Lokarri

Lokarrik elkarretaratzea egingo du larunbatean Ajuria Enea aurrean

2008-04-17

Jada 7.000 posta elektroniko bidali zaizkie Zapatero Presidenteari, Ibarretxe Lehendakariari, Sanz Presidenteari, alderdi politikoei eta ETAri

 

Gaur goizean Bilbon izandako atentatua gaitzetsi du Lokarrik

Lokarri akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren Sareak elkarretaratzea egingo du datorren larunbat honetan, apirilaren 19an, 12.00etan, Ajuria Enea Jauregiaren aurrean Ibarretxe Lehendakariari eskatzeko ahalik eta ahalegin handiena egin dezala Euskadiko gizartearen bizikidetza hobetzeko akordio politikoa ekarriko duen elkarrizketa-prozesua abiarazteko, batetik; bestetik, joan den irailean aurkeztu zuen herri-kontsulta deitzea eskatu nahi dio Lokarrik elkarretaratze horretan euskal herritarrek aukera izan dezaten beren nahia adierazteko, bakean eta demokratikoki.

 

Elkarretaratze hau, iragan larunbata 12an Iruñean, Nafarroako Jauregiaren aurrean, egindakoa eta gero Sareak gauzatuko duen bigarrena, Lokarrik bultzaturiko "Jaso al duzu mezua?: akordioa lortzea, kontsulta deitzea" izeneko kanpainaren baitan dago. Zapatero Presidenteari, Ibarretxe Lehendakariari, Sanz Presidenteari eta alderdi politikoei zuzendutako milaka email bidaltzea da ekimenaren helburua akordio bat lortu eta kontsulta bat deitzeko ahalegina gauza dezaten eskatuz, bai eta ETAri biolentzia bazter dezan eskatuz.

 

Dagoeneko, 7.000 mezu elektroniko baino gehiago bidali dira www.lokarri.org/jasoalduzumezua web orriaren bidez, eta kopuru hori erraz gainditzea espero du Lokarrik kanpaina bukatu baino lehen, maiatzaren 11n.

 

Erabateko gaitzespena ETAk Abusun egindako atentatuari

Lokarrik erabateko gaitzespena agertu nahi dio gaur ETAk Bilboko Abusu auzoko Herriko Etxean egindako atentatuari. Era berean, gure elkartasuna adierazi nahi diegu atentatuan zauritutako ertzainei eta PSEko militanteei.


Bakean eta bizikidetzan oinarrituriko etorkizun baten alde, Giza Eskubideekiko errespetuaren alde eta euskal gizartearen ahobatezko nahiaren alde, biolentzia baztertuko duela adierazten duen komunikatu argi eta zehatza eskatzen diogu ETAri.

 

 

2008ko apirilak 17


Zure iritzia bidali