2- Zer neurri hartu behar dira mehatxupean dauden Giza Eskubideak bermatzeko?
Begi-bistan da indarkeria arbuiatzea dela lehendabiziko pausoa. Ildo honetatik, uste dugu bere autonomia garatzea dagokiola ezker abertzaleari eta abian jarri behar duela hasunarketarako eztabaida zintzo eta sakon bat ideia eta giza eskubide guztiak errespetatzeko beharrari buruz.
3- Zein da zuen iritzia D3M eta Askatasunaren zerrendak baliogabetzeari buruz?
Definizioz, ideiak eta proiektuak legez kanpo uztea demokraziaren kontrakoa da. Terrorismoaren aurkako borrokan laburbiderik ez dagoela adierazi dugu beti. 80ko hamarkadan Felipe Gonzalez okertu egin zen Estatu-hilketa bultzatuz eta Zapatero ere oker ari da D3M edo Askatasuna legez kanporatuz politikari eta hauteskundeei begirako kalkuluei jarraituz. Patxi Lopezi Lehendakaritzara igotzen laguntzea dute xede kalkulu horiek, PPren sostenguarekin, bozkek eta aulkiek horretarako aukera ematen badiote.
4- Beharrezkoa iruditzen zaizue akordio politiko berri bat? Nola defini liteke?
Akordio politiko irmo bat Euskadin, euskal herritarrengatik eta euskal herritarrentzat, Estatuarekin elkarrizketa eta hitzarmenetik abiatuta, beharrezkoa da Gernikako Estatua onartu zenetik 30 urte igaro direlarik eta oraindik 36 transferentzia daudelarik bete gabe. Logikoki, etsipena sortzen du horrek. Ezker Batua Berdeak federalismoa proposatzen du bizikidetza eta bilgune marko bezala, uste dugulako, bene-benetan, autogobernu-marko propioa eta sakona sendotzen duela. Marko horren oinarrian dira: errespetua euskal gizarteak bere etorkizuna erabakitzeko eskubideari eta bizikidetza normalizatua Estatuko beste herriekin, inposaketarik eta esku-sartzerik gabe, baina bai aintzat hartuta elkar-ardura eta elkartasun irizpideak.
5- Jasotzen al du zuen programak herri-kontsultak deitzearen inguruko proposamenik? Zein?
Ezker Batua-Berdeak demokrazia zuzena aldarrikatzen du, praktikan boterea erakundeen eta herritarren artean partekatzen duen demokrazia alegia. Herri-Partaidetza lege bat onestearen alde egiten dugu apustu, galdeketak bizitza publikoaren alor guztietan arautuko dituen lege baten alde, ez soilik Estatuarekiko harremanekin edo eremu publikoekin lotutakoetan. Halaber, badugu beste gai batzuez erabakitzeko eskubidea: eredu ekonomikoaz, fiskalaz, sozialaz, ingurumenaz eta genero berdintasunarekin eta herritarren eskubide berriekin zerikusia duten gaiez, beste batzuen artean.
Gizartea, zenbaitzuetan, bere instituzioak eta ordezkari dituen alderdi politikoak baino helduagoa da. Horregatik, halaber, garrantzitsua da botera partekatzea, gizartea baita bere instituzioak eta alderdi politikoak mugitzera behartzen dituena. Buruan ditut, adibidez, era duinean hiltzeko eskubidea eta erausketa-instalazioen edo zentral termikoen aurkako herritarren kontzientzia.
6- Zer-nolako garrantzia ematen diozue herri-partaidetzeari? Baduzue egitasmo zehatzik partaidetza hori bultzatzeko?
Herri-partaidetza demokrazia zuzenaren oinarria da eta, aurreko erantzunean esan dudan bezala, ez da bakarrik gizarteari informazioa ematea eta gizartearen informazioa biltzea, askoz gehiago da. Gizartearen ahotsa entzutea da, aintzat hartzea bere proposamenak eta, hala jazotzen bada, horiek exekutatzea. Herri-partaidetza boterea, aurretik elkarrekin hartutako erabakiak konpartitzea da, baina betiere lehenetsiz herritarren nahia alderdi politikoenaren gainetik. Gizarte-transferentzia handia eskatzen du, iraultza hadia, eta alderdi politiko nagusiek eta gure instituzioek horregatik erakusten diote halako errezeloa partaidetzarako bideak sustatzeari. Ordezkaritza-demokraziatik demokrazia zuzenera igaro behar dugu, bigarren hori demokrazia erabakitzailea baino osatuagoa eta parte-hartzaileagoa delako, nire ustez. Demokrazia erabaikitzaileak entzun egiten du herritarren ahotsa, baina instituzioek eta alderdi politikoek dute azken hitza.
7- Zer ildo estrategiko garatu nahi duzue Bakerako Heziketa alorrean?
Belaunaldi berriak bakea, errespetua, tolerantzia eta bizikidetza baloreen testuinguru batean hezitzea da erronka eta, nire ustean, jada oso ongi ari dira lanean eginkizun horretan ikastetxeetan, sentsibilizazio eta kontzientziazio proiektu eta egitarauen bidez, giza eskubideen defentsari dagokionez, eta era integralean; hau da, barnean sartuta eskubide poltikoak, sozialak, kulturalak, ekonomikoak, ingurumenekoak eta generokoak, ez solik gure ingurune hurbilenean, Euskadin, baita mundu osoan ere. Egia da urrats garrantzitsuak egin ditugula, baina oraindik bada lan handia egiteko eta gizarte eragileek izan behar dute lan horren buru, instituzioekin eta alderdi politikoekin elkarlanean. Aitzitik, protagonistak herritarrek beraiek izan behar dute.