Akordioaren aurkezpenean, Jonan Fernandez Baketikeko zuzendariak eta Lokarriko koordinatzaile Paul Riosek adierazi dute une erabakigarria dugula aurretik non bake-prozesua eta
berradiskidetze-prozesua elkar jotzen eta elkarri deitzen ari diren.
Egoera honetan Lokarrik eta Baketikek uste dute Bakea sendotzeko beharrezkoa dela bizikidetzaren berradiskidetze-prozesua
zabaltzea. "Bizikidetzaren berradiskidetzea erabat zabaltzeko
bake-prozesua behin betiko eta atzerabiderik gabe ezarri behar da", adierazi dute. Bizi
dugun unearen mailako erabakiak hartzeko garaia dela ere azpimarratu dute eta testuinguru horretan kokatu dute Lokarrik Baketik-ekin ahaleginak batzeko daukan borondatea honako edukiak dituen akordioaren bidez:
BILDUTA
·ALDE BATETIK,
Lokarri, akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren sarea, eta bere izenean, Paul Ríos bere koordinatzaile nagusia.
·BESTETIK,
Baketik, aldaketa pertsonalerako eta sozialerako baliabide etikoen zentroa, eta bere izenean, Jonan Fernandez, bere zuzendaria.
Bi parte-hartzaileek lankidetza-akordio hau sinatzeko adinako gaitasuna aitortzen diote elkarri, eta
ADIERAZTEN DUTE
•Lokarri akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren sareak lanean dihardu azken bost urteetan, indarkeriarekin eta giza eskubideen edozein urraketarekin amaitzeaz gain, etorkizunik gertukoenean inor baztertuko ez duen bizikidetza berradiskidetuaren oinarriak jarriko dituen bake-prozesu itzulezina errazteko helburuarekin. Berradiskitzearen alderdi honetan, Lokarrik erreferentzia teoriko eta praktiko sakona, humanizatzailea, erabilgarria eta bideragarria aurkitu du Baketik-en ekarrietan.
Une erabakigarria dugu aurretik non bake-prozesua eta berradiskidetze-prozesua elkar jotzen eta elkarri deitzen ari diren. Bakea sendotzeko beharrezkoa da bizikidetzaren berradiskidetze-prozesua zabaltzea. Bizikidetzaren berradiskidetzea erabat zabaltzeko bake-prozesua behin betiko eta atzerabiderik gabe ezarri behar da. Bizi dugun unearen mailako erabakiak hartzeko garaia da. Hau dela eta, Lokarrik Baketik-ekin ahaleginak batzeko borondatea dauka bizikidetzaren berradiskidetze-prozesua prestatzeko eta laguntzeko.
•Baketik aldaketa pertsonalerako eta sozialerako baliabide etikoen zentroak bost urte daramatza arlo desberdinetan lanean. Bere helburuetako eta lan-ardatzetako bat bigarren plano batetik bakeari laguntzea izan da, berradiskidetzea prestatzen. Material teorikoak prestatu ditu eta milaka laguni eskaini die formazioa bizikidetzaren berradiskidetzeak esan nahi eta eskatzen duenari buruz. Bakearen aldeko lehen lerroko jarduera sozialari dagokionez, bost urte hauetan, Baketik Lokarriren lanarekiko erabat identifikatua eta ordezkatua sentitu izan da.
Jarduera horren hiru ezaugarrik erakusten dute identifikazio hori. Batetik, Lokarriren lehen urteetako pertseberantzia, zailtasunak bizi arren. Bestetik, bere ausardia eta kemena ikuspegi askearekin eta aldeanitzarekin proposamenak edo salaketak egiteko orduan. Eta hirugarrenik, herritarren sare honek izan duen jarrera zuhurra zeregin bideratzaile erabakigarria garatzerakoan, inongo protagonismorik nahi izan eta bilatu gabe.
