Egun horretan bertan Gernikako Estatutua onartu zuteneko hogeita hamargarren urtemuga ospatuko da. Bake-prozesuaren blokeo eta okerragotze aldi batekin bat dator urtemuga. Patxi Lopez Lehendakaria buru duen Eusko Jaurlaritzak alde bakarreko estrategia baten alde egin du apustu euskal gizarteak pairatzen dituen indarkeria eta bizikidetza arazoak konpontzeko. Hauteskunde aurreko kanpainan elkarrizketa gehiago eta akordio transbersal gehiago iragarri zituen. Aldiz, oinarrizko askatasun demokratikoen murrizketan, bazterkerian eta elkarrizketa bultzatzeko ukazioan oinarritzen ari da bere gobernu ekintza. Estrategia horren adibide argiak dira: sostengua Batasunak ordezkaturiko ezker abertzaleko buruen atxiloketei, preso eta atxilotutako pertsonen eskubideen aldeko kartelak kentzea eta manifestazioen debekua. Era berean, ez da bultzatu ekimen bakar bat ere elkarrizketa sustatzeko eta akordio berriak lortzeko gure bizikidetza markoari buruz.
Eusko Jaurlaritzaren alde bakarreko estrategia horrek oztopoak jartzen dizkio euskal gizartearen nahiari: hots, indarkeriaren amaiera ordenatua lortzeko eta, azken batean, bizikidetza egokia, inor baztertzen ez duena, aniztasuna errespetatzen duena eta, batez ere, akordio berrien gainean eraikia, lortzeko nahiari.
Gizarte bezala, badugu alternatiba bat bakean, bizikidetzan eta berradiskidetzean oinarrituriko etorkizuna gauzatzeko. Aukerabide horrek beharrezkoa du indarkeriaren amaiera, giza eskubide guztiekiko errespetua eta elkarrizketa politiko bat, inor baztertu gabe, abian jartzea. Hain zuzen, Lokarri Ajuria Enea aurrean bilduko da Eusko Jaurlaritzari eskatzeko bere estrategian aldaketa gauzatzea. Bake-prozesua honako printzipioen gainean sustatzea datza aldaketa: errespetua askatasun demokratikoei, elkarrizketa, akordioa eta kontsulta. Gaur inoiz baino beharrezkoagoa da etorkizunean gerta ez dadin azken 30 urteotan jazotakoa.
Blokeoaren aurrean etsitzen ez duten eta bake, bizikidetza eta berradiskidetze amets hau partekatzen duten pertsona guztiak elkarretaratzean parte hartzera animatu nahi ditu Lokarrik.