Lokarri

Lokarrik bere kezka azaldu du Segiko kideen atxiloketak direla eta

2009-11-24 Inkomunikazio erregimena ezarri ez dadila eskatzen du Lokarrik

 

Segiko 36 kideen atxiloketen harira, Lokarrik, akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren Sareak, ondorengo gogoetak egin nahi ditu:
 

1- Estatuak atxilotuen oinarrizko Giza Eskubideen errespetua bermatu behar du. NBEko Torturaren aurkako Komisioak duela gutxi atera duen txostenean ohartarazten du inkomunikazio erregimenak tratu txarrak eta tortura ekiditeko Zuzenbide Estatu baten babesak urratzen dituela. Gomendio hauek jarraituz atxilotuei inkomunikazio erregimena ez aplikatzea, abokatua hautatzen uztea eta haien konfidantzazko mediku baten bisita jasotzea eskatzen dugu.

 

2- Atxilotuen errugabetasun-presuntzioa printzipio gidaria da Zuzenbide Estatu batean. Atxiloketa hauen inguruan antolatutako zirku mediatikoak, argazki eta bideo grabazioak barne, kalte konponezina sor dezake formalki salatu edo zigortuak izan ez diren pertsonengan.

 

3- Atxiloketa hauek sortzen duten ardura areagotu egiten dute aurrekariek. Lehenago ere antolatu ziren asmo prebentiboa zuten antzeko operazioak, hau da, ustez ETAko kide bihur zitezkeen baina oraindik hala egin ez zuten pertsonak atxilotu zituzten. Azkenik, kartzelan urte asko pasa ondoren, prebentiboki atxilotutako pertsonen gehiengo handia aske geratu da kargurik gabe, kartzelako egonaldi justifikatu gabeak sortutako kaltea konponezina izan arren.

 

4- Segiko militantzia politikoa ez da delitua. 18/98 eta Jarrai/Haika/Segi sumarioen ondorioz, zeintzuk "dena da ETA" gogoetarekin bukatu ziren, Segi legez kanpo dago. Baina Segiko militantziak ETArekin kolaboratzea aurresuposatzen duela ondorioztatzea funtsik gabe, adierazpen, bilera eta elkarte askatasunak urratzen dituen jauzi juridikoa eratzen du.

 


Honengatik guztiarengatik, Lokarrik atxilotuei inkomunikazio erregimena ez dadila aplikatu, defentsa egokia bermatu dadila eta ondorio konponezinak, prebentzio-kartzela kasu, eduki ditzaketen neurriak ez daitezela hartu eskatzen du.

 

Azkenik, Lokarrik adierazi nahi du bakerako bidea giza eskubideen eta oinarrizko askatasun demokratikoen errespetu arduratsuan oinarrituta dagoela, eta ez ilegalizazioetan edo euskal gizartearen zati baten bazterketa politikoan.

 

2009ko azaroaren 24an

 

Zure iritzia bidali