ETAk jada hainbatetan agertu du ez diola begirunerik euskal gizartearen nahiari, eta eraso egiten diola. Badira adibide asko, berrikienak Barajasko T4 termminalaren kontrakoa eta ondorengo su-etenaren haustura. Biolentziaren amaiera eta pertsona guztien Giza Eskubideekiko errespetua eskatzen dituen euskal gizarte gehienaren nahia urratu du berriz ere gaur ETAk. Gainera, Hauteskundeak gauzatzeko 48 ordu eskas falta direnean apurtu du nahi hori, bozketan herritarren partaidetzarako eskubidea baldintzatu eta hertsatu nahian.
Badakigu hauteskunde hauen testuinguruan urratuak izan direla Estatu demokratiko baten oinarrizko askatasunak, Ezker Abertzaleak bultzaturiko hautagai-zerrendak aurkeztea debekatuz, baina horrek ez du arrazoitzen, ezta kasu bakar batean ere, pertsona baten bizitzari gizagabeki eraso egitea. Euskal Herriaren eskubideak defenditu baino ez duela egiten dio ETAk eraso egiten dien bitartean.
Bakea errespetatua izan dadin pausoak emateko euskal gizartearen nahia onartu edo alde batera utzi eta borroka armatuari eusteko hautuan ETAk bigarren aukerari heltzen badio, jakin beharko du iritsiko dela une bat zeinetan eragotziezina izango den haien eta herritar gehienen arteko urruntzea. Aitzakiek eta zuribideek ez dute balio: ETAk amaiera jarri behar dio biolentziari.
2008ko martxoak 7