Ez da jarduera erraza itxaropenari eustea honako egoeran, are gehiago elkarrizketa prozesu berri bat abiatzeko aukera orori uko egiten dioten mezu geldiarazleak entzuten ari garelarik. Euskal gizartearen sentimendu, nortasun eta proiektu politiko guztien aniztasuna elkarbilduko lukeen akordio bat lortzeko abiapuntua da elkarrizketa. Lokarrin, eragozpen guztien gainetik, eutsi egiten diogu itxaropenari, euskal gizarteak bakea, elkarrizketa eta akordioa nahi eta exijitzen dituen sinismen sendoan oinarrituriko itxaropen errealistari. Gizarte gehienaren nahi horrek bultzada sendoa ekarri du iraganean eta bakera hurbildu gaituzten pauso handiak ahalbidetu ditu. Berriki porrot egindako bake prozesua posible izan zen euskal gizarteak sendotasunez defenditu zituelako printzipio horiek. Orain, Lokarritik, urrats bat gehiago ematea proposatzen dugu: errespeta dadila euskal gizartearen nahia, abia dadila elkarrizketa eta akordio prozesu bat, eta herritarrek aukera izan dezatela bere nahia adierazteko baliabide demokratiko bat den kontsulta baten bidez.
Ildo honetatik, gaur, Ajuria Enea aurrean elkarretaratuz, hiru mezu argi eta eraikitzaile helarazi nahi dizkiogu Lehendakariari:
1) Lehendakari, eutsi elkarrizketa prozesu bat zabaltzeko ahaleginari. Gerta daitezkeen zailtasun, ukazio edo blokeo guztien gainetik, euskal herritarren ordezkari gorenak ahalegintzen jarraitu behar du, bizikidetza hobetzeko pentsaturiko jarduera politiko baten adierazpen nagusia baita elkarrizketa.
2) Lehendakari, ez etsi akordio bat lortzeko eginbeharrean. Beharrezkoa da akordioa, euskal herritarrek beren etorkizuna bazterketarik gabe bizi eta eraikitzeko beharra baitute, guztion artean, gizarte bezala batzen gaituena partekatuz eta gure arteko desberdintasunak normaltasun demokratikoz onartuz.
3) Lehendakari, dei ezazu urte honetarako aurreikusitako kontsulta. Gure erabaki propioak hartzeko aukera merezi duen gizarte heldua gara. Bakearen eta normalizazioaren alde urte asko lanean aritu eta gero, iritsi da gizartea bera izatea protagonista eragiten dioten arazoak konpontzeko orduan.
Joan den irailean Lehendakariak, Eusko Jaurlaritzaren izenean, euskal gatazka konpontzeko bide bat zabaltzen duen proposamena aurkeztu zuen, "ibilbide orria" izenaz ezagunagoa. Proposamen hau, biolentziaren amaiera, elkarrizketa, akordioa eta kontsulta printzipioetan oinarritua, aukera oso ona da bakerako eta normalizaziorako prozesua desblokeatzen saiatzeko, egoeraren etengabeko hondamen hau gaindituz. Gaur lehentasunak honakoak dira: akordio bat lortzea eta kontsulta bat deitzea, akordioa egon edo ez. Ahaleginari eutsi behar zaio.
2008ko apirilak 19