Sentsibilitate politiko ezberdinetako gazteek Belfastera bidaia egingo dute
Lokarrik "Berradiskidetzearen zubiak eraikiz" proiektua ezagutzera eman nahi du. Euskal gizarteko sentsibilitate politiko ezberdinetako ordezkari gazteei berradiskidetze soziala eta elkarrizketarekin lotutako gaien inguruan Ipar Irlandako gizarteak duen esperientzia ezagutzeko aukera ematea da bere helburua. Proiektuaren zati batek Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saileko Gazteria Zuzendaritzaren finantzaketa du.
Proiektua gazte talde honek hurrengo abenduaren 1etik 4ra Belfastera, Ipar Irlandan, egingo duen bidaian datza nagusiki. Bidaia honetan Ipar Irlandako erakunde eta instituzioekin topaketak egingo dira azken urteotan garatu duten bizikidetzaren hobekuntza eta berradiskidetze sozialaren prozesuaren inguruko esperientzia ezberdinak ezagutzeko. Horretarako, Lokarrik Harold Good artzainaren laguntza dauka, IRAren desarmearen lekukoetako bat izan zena Alec Reidekin batera eta elkarrizketa eta berradiskidetze prozesuen erraztaile lanetan eskarmentu handikoa.
Lokarrik EAEko eta Nafarroako alderdi politikoen gazte erakundeak gonbidatu ditu, eta azkenik honako ordezkarien partaidetza izango du, Lokarriko ordezkariez gain:
- Batiste Ezeiza, Euskadiko Gazteriaren Kontseilua
- Andoni Rojo, Gazte Independentistak
- Jonathan Martinez, Alternatiba,
- Koldo Gutierrez, Euskadiko Gazte Sozialistak
- Maider Carrere, Gazte Abertzaleak
- Mikel Anderez, Iratzarri
- Rut Martínez, EAJ
Bidaiaren edukiak partaide guztiekin berrikusi dira, agenda osatzeko edo ekimen honek izan dezakeen jarraipenari begira proposamen eta ideiak gehitzeko helburuarekin.
Aurreikusitako agendak hiru zati ditu:
1) Memoria, justizia, osoko ordaintza eta bizikidetzaren inguruan biktimekin lan egiten duten erakundeekin bilerak eta bisitak. Zati honen baitan taldeak erakunde hauen lana ezagutuko du: Wave, Healing through remembering, Relatives for justice eta Corrymeela.
2) Ordezkari politikoekin bilerak hainbat unetan, Stormont-eko Ipar Irlandako Biltzarrera bisita bat eta SDLP, Alliance Party edo Sinn Féin-eko gazteekin topaketak barne.
3) Mahai-ingurua ordezkari errepublikano eta unionistekin, komunikabideetako ordezkariak eta talde armatuetako kide ohiekin.
Hau guztia taldeak hausnarketarako eta iritzien elkartrukerako izango dituen uneekin lagunduko da.
Hala, euskal gaztediaren ordezkari ezberdinen arteko hausnarketarako topagune plurala erraztu nahi da, haiek baitira epe luzean bizikidetza eraikitzailerako oinarriak sortzeko erronkari aurre egin beharko diotenak. Gaztedia giltzarria da eta izango da konpartitutako etorkizun hori lantzeko garaian.