Kontsulta integratzailea dela eta gizartea batzen duela berresten du Lokarrik
Integratzailea da kontsulta
Agerian geratu denez, bakerako eta normalizaziorako bidea desblokeatzeari begira herri kontsulta bat deitzeko proposamenak ez du kontsentsu handiegirik lortu alderdi politikoen artean. Komenigarria izango zatekeen ondoren kontsulta batean berretsiko zen bazterketarik gabeko akordio bat lortzea aurretik, baina oinarrizko adostasun hori ez da posible izan, batez ere alderdi politiko batzuek uko egin diotelako benetako elkarrizketa prozesu bat hasteari, zeinak akordio politiko bat zuen helburutzat. Orain, elkarrizketa erraztu ez dutenek diote kontsultak gizartea zatikatu eta hautsi egiten duela.
Gure aniztasuna bakean eta demokratikoki batzeko eta kudeatzeko baliagarria den oinarrizko akordio bat behar du euskal gizarteak. Euskal gizartea elkarrizketari eta akordiari uko egiten zaien egoera batean edukitzeak gure bizikidetza hobetzea eragozten du. Gure arazoak konpontzeko funtsezko printzipio batzuei buruz herrritarrei galdetzeko balio duen kontsulta bat legezko ariketa demokratiko bat da, arrunta eta ohikoa Europako toki askotan. Demokraziaren ikuspuntutik, ezin da argudiatu haustura arrisku hori. Kontsultak ez du bereizten, elkarrizketa eta akordio ezak galerazten digute gure zatiketak gainditzea.
Baldintza bat kontsulta integratzailea izan dadin: informatu eta parte hartu
Kontsulta integratzailea izateko helburuak, batzeko baliagarria izateak, bi baldintza eskatzen ditu: 1) kontsulta egunean partaidetza maila altua izatea eta 2) planteaturiko galderen erantzuna hausnarketa eta ardura prozesu baten emaitza izatea. Partaidetza maila altua izateak eta herritarren erantzuna hausnartua eta arduratsua izateak honakoa eskatzen dute: kontsulta egin aurretik kontsulta beraren edukiei buruz informazioa zabaltzea eta herritarren eztabaida eta hausnarketa erraztea.
Ildo horretatik, Lokarrik gabezia bat ikusten du Eusko Jaurlaritzak aurkezturiko Lege proposamenean, kanpainak egiteko dirulaguntzak soilik alderdi politikoei ematea baino ez baitu kontuan hartzen, kontsulta hau hauteskunde prozesu bat gehiago bailitzan. Aldiz, kontsulta hau ardura eta erronka handiagoa da herritarrentzat, bakea eta normalizazio politikoa bezain gai garrantzitsuenen gainean beren nahia adierazi behar duten heinean. Gainera, demokrazia zuzenaren ariketa berritzailea da eta ez gaude oso ohituak ariketa horretara. Horregatik guztiarengatik, kontsultaz informatzeko eta kontsultan parte hartzeko sustapen plangintza bat proposatu nahi die Lokarrik Gobernuari, Legebiltzarrari eta euskal alderdi politikoei.
Kontsultaz informatzeko eta parte hartzeko proposamen bat
Proposamen honek 3 lan ildo eta 10 ekintza zehatz jasotzen ditu, eta horiek martxan jartzeko eta garatzeko beharrezkoa izango da aurrekontu-sail berezi bat.
-Informazio zuzena
Jarduera ildo honen helburua da kontsultaren edukiari buruz informazio zuzena (galderak eta kontsulta egiteko mekanismoa) eskaintzea herritar guztiei:
1- Kontsultari buruzko argibideak ematen dituen eskupaper bat editatu eta buzoneatzea EAEko etxe guztietan.
2- Hedapen kanpaina bat komunikabideetan, iragarkiak jarriz prentsan, irratian, telebistan eta interneten.
3- Kontsultaren edukien berri ematea estatu zein nazioarte mailan, kontsultaren edukiei buruzko informazio objektiboko kanpaina bat garatuz.
4- Komunikabide publikoetan eztabaidak antolatzea "badut galdera bat zuretzako" formatuan. Horietan, herritar guztiek izango dute alderdi politiko guztien ordezkariei beren zalantzak adierazteko aukera.
5- Web orri bat sortzea kontsultaren edukiak azaltzeko.
-Eztabaida eta partaidetza
Jarduera ildo honen helburua da herritarr guztiei baliabideak ematea kontsultan planteaturiko galderentzako beren erantzunaren inguruan hausnartzeko, partekatzeko eta erabakitzeko:
6- Galderei buruzko iritziak eztabaidatzera eta alderatzera bideratutako udal foroak, orain atre Konponduk jorratutako lanaz baliatuta.
7- Kontsultari buruzko argitalpen bat editatzea. Halaber, argitalpenean proposatuko da eztabaida bultzatzeko metodo bat taldeetan, elkarteetan, ikastetxeetan, lan zentroetan, familian, lagunartean...
8- Kontsultari buruzko 100 hitzaldi egitea, alderdi politikoek, sindikatuek, elkarteek eta zuzeneko demokrazia parte hartzailean aditu direnek parte hartuta. Garrantzizkoa izango da parte hartzaileen artean eztabaida eraikitzailea bultzatzea.
9- Kontsultari buruzko web orrian eztabaida foroak jartzea abian. Horietan, herritar guztiek izango dute kontsultaren eta bere edukien inguruan modu irekian eztabaidatzeko aukera.
-Ebaluazioa eta segimendua
Azken buruan, eta etorkizunean kontsultak egin ahalko direlakoan, proposamen hau ebaluatua izan dadila eskatzen dugu:
10- Nazioarteko adituen batzar bat eratzea informaziorako eta herritarren partaidetzarako ekimen honen segimendua eta ebaluazia egiteko, bai eta kontsultarena ere. Beren eginkizun nagusia litzateke beste herri kontsulta batzuk deitu eta egiteko aholkuak jasotzen dituen txosten bat aurkeztea.
Lokarrik, gaur bertan, alderdi politikoei eta erakundeei bidaliko die proposamen hau azter dezaten eta uda ondoren garatzeko. Era berean, proposamena martxan jartzea aldarrikatzen dugu Legebiltzarrak proposaturiko legearen aurkako inkostituzinaltasun helegite bat aurkezten badute ere, informaziorako eta herritarren partaidetzarako ariketa hau beharrezko tresna baita defenditzeko edozein egoeratan indarkeria-eza, elkarrizketa, akordioa eta herri kontsulta bake eta normalizazio politikorako bidea irekitzen ahal duten printzipioak direla.
2008ko ekainak 20