Lokarri

Lokarriren adierazpenak “Akordioa lortu, kontsulta deitzea” elkarretaratzea bukatu ondoren, Iruñean

2006-04-14 Apirilaren 12ko adierazpenak
Nafarroako Jauregira etorri gara gaur Sanz Presidenteari mezu argi bat helarazteko nafar herritarren ordezkari gorena den aldetik ondorengo erantzunkizuna betetzea baitagokio berari: nafar guztiok pairatzen ditugun arazoak konpontzea. Eta, zalantzarik gabe, bada berehalako konponbidea eskatzen duen arazo bat; akordio baten gabeziaz ari gara, bere aniztasuna onetsiz nafar gizartea elkarbizi ahal izateko beharrezkoa den akordioaren gabeziaz.
 
Gizarte plurala gara, partaidetzako sentimendutan aberatsa, kultura aniztasuna duena eta ideologia ezberdinak. Gehiengoen eta gutxiengoen joko demokratikotik baino harago, topagune bat behar dugu, zeinetan aukera izango dugun batzen gaituena identifikatu eta bereizten gaituena modu konstruktiboan kudeatzeko. Hain zuzen ere, gehiengoaren nahia errespetatzeko gutxiengoaren nortasuna errespetatuz. Eta helburu hori lortzeko ez da behar errezeta magikorik. Nahikoa da elkarrizketaren bidez lan egitea akordio bat lortzeko, zeinetan nafar herritar guztiek beren burua identifikaturik ikusiko duten.
 
Gure ahotsa entzunarazi nahi dugu. Horregatik, Sanz Presidentea, ahalegin bat eskatu nahi dizugu: alderdi politiko guztiek parte hartuko duten elkarrizketa prozesu bat abia dezazula nafar gizartearen bizikidetza hobetuko duen akordio politiko bat lortzea helburu Zailtasunezko hainbeste urte eta gero, merezi du ahalegin hau gauzatzea, ezin baitugu etsi eta gure etorkizuna bereizketen gainean eraikitzen jarraitu.
 

Ez diogu beldurrik izan behar nafar gizarteak, heldua eta parte hartzailea den nafar gizarte honek, erronka honi baietz esateari. Are gehiago, iritsi da gizarte honi protagonismoa emateko ordua eta nafar herritarrek aukera eduki dezaten beren nahia demokratikoki eta kontsulta batean adierazteko. Sanz Presidentea, herri kontsulta bat deitzeko eskatzen dizugu ere, gizarteak bere oniritzia eman diezaion alderdi politikoek izenpetu dezaketen akordioari. Eta baldin eta akordiorik ez badago ere, kontsulta deitzeko eskatzen dizugu nafar gizarteak bere iritzia askatasunez eta demokratikoki eman dezan bere bizikidetzaren gainean.

 

Ez dago ezetz esateko arrazorik. Kontsulta bati ezetz esatea nafarrok gure erabakiak hartzeko gaitasunik ez dugula esatea da. Hain gaizki al dago gure elkarbizitza hobetzeko hitza eta ardura gure eskuetan uztea? Pertsona demokrata batek ezin ditu ukatu herritarrek modu askean beren hitza adierazteko bideak. Soilik beldurrek edo alderdien probetxu Naike justifikatzen ahal dute kontsulta bat deitzeari ezetza ematea. Katalunian edo Andaluzian jada egin da kontsulta bana eta herritarrek izan dute boza eman eta beren bizikidetzaz erabakitzeko aukera. Naafrroan, aldiz, oraindik ez da kontsultarik egin. Onartezeina da egoera honetan jarraitzea.

 

Elkarretaratze hau ez dugu bukatu nahi aurretik dei bat egin gabe, ETAri zuzendutako deia egin gabe. Biolentziak sufrimendu onartezina dakar, giza duintasuna urratzen du eta elkarrizketa, akordio eta kontsultarako bidea zaildu eta oztopatzen du. Biolentzia behin betiko bazter dezan agintzen diogu ETAri. Ez ditugu behar Giza Eskubideak eta gizarte honen ahobatezko nahia mespretxatuz gure izenean aritzen direla ditoen salbatzaileak.

Gure mezua argia, irmoa eta eraikitzailea da: batetik, biolentziaren amaiera eta Giza Eskubideekiko errespetua agintzen ditugu eta, bestetik, elkarrizketa, akordioa eta kontsulta. Hau da gure arazoak konpontzeko errezeta.




 

2008ko apirilak 12

Zure iritzia bidali