Lokarri

Ezker Abertzaleko buruzagiak aske uzteko eskatu du Lokarrik

2010-03-26

 

-Lokarriren delegaritza bat Madrilera joan zen atzo Entzutegi Nazionalean eta Moncloan eskaerak aurkezteko.

-Navalcarnero espetxea era bisitatu zuen Arnaldo Otegiri gutun bat emateko.


Iragan otsailean, Lokarri akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren Sareak eskaera kanpaina bat jarri zuen abian espetxeraturik eta prozesaturik dauden Ezker Abertzaleko buruzagiak aska ditzaten eskatuz. 2.896 pertsonak erakutsi diote beren atxikimendua ekimen honi Entzutegi Nazionalari eta gobernuei bidalitako eskaera bat sinatuz.
 

Atzo, martxoaren 25ean, Lokarriren delegaritza bat Madrilera joan zen ekimena izenpetu duten pertsona guztiekin hitz emandako konpromisoa betetzera. Bildutako sinadurak Entzutegi Nazionalean eta Moncloa Jauregian aurkeztu ziren, Ezker Abertzaleko buruzagien askatasuna aldarrikatzen duen eskaerarekin batera.

 

Era berean, Navalcarnero espetxea bisitatu zuen bertan preso dagoen Arnaldo Otegiri gutun bat emateko. Gutunean, ekimenaren edukiak eta helburuak azaltzen dizkio Lokarrik. Espetxeko nagusiek gutuna hartzeari uko egin ziotenez, Lokarrik posta arruntez iristaraziko dio.

 

Bazterketan sakontzeko lege erreformak oztopo berri bat dira

Datozen udal eta foru hauteskundeetan Ezker Abertzalearen parte-hartzea debekatzeko Gobernuak egin nahi dituen lege aldaketen berria argitaratu dute hedabideek. Aukera honen aurrean, Lokarrik honako gogoetak adierazi nahi ditu:

 

1- Indarrean dagoen Alderdien Legeak politikatik baztertua uzten du euskal gizartearen zati garrantzitsu bat. Ezker Abertzalearen proposamenekin bat datozen herritarrek ez dute bozka ematerik hobekien ordezkatzen dituen alderdi politikoari eta urratuta daukate hauteskundeetara aurkezteko eskubidea.


2- Alderdien legea, Europa osoan murriztaileenetako bat, Batasuna eta Ezker Abertzalearekin identifikatzen diren alderdiak legez kanporatzeko asmo soilarekin atera zen. Beraz, "ad hoc" egindako legea da. Uste hau areagotu baino ez du egiten aipatu erreforma honek. Erreformak ez du bilatzen auzi orokorrei erantzutea, datozen hauteskundeetan Ezker Abertzaleak parte hartzeko aukerari baino ez dio begiratzen.

 

3- Aurreko aldietan, behintzat bakea lortzeko sortzen ari den aukerari oztopoak ez jartzea eskatu dio Lokarrik Gobernuari. Ministroen Kontseiluak gaur onartu nahi duen erreformak oztopo berriak gaineratzen ditu: orainean, oinarrizko askatasun demokratikoen urraketan sakontzen ari direlako; etorkizunari begira, bake prozesu berri baterako aukera errealitate bilakatuz gero konpondu beharko den beste arazo bat gaineratzen diotelako.

 

Arrazoi hauengatik, Lokarrik uste dut erreforma hau oztopo berria dela bakea eta elkarbizitza lortzeko bidean. Gobernuak ez luke erreforma hau onartu behar eta, aldiz, Alderdien Legeari berraztertu beharko luke euskal gizartearen sektore guztiak aukera berdintasunean aurkeztu ahal daitezen datozen hauteskudeetan.

 


Ezagutzera eman

 

 

Zure iritzia bidali