Lokarri

D3Mk badu hauteskundeetara aurkezteko eskubidea

2009-01-15 Konponbiderik aurkezten ez duten iraganeko estrategietara itzultzeko errepikapenaz ohartarazi nahi du Lokarrik
 
Berriki aurkeztu den D3M plataforma Batasunaren ordezkotzat jo dute zenbait alderdi politikok eta hedabidek, aurreiritzita gainera lotura organikoa duela ETArekin. Hainbat ahotsek plataforma legez kanpo uztea eskatu dute Euskal Autonomia Erkidegoaren datozen hauteskundeetaa bere hautagai-zerrenda aurkez dezan ekiditeko. Gaiaren ildotik, Lokarrik adierazi nahi du bere nahia dela plataforma hau aipatu hauteskundeetara gainerako alderdi politikoen baldintza berberetan aurkeztu ahal izatea.
 
Eskubideak eta oinarrizko Askatasun demokratikoak daude jokan gai honetan. Hauteskunde batzuetan hautatua izateko, ideia politikoak defenditzeko eta hauteskundetarako alderdi eta plataformetan bildu eta taldekatzeko aukera oinarrizko eskubidea da Zuzenbide Estatu orotan eta erabat bermatuta egon behar du. Sistema demokratiko batek ezin du asmo izan herritarren alderdi garrantzitsu bati hauteskundeetan adierazteko aukera kentzea. Gure gizartean, herritarren alderdi garrantzitsu bat bat dator D3Mk ordezkatu nahi dituen ideia eta proiektuekin eta plataforma ezin da geratu osatuko den Eusko Legebiltzarretik kanpo, herritarren burujabetzaren egoitzatik kanpo alegia.
 
Horregatik, Lokarrik aldarrikatu nahi du datozen hauteskundeetara D3Mk aurkezteko duen eskubidea eta gaitzesten du hainbat alderdi sozial eta politikok eskatzen duten behin-behineko ilegalizazioa. Alderdi Politikoen legea dago arazo honen jatorrian eta, horrenbestez, lege hori indargabetzeko eskakizuna egiten du Lokarritik, bai eta erakunde politiko ezberdinen partaide izateagatik gaur egun espetxean dauden pertsona guztiak aske uzteko eskakizuna ere.
 
Eskubideen eta Askatasunen defentsari dagozkion gogoetatik harago, Lokarrik jakitera eman nahi du hautagai-zerrenda honen aurkezpenari buruzko beste balorazio bat. Zantzu guztien arabera, aurreko hauteskundeetako estrategia bera ari da errepikatzen. Plataforma bat aurkezten da jakinaren gainean egonda legez kanpo utziko dutela. Egoera hori salagarria da, baina beste zerbaitetaz ere ohartarazi beharra dago: azkenean aurkezteko aukerarik izango ez duen hautagai-zerrenda bat sinadura baten bidez sostengatzeko eskaerak ondorio negatiboa sortzen du herritarren artean.
 
Egungo blokeo, jarreren enkistamendu eta Giza Eskubideen urraketetara itzultzen gaituen egoerak ausardia eta adorea eskatzen dizkigu guztioi, baita Batasunak ordezkaturiko Ezker Abertzaleari, zeinak errealismo eta politikaren aldeko apustu egokia egin beharko luke. Deialdi hau ez dugu lotzen hauteskundeetara aurkezteko D3Mk indarkeria gaitzetsi edo baztertu behar duela azpimarratzen duen ideiarekin, izan ere, beste argumentu mota batzuetatik harago berezkoa duen eskubidea baita. Aitzitik, prozesuari irtenbiderik ematen ez dioten eta gure gizartearen bizikidetza hobetzen ez duten iraganeko dinamikak etengabe errepikatzen ari direla ohartazi nahi du Lokarrik.
 
2009ko urtarrilaren 15ean

Zure iritzia bidali