Baketik-ek bizikidetzaren berradiskidetzearen gaian Lokarrirekin lankidetzan aritzeko borondatea dauka bi arrazoirengatik: lehendabizi, indarkeriaren amaieraren testuinguru historiko honetan lankidetza erabat justifikatua dagoelako bizikidetzaren berradiskidetzearen aldeko ekimenetan eragin sozial eta politiko handiagoa lortzeko helburuarekin; eta bigarren, lankidetza-akordio honen bidez, Lokarrik bake-prozesua bideratzeko egiten duen lanean garatzen duen lidergo sozialari bere babes garbia adierazten diolako Baketik-ek.
Azaldutakoaren arabera, sinatzaileek lankidetza-akordio hau sinatzea adostu dute honako klausulekin:
KLAUSULAK
Lehendabizikoa.- XEDEA
Akordio honen xedea Lokarriren eta Baketik-en arteko lankidetza eta koordinazioa garatuko den lan bateratuaren oinarriak definitzea da.
Bigarrena.- LOKARRIREN ETA BAKETIK-EN ARTEKO LANKIDETZAREN HELBURUAK
·Lokarriren eta Baketik-en arteko lankidetzaren helburu nagusia bizikidetzaren beradiskidetzea bultzatzea eta sustatzea da euskal gizarteak egungo egoeran bizi duen bake-prozesuaren esparruan.
·Bigarren helburua, erakunde bakoitzaren berariazkoena den ekintzetatik abiatuz, ahaleginak eta lanak koordinatzea da, berradiskidetzea bultzatzera eta sustatzera zuzendutako ekimenen norainokoa zabaldu asmoz.
·Hirugarren helburua humanizazioa eta bizikidetzaren berradiskidetzea bakea behin betiko eta atzerabiderik gabe sendotzeko faktore gehigarria eta indarkeriazko gatazka suntsitzaileak prebenitzeko faktore nagusia izan dadin laguntzea.
Hirugarrena.- LANKIDETZAREN ARDATZAK
·Lokarrik eta Baketik-ek lankidetza-esperientziak garatuko dituzte egokia ikusten duten eremuetan eta, bereziki, ondorengo ardtzen inguruan:
-Dibulgazioa. Honako lan-lerroak garatzea dakar: argitalpenak argitaratzea eta zabaltzea, informazio-hitzaldiak eskaintzea eta ikastaroak antolatzea.
-Herri mailako jarduera. Batez ere udal mailan bizikidetzaren berradiskidetze-politikak bultzatzea eta, baldin badagokio, dinamizatzea, eta, posible denean, tokian tokiko instituzioekin batera.
-Aholkularitza instituzionala. Zenbait egoeratan, Lokarrik eta Baketik-ek erakundeengana elkarrekin jotzeko aukera aurreikusten dute inor baztertuko ez duten berradiskidetze-prozesuak bultzatzeko.
-Nazioarteko esperientzien trukaketa. Bi erakundeek beren ahaleginak batuko dituzte nazioarteko berradiskidetze-esperientzien ezagutzak, trukaketak edo koordinazioak Euskal Herriko errealitatean berradiskidetzea gauzatzea sendo dezaten.
Laugarrena.- IRAUPENA
Akordio honek urte beteko iraupena izango du gaurtik hasita, eta mugarik gabe luza daiteke bi erakundeen erabakiz.
Bosgarrena.- EBAZPENA ETA AKORDIOAREN AZTERKETA
Akordio hau alde biek ados jarrita edo alde bietako batek nahi izanez gero edozein momentutan eten ahal izango da.
Seigarrena.- JARRAIPEN-BATZORDEA
Akordioan jasotakoa bultzatzeko, koordinatzeko eta horren jarraipena egiteko helburuz, Jarraipen Batzordea eratuko da erakunde bakoitzaren hiru kidez osatua. Jarraipen Batzordea, gutxienez, hiruhilean behin elkartuko da eta kideren batek hala eskatzen duenean.
Akordio honen edukia berresteko, bere osatasunean eta edozein klausulatan, Agiri honen bi kopia sinatzen dira, alde bakoitzak ale bat gorde dezan.