Indarkeriaren behin betiko etetea iragarriz ETAk ezagutzera emandako agiriaren ondoren, inor baztertuko ez duen elkarbizitza eredu bat eratzeko erronka du euskal gizarteak, eta beste gauza batzuen artean, gizatiartzea eskatzen du horrek. Preso dauden pertsonen eta haien senideen kasu zehatzean, gizatiartzeak beharrezko ditu sakabanaketaren amaiera, espetxe-onuretarako aukera izatea eta baldintzen hobekuntza espetxean.
Memento berri honetan ezin da jardun iraganeko estrategia berberekin. Terrorismoaren aurkako borrokaren baliabide bezala erabili da espetxe politika, ETAko kide izateagatik edo ETArekin kolaboratzeagatik zigortutako pertsona guztiei jarritako zigorraldien konplitze baldintzak gaizkiagotuz. Memento berriak eta elkarbizitzaren eraikuntzak estrategiak berrikustea eskatzen dute eta espetxe politika ere barne hartzen du horrek. Espetxe politikak ezin du izaten jarraitu terrorismoaren aurkako baliabide bat, gizarteratzeko baliabide bat baizik.
Horregatik guztiarengatik, bere gizarte sareko pertsona guztiak datorren larunbat honetan, urtarrilaren 7an, Bilboko kaleak zeharkatuko dituen Egin dezagun bidea-k deituriko manifestazioan parte hartzera animatu nahi ditu Lokarrik.