Lokarri

Lokarri berriz ere itxi egingo da, larunbatean Gasteizen

2009-05-06

Preso eta atxiloturik dauden pertsona guztien Giza Eskubideak bermatzea ahalbidetuko duten proposamen zehatzak adostea da helbura


Internet bidez ere ekimenaren segimendua egin eta parte har daiteke

Bakerako prozesuan herri-partaidetza bultzatu eta erraztea jarri du Lokarrik bere lehentasunen artean. Honako ustean oinarritzen da sinesmen hau: herri-partaidetzak badu ahalmena bakea lortzen laguntzeko eta euskal gizarteak pairatzen dituen bizikidetza arazoetarako konponbideen prozesua desblokeatzeko.

  1. Partaidetzak lagundu egiten du bakea eraikitzen, gure bizikidetza desitxuratzen duten aferak konpontzeko bide demokratikoa legitimizatzen duelako. Herritarrek beren iritzia eta nahia adierazi ahal izateko aukera ezberdinak zabaltzen diren heinean, gero eta toki txikiagoa uzten da indarkeria gure gizarteak pairatzen dituen arazoei aurre egiteko konponbide bakarra dela justifikatzeko.
  2. Prozesua desblokeatzen laguntzen du partaidetzak, izan ere, bakearen eta normalizazio politikoaren alde aurrera egiteko konponbide zehatzak eskaintzen ez diren bitartean, herri-partaidetza tresna baliagarria eta bideragarria da bake eta normalizazio prozesua ahalbidetuko duten baldintzak sortzeko.


Lokarri Gasteizen itxi egingo da

Iragan martxoaren 28an lehendabiziko Itxialdia egin genuen, Bilbon, eta ehun pertsona baino gehiagok parte hartu zuten indarkeriaren amaieraz hitz eginez. Lokarriren web orrian lehendabiziko Itxialdiaren bideo bat eta emaitzak daude ikusgai.

Datorren maiatzaren 9an, larunbatean, berriz ere itxi egingo gara, Gasteizen, Aingeruen Ama Birjinaren Elizan (Bastiturri, 4). Itxi egingo gara hitz egiteko eta akordioetara iristeko honako galderaren inguruan: Zer egin dezake gure gizarteak preso eta atxilotutakoen giza eskubide guztiekiko errespetua bermatzeko?


Egitaraua eta ekimenaren dinamika

Aurkezpen sarrera bat egin eta gero, mahai-inguru bat izango da 12.30ak arte "Preso eta atxiloturik dauden pertsonen giza eskubideak bermatzeko proposamenak" izenburupean. Giza Eskubideen Behatokiko, Etxerat elkarteko eta Espetxe Pastoraleko hainbat ordezkarik parte hartuko dute hizketaldian. Horietako bakoitzak preso eta atxilotutako pertsonen Giza Eskubideen egoerari buruzko bere azterketa aurkeztuko du.

Behin mahai-ingurua bukatuta, talde-lana abiatuko dugu. Gaiari buruzko ikuspegi ezberdinak partekatuko ditugu, partaidetza metodologia bati esker eta dinamizatzaile talde batek lagunduta. Preso eta atxiloturik dauden pertsonen giza eskubideak babesteko proposamen berritzaileak bilatzeko elkarrizketa lasai baina sakona eskaini nahi du aukeratutako metodologiak. Ondoren, behin bazkalduta, berriz ere dinamika erraz eta parte-hartzaile baten bidez, saiatuko gara zehazten zer egin behar duen gizartek preso eta atxiloturik dauden pertsonen giza eskubideen aldeko errespetua sustatzeko.

Jardunaldi osoan zehar egindako lanaren emaitzarekin aurkezpenarekin bukatuko da bigarren Itxialdia.

Partaidetza internet bidez

Lokarrik bi bide eskaintzen ditu ekarpenak iristarazteko eta eztabaida, hausnarketa errazteko. Jasotako proposamen guztiak maiatzaren 9an bertan garatuko den elkarrizketa-dinamikara gaineratuko dira.

a) Twitter. Microblogging-eko sare sozial honen bidez parte hartu ahalko da. Indarkeriaren amaiera lortzeko beharrezkoak diren pausoei buruz beren ekarpenak edo ideiak agertu nahi dituzten pertsonek horiek idatzi egin beharko dituzte #encerrados etiketa gaineratuz, horien guztien segimendua egin ahal izateko.

b) Lokarriren webgunean eztabaidara zuzenean ekarpenak bidaltzeko aukera ematen duen galdetegia jarri da eskuragarri bisitari guztientzat.

Gainera, hitzaldiak eta mahai-inguruak zuzenean emitituko dira Lokarriren kanalaren bidez Ustream. Azkenik, hainbat blogzale gonbidatu dira ekitaldira zuzenean beren iritziak partekatzeko Twitter bidez.


Esperientzia honen emaitza

Jardunaldiaren bukaeran indarkeriaren amaierari buruzko proposamen zehatz batzuk izatea espero dugu, parte-hartzaileek jardunaldian zehar eztabaidatuak eta jorratutak, eta preso eta atxiloturiko pertsonen Giza Eskubideekiko errespetua bermatzeko ekintza sozialetan gauzatu ahalko dira. Elkarrizketa jardunaldiaren emaitzak interneten argitaratuko dira. Halaber, uda aurreko Itxialdi hauen esperientzien prozesu parte-hartzailearen txosten bat egingo da eta alderdi politikoei, erakundeei eta gizarte mugimenduei bidaliko zaie. Interneten jarriko da eskuragarri interesaturik dauden pertsona guztiek irakurri ahal dezaten.

Pertsona orok parte-har dezake

Interesaturik dagoen pertsona oro bertara daiteke ekitaldira, bai goizez nola arratsaldez. Baiztapena eskatzen da. Izena 902 42 10 10 telefonoan edo info@lokarri.org helbidean eman daiteke.


Hedabideak ere gonbidatuta daude irudiak hartzera eta parte hartzaileen iritziak jasotzera. Argibide gehiago 94 435 51 17 edo 635 731 437 (Manu) telefono zenbakietan.

2009ko maiatzak 6


Zure iritzia bidali