Lokarri

Biktimen testigantzak plurala eta konstruktiboa izan behar du

2010-01-05
Behar bezala adostu ez den eztabaidagaia ikastetxeetara eramatea eragotzi behar da

Hainbat hedabidek gaur jakinarazi dutenez, Hiritarren Heziketa irakasgaiaren erreforma prestatzen ari da Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza saila indarkeriaren biktimen testigantzak jasotzea helburu. Lokarri akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren Sarearen iritzian, garrantzitsua da bultzatzea ikasleen artean indarkeria zuzenean eta larriki pairatu duten pertsona guztiekiko enpatia bizikidetasuna hobetzeko. Gainera, biktimen testigantza jasotzeko aukera eduki ahal izatea beharrezko ariketa da ezagutzeko helburu politikoak lortzeko ahaleginean indarkeria erabiltzeak edo Giza Eskubideak urratzeak ekar ditzakeen ondorio kaltegarriak.
 

Eusko Jaurlaritzaren proiektua ez da ezagutzen bere osotasunean, baina Lokarrik zenbait ekarpen proposatu nahi ditu bizikidetasun baketsu eta plural baten zimenduak finkatzeko aukera ona izan dadin.

 

Ikastetxeetan eskainiko den testigantzak plurala izan behar du, alegia, indarkeriaren biktima guztiei irekia. Ezagutzen den informazioaren arabera, terrorismoaren biktimen testigantzak eskainiko dira; hots, ETAren biktimei buruz ari dira. Gogoratu behar da iragan abenduaren 22an Eusko Jaurlaritzak aho batez onartu zuela motibazio politikoko biolentziak eragindako biktimei ordaintza egiteko eta errekonozitzeko ebazpen bat. Ezin da egin lehendabiziko eta bigarren mailako biktimen sailkapen bat. Batzuen testigantza agertzeak beste batzuena ezkutatu bitartean gure iragan hurbilenean jazotako giza eskubideen urraketen kontakizun ez osoa eta eta soilik alde batekoa erakustera darama.

 

Ikastetxeetan eskainiko den testigantzak konstruktiboa izan behar du, hau da, etorkizunean biktima gehiago egon ez daitezen eragoztera eta ezberdinen arteko bizikidetasuna defenditzera bideratua. Proiektuak saihetsi behar du bakarrik kaltea pairatu duenaren minari arreta eskaintzen dion testigantza erakustea. Bi arrazoirengatik da kaltegarria: 1) testigantza mota hori errepikatzeak eragotzi egiten du biktimak bere sufrimendua modu positiboan kanalizatu ahal izatea eta 2) azken batean, ikasleek iraganean gehiegi finkaturiko eta etorkizunari begiratzeko ahalmenik gabeko mezua jasotzeko arriskua dago.

 

 

Are gehiago, indarkeriaren biktimak ez dira kolektibo monolitiko bat. Mendekua aldarrikatu duten mezuetatik hasita elkarrizketa defenditzen duten mezuetara entzun ahal izan dira azken urteetan. Halaber, “borerreongandik biktimengandik baino hurbilago“ egotea -beren terminologia erabiliz- leporatu diote biktima batzuek euskal gizartearen alderdi bati. Horrenbestez, argi utzi behar da zer baliabide erabiliko dituen Hezkuntza Sailak mezua konstruktiboa izan dadin.  Bereziki garrantzitsua da baldin eta testigantzak modu presentzialean ematen badira.

 

Azkenik, biktimen testigantzak zein ikas mailatan eta zer-nolako formulak erabiliz emango diren erabakitzea ikastetxe bakoitzaren esku uztea proposatzen du proiektu honek. Egokia da ideia hau, aldatu egiten baita errealitatea ikastetxe batetik bestera. Hala ere, euskal gizartean ez da sendotasunez finkatu oinarrizko adostasuna biktimen gaiari eman behar zaio tratamenduari buruz. Arlo politikoan ere ez da finkatu, baina azken urteetan aurrerapauso handiak eman dira. Gai hau ikastetxeetara eramaten bada sor daiteke arazoa, irakasleek, ikasleek eta gurasoek ere euskal gizartearen beraren pluraltasuna islatzen duen kolektiboa osatzen baitute.


Hein batean, proiektua praktikara nola eraman ikastetxe bakoitzak aukeratzeko erabakiak gai honetan akordioak lortzeko dagoen ezintasuna eraman dezake hezitzea helburu duen tokira. Izan ere, hezitzea da ikastetxeen helburua, ez ordea politikoek konpontzen ez dutenari irtenbidea ematea. Horregatik guztiarengatik, Lokarrik proposatzen du proiektuaren behin betiko onarpena gauzatu aurretik Eusko Jaurlaritzak elkarrizketa eta kontsentsu prozesu bat ezar dezala alderdi politikoen artean.

Zure iritzia bidali