Lokarri

Lokarri Udalbiltzako auzipetuak babesteko manifestaziora joango da

2010-07-15

 

Prentsa ohar honen bidez, Lokarrik, akordioa eta kontsultaren aldeko herritarren Sareak, bere babesa azaldu nahi dio Udalbiltza kasuan auzipetutako pertsonen absoluzioa eskatzeko larunbat honetan Bilbon egingo den manifestazioari.

 

Epaiketarako 7 urteko itxaronaldiaren ostean, gaur, osteguna, hasten da Udalbiltzaren aurkako epaiketa. Gertaera hau soilik nahikoa da jarrera kritikoa mantentzeko. Luzapen desegoki honek kalte konponezinak sortu ditu auzipetuengan. Babes judizial eraginkorra izateko euren eskubidea ez da bermatu, edozein Zuzenbidezko Estatutan exijitu daitekeen bezala.

Gure gizartearen zati baten beste oinarrizko eskubide eta askatasun demokratiko batzuk ere urratu dira. Udalbiltzak, eta berak bultzatutako proiektuek, herritarrek emandako legitimitatea daukate, hauteskundeetan aukeratutako karguek osatzen duten heinean. Beren ideien alde egindako lana, hautesleengandik jasotako mandatua betez, politikoki kritikatzeko modukoa izan daiteke, baina inoiz ere ez judizialki jazartzeko modukoa.

Gainera, epaiketa hau ez dago egungo momentu politikotik kanpo. Orain aukera berriak daude bake iraunkor batera aurrera egiteko. Guztion helburua izan behar da era positibo eta eraikitzailean laguntzea bakea lortzea posible egingo duten baldintzak sortzeko. Ideien  kriminalizazioa, oinarrizko eskubide eta askatasun demokratikoen murrizketa, edozein momentutan negatiboak izanik, oraindik  eta ezin justifikatuzkoagoak dira egungo testuinguruan. Egin beharrekoa inklusioaren alde lan egitea da, eta ez iraganeko estrategiak mantentzen jarraitu.

Honengatik guztiarengatik, Lokarriko ordezkaritza bat larunbat honetan, uztailak 17, 17:30etan Bilboko La Casillatik abiatuko den manifestaziora joango da. Era berean, gure kolaboratzaile eta kide guztiak parte hartzera eta auzipetuen absoluzioa aldarrikatzera  animatzen ditugu.

2010eko uztailaren 15ean

Zure iritzia bidali