Maiatzaren 31n, larunbatean, amaiera emango zaio ekimenari ekitaldi baten bidez ETAri eskatzeko behin betiko bazter dezala indarkeria
"Jaso al duzu mezua?" kanpainaren balantzea
Apirilaren 8an Lokarrik abian jarri zuen ekimen bat akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren agindua "Jaso al duzu mezua? Akordioa lortzea, kontsulta deitzea" lelopean. Honakoa zen ekimenaren helburua: Presidente Zapatero Presidenteari, Ibarretxe Lehendakariari, Sanz Presidenteari eta alderdi politikoei zuzenduriko milaka email bidaltzea akordio politiko bat helburu izango zuen elkarrizketa prozesu bat abiatzeko eskatuz, bai eta herri kontsulta bat dei dezatela eskatuz ere euskal eta nafar herritarrek aukera izan dezaten beren nahia bakean eta demokratikoki adierazteko.
Gaurdaino, jada 14.000 posta elektroniko bidali zaizkie aipaturiko ordezkari politikoei. Elkarrizketaren, akordioaren eta kontsultaren aldeko agindu horrek ez du islarik izan negoziazio prozesu batean, baina behintzat, mezu horiek, Nafarroako Foru Jauregiaren, Ajuria Enearen eta Moncloaren aurrean egindako elkarretaratzeekin batera, baliagarriak izan dira agerian uzteko gure herritarren zati handi batek biziki eskatzen duela lan egitea eraikitzeko sentsibilitate politiko guztiek tokia izango duten eta gizarteak azken hitza edukiko duen euskal eta nafar gizartearentzako etorkizun bat.
Indarkeria uzteko agindua ETAri
Ordezkari politikoentzako mezuez gainera, ETAri email bat bidaltzeko aukera eskaini du Lokarrik kanpaina honen bidez. Indarkeria uzteko eta giza eskubideak errespatzeko agindua helarazten zaio ETAri mezu horretan. Mezua zuzenean ETAri iristarazteko ezintasuna zela eta, Lokarrik bere gain hartu zuen ETAk herritarren eskaera hau jaso ahal izateko mekanismoak topatzeko ardura. Azkenik, eta aukera ezberdinak aztertu ondoren, Henry Dunant Zentrora bidali ditu Lokarrik mezu horiek ETAri iristarazteko eskatuz. Beharrezkoa da gogoratzea zentro horrek espainiar Gobernuaren eta ETAren arteko harremanak erraztu zituela berriki gauzatutako bake prozesuan. Horrenbestez, oso litekeena da ETArekin harremanetan jartzeko baliabideren bat izatea beren eskuetan.
Bestalde, Lokarrik jendaurreko ekitaldi bat antolatu du datorren larunbaterako, maiatzaren 31rako, 12.00etan, Arriaga Antzokiko plazan, indarkeria uzteko eta Giza Eskubideak errespetatzeko aipatu aginduari eustea xede eta ETAri helarazteko baduela indarkeria uzteko eginkizun etiko eta morala. Giza duintasunarekiko eta oinarrizko Eskubideekiko begirunean du tokia betebehar etikoak, bizitzeko Eskubidetik abiatuta. ETAk, halaber, betebehar morala du euskal gizarte guztiarekin, izan ere, indarkeriaz baliatzera itzuli izanak, herritar gehienen nahia alde batera utziz, murriztu zituen azken bake prozesuan finkaturiko itxaropenak. Bilduko diren pertsona guztiek ETAri honako aldarrikapena egiteko esparrua izan nahi du ekitaldiak: indarkeria utz dezala, sufrimendua eta Giza Eskubideen urratzea bazter dezala, eta euskal gizartearen bake nahiei erantzun bat eman diezaiela.
2008ko maiatzak 27