Lokarrik bere erabateko gaitzespena agertu nahi du ETAk bi Guardia Zibil hil dituelako Mallorcan eta bere elkartasuna eta laguntza eskaini nahi dizkie haien senide eta lagunei. Gainera, Lokarrik bere sostengua adierazi nahi die atzo Burgosen ETAk egindako atentatuan kalteak jaso zituzten pertsona guztiei.
Duela aste bat enpatia ariketa egiteko eskaera egiten genuen Lokarritik, indarkeriak eragiten duen sufrimendua ulertzeko; gaur, agerian da ETAko kideek ez diotela eskaintzen une bakar bat ere beren atentatuek eragiten dituzten biktimen larruan jartzeari. Ez dira kontziente atentatu hauen ondorioz kalte larri eta konponezina pairatu duten pertsonak sufritzen ari direnaz eta etorkizunean sufrituko dutenaz. Helburu bakar batek ere, oso zilegia izanik ere, ez du justifikatzen hain nahigabe handia.
Atentatu hauen bidez bere indarraren erakustaldia egitea izan bada ETAren helburua, oso oker dago. Nahi oro atentatu eginda ere, euskal gizartearen gehiengo zabalak argi eta garbi erakutsiko dio bere gaitzespena indarkeriari. Are gehiago, indarkeriaren amaeiera ordenatu bat errazteko herritarrek gero eta ahelegin gutxiago egitea dakar atentatu bakoitzak. Beharrezkoa da indarkeria baztertzeko prest dagoela dioen ETAren adierazpen zintzo eta frogagarria bake prozesu bat abiatzeko. Kontrakoak sufrimendua areagotzea eta gizartearen bake nahiari kasurik ez egitea baino ez dakar.
Azkenik, Lokarrik beste eskaera bat helarazi nahi dio Batasuna ordezkari duen Ezker Abertzaleari. Indarkeriaren amaieraren aldeko apustu egiten badu eta soilik bide politikoak erabiltzen baditu, izango da aukerarik bakerako bidea desblokeatzeko eta ETA behartzeko indarkeria baztertuko duen pausoa ematera. Ezker Abertzaleak bere gain hartu behar du erantzukizuna eta euskal gizartearen nahiak errespetatutak izan daitezen lagundu behar du.
2009ko uztailaren 30ean