimen bat da eta helburu du herritarren parte-hartzea sustatzea eta, aldi berean, interesa duten herritar guztiek bakeari eta bizikidetzari buruz zer iritzi duten adieraztea. Horrez gain, gizartean gai horren inguruko gogoeta bat ere eragin nahi du ideia eta proposamen eraikigarri berriak sortzen laguntzeko, bakea lortzeko aukera berrietarako bidea errazte aldera.
Guztira, 1.248 lagunek eman diote erantzuna bakerako prozesuaren egoera aztertzeko galdetegi bati eta 4.000tik gora ekarpen eta ideia zehatz jaso dira. Herritarren parte-hartze hori ez da inkesta zientifikoa, baina ikuspegi interesgarri eta aberasgarria ematen du bakerako prozesuaz, bake-prozesua bera bultzatzeko moduaz eta aukera berriak bilatzeko paradez, une korapilatsu honetan.
Bake-prozesuaren egoeraren azterketa
-Bakerako prozesua hondatzen ari da
Blokeoa eta trabak areagotzen ari dira, eta konponbidea aurkitzeko oztopoek aukera berriak eragozten dituzte. Hona hemen bake-prozesuaren inguruko zailtasun nagusiak: 1) ETAk indarkeriari amaiera ez emateko erabakitasuna, 2) ez dago elkarrizketarako esparrurik denen artean eta inor baztertu gabe blokeoari irtenbidea bilatzeko, 3) gobernuek bakea lortzeko darabiltzaten estrategiak oinarrizko askatasun demokratikoen murrizketan oinarrituta daude; esaterako, adierazpen, bilera eta manifestazio askatasunen murrizketan, eta 4) ez dago borondaterik arriskatzeko, ezta bakeranzko eta elkar aditzerako bidea bultzatzeko borondaterik ere.
Blokeo-egoeraren ondorio nagusia da egoera okerragotzen eta tentsio politikoa handitzen ari dela. Gero eta zailago eta korapilatsuagoa da gizartearen itxaropenari eustea, eta ez dago aukeren garai berrira eramango gaituen aldaketa irudikatzeko kimu berririk.
-Aukeren garai berria izango bada, indarkeriari amaiera emateko eta giza eskubide guztiak errespetatzeko apustu garbia egin behar da, bai eta elkarrizketa bultzatu ere, inor bazterrean utzi gabe.
Bake-prozesu berri bat bultzatzeko bidai orriak urrats hauek ditu oinarri: 1) ETAk indarkeriari amaiera emateko adierazpen egiaztagarria, 2) elkarrizketarako esparru partekatuak sustatzea, alderdi politiko guztiek normalizazio politikoa bultzatzeko aukerak bilatzeko eta garatzeko, 3) inplikatu guztien borondatea, gizartearena barne, blokeo-egoera gainditzeko, eta 4) giza eskubideak eta oinarrizko askatasun demokratikoak bermatzea.
Lokarriren gomendioak eta konpromisoak bake-prozesu berri bat bultzatzeko
Behin galdetegiari emandako erantzunetatik lortutako emaitzak jakinda eta bake-prozesuaren egoerari buruzko ondorioak ezagututa, Lokarrik gomendio batzuk proposatu nahi ditu blokeo-egoera eta bakerako prozesuaren hondatzea gainditzen laguntzeko:
1- Premiazkoa da indarkeriari amaiera ematea. Indarkeriak gero eta sufrimendu handiagoa dakar, eta gero eta zailtasun handiagoak sortzen ditu euskal gizartearen bake-nahia epe laburrean bete ahal izan dadin.
2- Giza eskubideak urratzen dituzten estrategiak berraztertu behar dira. Indarkeriaren kontrako borrokak ez ditu giza eskubideak urratzen dituen lanabes eta bideak erabili behar. Era berean, indarkeria ez da aitzakiatzat erabili behar gizartearen zati bat baztertzen saiatzeko. Lokarrik Ezker Abertzalea legeztatzea aldarrikatzen du eta, era berean, bizitza politikoan normaltasunez jokatu ahal izatea.
3- Elkarrizketarako esparruak egituratu behar dira. Egungo egoeran ez dago elkarrizketarik eta, hori zuzentzeko, parlamentuetan ekimen formalak egin behar dira, eta alderdi politiko guztien arteko ekimen diskretuak ere bai. Lokarrik Eusko Legebiltzarra eta Nafarroako Parlamentua premiatu nahi ditu batzorde bana era dezaten, elkarrizketa-prozesu bat errazteko oinarriak ezartzeko.
4- Lehentasunezkoa da egoera honentzako alternatiba eraikitzea. Bakerako prozesua hondatua dago, baina horrek ez dezake gizartera etsipena ekarri eta ez da amore eman behar. Zailtasunak gainditu behar dira eta bakearen aldeko lanari berrekin behar zaio. Blokeoa ez da ezinbestekoa. Badago aukerabide bat, eta horrek akordioan, aniztasunean eta herri borondatearen errespetuan oinarrituriko etorkizuna eraikitzen lagundu dezake. Aukerabidea hauxe da: giza eskubideak errespetatzea, elkarrizketa, akordioa eta erabakimena.
2009ko urriak 14