Agiria jende askoren artean egindako gogoeta lan baten emaitza da. Alde batetik, 733 lagunek erantzun diote Lokarrik prestatutako galdetegiari. Galdetegiak bi zati desberdin izan ditu. Lehenbizikoan hainbat galdera proposatu dira bake-prozesuari buruz; bigarrena, berriz, biktimei eta berradiskidetzeari eskaini zaie. Bestaldetik, hamaika bilera egin dira EAEko eta Nafarroako hainbat herritan; guztira, 119 lagunek parte hartu dute, eta berradiskidetzea, berradiskidetzearen esanahia eta edukiak izan dituzte eztabaidagai.
Herritarren iritzien gordailu-zaina den aldetik, Lokarrik erakundeei, alderdi politikoei, gizarte-erakundeei eta sindikatuei emango die txostena, hartan bildutako ideia guztiak aintzat hartuko direlakoan, bakea lortzen eta bizikidetza hobetzen lagundu nahi duten herritar askoren kezken eta nahien erakusgarri baitira.
Bake-prozesuaren egoerari buruz lortu diren ondorio nagusiak.
Biktimei eta berradiskidetzeari buruz lortu diren ondorio nagusiak.
Lokarriko koordinatzaile Paul Riosen adierazpenak txostenaren aurkezpenean.
Behatokia aurkeztu eta galdetegia argitaratu genuenean, Tomasek, hau da, Lokarriko jardueretan laguntzen duen pertsona batek, mezu elektroniko baten bidez galdera hau bidaldi zigun: "Ezertarako ere balio al du kontu honetan parte hartzeak? Jaramonik egingo al digute?" Zaila da erantzutea, ez baitago gure esku inor behartzea txosten honen edukia aintzat hartzera. Orain Tomasi esan diezaioket guk, Lokarrik, entzun egin ditugula parte hartu nahi izan duten lagun guztien iritziak eta, era berean, edukiak ahalik eta gehien zabaltzen ahaleginduko garela. Behatokia, gainera, herritarren parte-hartzea sustatzeko ariketa da eta esan behar da freskura-aire bat ekarri digula.
Argitalpenak eta prentsaurrekoetarako testuak idazten urte asko eman ondoren, ideia eta gogoeta berberak errepikatzea beste ezer ez egitearen sentsazioa agertzen zaigu. Zalantzarik gabe, ekimen honetan parte hartu duten 852 lagunek bakar batek baino hobe pentsatzen dute. Herritarren jakintzaren adibiderik argiena txosten honen azalean ageri den irudia da: zuhaitz bat. Zergatik zuhaitz bat? Berradiskidetzearen funtsa ezin hobe laburbiltzen duelako: "Berradiskidetzea zuhaitz bat da, adar eta hosto guztiek izerdi, eguzki eta ur berbera jasotzen dutelako." Iruñeko Tokiko Behatokian parte hartu zuen lagun batek esandakoa da.
Berradiskidetzea zer den azaltzen duen zuhaitzaren ideiak dei bat dakar berekin; bizikidetzarako eta aniztasunerako deia, hain zuzen ere. Zuhaitzak adar eta hostoak dituen bezala, denak desberdinak, euskal gizartean ere hainbat ideologia eta identitate daude. Berradiskidetze-prozesu baten helburua da bizikidetza erraztea gure desberdintasunak errespetatuta eta aintzat hartuta, eta etorkizunari begiratzea, aniztasuna onartzen duen gizarte bat izateko.
Adibideei beti atera dakieke punta eta inork esan dezake zuhaitzaren adar ustelak inausi egiten direla. Nik, ordea, bestela pentsatzen dut, eta niretzat, etorkizuna duen zuhaitz osasuntsua da bere edertasun osoa, adar eta hosto guztiak, kontserbatzen dituen huraxe. Indarkeriak eta giza eskubideen urraketek sufrimendua besterik ez dute ekarri. Gizartearen zati bat baztertzeko saiakerek bizitasuna kendu eta gure aberastasun ideologikoa murrizten digute. Gure bizikidetza kudeatzeko oinarrizko printzipioak indarkeria amaitzea, giza eskubideak errespetatzea eta elkarrizketa dira; elkarrizketa, desberdintasunak kudeatzeko lanabes gisa.
Badugu zer egin handia berradiskidetzearen bidean aurrerantz jotzeko, baina ezin dugu zain egon, huraxe prestatzen joateko. Euskal gizarteak bere bizitzetatik urrun dagoen zerbait bezala hauteman du sufrimendua. Funtsezko ondorioa izan da ez direla pausoak eman pertsona askoren sufrimendua ulertzeko. Enpatia-ariketa bat egin behar dugu sufrimendua ulertzeko; batez ere, gure pentsaeratik urrutien dauden pertsonen sufrimendua ulertzeko. Azken finean, norberaren eta gizartearen eskuzabaltasunezko ariketa bat da, eta ezin dugu murriztaile jokatu. Biktimak baitira azken urteotan kalte larriak jasan dituzten pertsona guztiak.
Bukatzeko, itxaropenerako deia egin nahi dut. Jakin badakit zaila dela bizikidetzaren eta berradiskidetzearen zuhaitz honetan kimu berriak ikustea. Bake-prozesua blokatua eta trabatua dago. ETAk atentatuak egiten ditu eta ez dago elkarrizketarik. Hala eta guztiz ere, itxaropena berreskuratu behar dugu. Gutariko bakoitzak gure iritzia eman dezakegu. Hosto askok zuhaitza hazarazten duten bezala, jende askoren bakearen eta berradiskidetzearen aldeko iritzia erabakigarria da, berradiskidetzearen eta bizikidetzaren zuhaitza haziko bada.
2009ko uztailaren 22an
Argitalpen osoa
1. Eranskina: galdetegia
2. Eranskina: Txostenaren grafikoak
3. Eranskina: Jasotako ekarpen guztiak, hitzez hitz bilduta