Lokarri

Lokarrik Bruselako Adierazpenerako atxikimendu kanpaina jarri du abian

2010-04-14

 

- ETAk su-etena deklaratzeko eta Gobernuak era egokian erantzuteko deiak beharrezko pausoak zehazten ditu bakeari aukera berri bat irekitzeko.

- Euskal gizartearen sostengua, nazioarteko sostengu honi gehituta, bultzada garrantzitsu eta erabakigarria da.

 

  

Egoeraren azterketa

Berriki, Lokarrik, akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren Sareak, bake prozesuaren egoeraren txosten bat aurkeztu du. Azterketa itxaropentsua da, baina bakerako aukera berri bati zailtasunak jartzen dizkion oztopo asko daude oraindik.

 

Azken hilabeteotan zenbait gertaera itxaropentsu bizi ahal izan ditugu. Horietako bi nabarmentzea komeni da: 1) "Zutik Euskal Herria" agiriaren aurkezpena, non Ezker Abertzaleak bere konpromisoa azaltzen duen bide politiko eta demokratiko huts eta indarkeria gabeziarekiko, Mitchell printzipioei atxikiz, eta 2) Bruselako Adierazpena, nazioarteko 20 liderrek izenpetuta. Bertan, ETAri deia egiten diote su-eten iraunkor eta egiaztatua deklaratzeko, hala, Gobernuak era egokian erantzunik, bakerako aurrerapausoei mesede egiteko.

 

Halere, sortutako aukera eta itxaropena oso ahulak dira. Oztopo garrantzitsuak daude. ETAk ez du konpromiso zehatzik hartu, su-eten bat kasu. Gobernua, bere azkeneko erabakiekin (Ezker Abertzaleko buruen atxiloketa, Alderdien Legearen gogortzea, etab.), ez dabil aukera berri honen finkatzea errazten. Ezker Abertzalea eta ETArekiko mesfidantza oso sakona da, bai gizartean zein alderdi politikoen zati handi batean. Mesfidantza hau aurrerapauso zehatzen gabeziak ere elikatzen du, hau da, bakea hurbilago dugula pentsatzera garamatzan benetako gertaera nabarien gabeziak.

 

Bruselako Adierazpenaren edukiak ezagutzera emateko kanpaina bat

Neguari dagokion Bake Prozesuaren Behatoki sozialaren azken txostenean, Lokarrik konpromisoa hartu zuen Bruselako Adierazpena ezagutzera emateko kanpaina abian jartzearekin, eta konpromiso hori betez, gaur aurkezten dugu ekimen hau.

 

Bruselako Adierazpenak ezin hobeki laburtzen ditu bake prozesu berri bat hasteko beharrezkoak diren pausoak. Alde batetik, ETAri deia egiten dio su-eten iraunkor eta egiaztatua deklaratzeko. Bestetik, Gobernua animatzen du su-eten horri erantzun egokia emateko. ETAren su-etena eta Gobernuaren erantzun egokia gertatuz gero, bakea lortzeko oztopo asko desagertuko lirateke. Gertaera zehatz eta errealak lirateke beharrezko itxaropen eta konfiantza ekarriko luketenak bakerantz aurrera egiteko era atzeraezinean.

 

Bruselako Adierazpenak nazioarteko sostengu oso garrantzitsua adierazten du bakea bultzatzeko. Ziur gaude lehenengo pausoa bakarrik dela. Bere deiak erantzuten badira, euskal gizarteak babes sendoa izango du etorkizuneko bake prozesu batean. Orain euskal gizartearen sostengua gehitu behar dugu. Tokiko eta nazioarteko bultzadak funtsezko ekarpenak dira aukera hau aprobetxatzeko ezinbesteko pausoak eman daitezen.

 

Hauek dira Bruselako Adierazpena sostengatzeko kanpainaren helburuak. Adurkeztu baino lehen, Lokarri hartu-emanetan jarri da Adierazpenaren bultzatzaileekin ekimenari buruz haien iritzia jakiteko, eta positiboa dela iritzi diote. Lokarrik bere edukiak ezagutzera emango ditu posta bidezko 10.000 foileto baino gehiagoren bidalketarekin, kalean 50.000 eskupaperen banaketarekin, 20 hitzaldirekin eta internet eta sare sozialetako lanarekin. Hau guztia ETAren su-etena eta Gobernuaren erantzun egokia bakerantz aurrera egiteko beharrezko pauso zehatzak direla uste duen pertsona ororen atxikimendua lortzeko asmoarekin. Adierazpena sostengatu nahi duten pertsona guztiek Lokarriren web orrian (www.lokarri.org) edo 902 42 10 10 telefonoan egin dezakete.

 


Azkeneko hausnarketa bat

Irekitako aukera oso ahula da. Ibiltzeko bide luzea geratzen da. Zehaztu egin behar da eta atzeraezina izan behar du. Gizarte bezala ezin dugu etsipen berri bat jasan. Arazo hau era ordenatu eta adostu batean konpontzeko gure gaitasuna dago jokoan. Giza eskubide eta pluraltasunari izandako errespetutik sortutako elkarbizitza eratzeko gure gaitasuna dago jokoan. Hilabete hauek erabakigarriak izango dira. Mandela, De Klerk, Currin, Hume, Williams eta gainontzeko nazioarteko adituek opari bat egin diote euskal gizarteari. Beren ospe eta izena arriskatzen daude bakea lortzeko gure helburuari lagunduz. Kanpaina hau beren esfortzua eskertzeko eta euskal gizartea, mesfidantza eta errezeloen gainetik, berriz ere saiatzeko prest dagoela frogatzeko modu bat da.


 
Ezagutzera eman

 

 

Iritziak

Bi aldeek onartuko balukete aurrerapen handia izango litzake, baina ez daukat hain garbi jada prest dauden horrelako pausu bat emateko, hau da behin betirako suetena eta EH aurkako jasarpena etetea. | | 15.04.2010 22:41
Pello Zabala Bengoetxea | Merezi du bultzada eder batez laguntzea 20 lagun prestu hauek egin dutena bere xedera iritsi dadin: bake eder bat eskertuko ta gozatuko du dena. | 15.04.2010 15:53

Zure iritzia bidali