Lokarri

Onespen prozesu eskasa

2010-10-11

   

- Bizikidetza Plana ez da baldintza aproposetan iristen eskoletara
- Eusko Jaurlaritzak era urrian landu ditu adostasuna eta partaidetza
- Indarkeriaren deslegitimazioaren definizio zehatzagoa positiboa da

 

Lokarrik, akordioa eta kontsultaren aldeko herritarren Sareak, bere posizioa azaldu zuen Bake Hezkuntzako Euskal Planaren eraldaketaren inguruan joan zen apirilaren 23an. Orain, Bizikidetza Demokratikorako eta Indarkeriaren Deslegitimaziorako Plana Eusko Legebiltzarrean aurkeztu den unean, honen edukia eta onespenerako jarraitutako prozesuaren inguruko gogoetak adierazi nahi ditugu.
 

Planaren edukia
Eraldaketaren hasierako erredakzioarekiko Lokarriren ardura nagusienetako bat "indarkeriaren deslegitimazio" kontzeptuaren anbiguotasun eta zehaztasun falta ziren, asmo alderdikoiekin erabiltzeko arriskua baitzekarren. Plan berriak kontzeptuaren interpretazioak arriskuak aurkez ditzakeela onartzen du espresuki eta argiago definitzen du, aurrerapauso garrantzitsua adierazten duelarik. Interpretazio honetan sakonduz, Planak berak bizikidetza demokratikoa marko juridikoaz gain dauden beste aukeren defentsarekin bateragarria dela xedatzen du, betiere era baketsu eta demokratikoan defendatzen diren heinean. Aurrerapauso honi esker helburu honen erabilera alderdikoien arrisku batzuk ezabatzen dira.

 

Aurrerapen hau egin arren, beste gai problematiko batzuk mantentzen dira. Planak berak onartzen duen bezala, arreta-gunea Giza Eskubideetatik biktimetara igaro da. Helburuen tokialdatze hau kaltegarria izan daiteke, Giza Eskubideen eta bakearen kultura finkatzeko lanaren osotasunezko ikusmoldea, beren hedapen osoko betetzea bermatzeko, alde batera uzten baita.

 

Are gehiago, Planak terrorismoaren biktimetan jarri arren arreta, lehenengo eraldaketak ia esklusiboki ETAren biktimetan jartzen zuenean, Giza Eskubideen urraketen beste hainbat biktima uzten ditu kanpoan, motibazio politikoko indarkeriak sortutakoak kasu. Puntu honetan beharrezkoa da gogoraraztea Eusko Jaurlaritzak berak biktima hauen aintzatespen eta konponketaren aldeko txostena aurkezteko ebazpena aho batez onartu zuela, baina Plan berri honetan baztertu egiten dira.


Plana onesteko prozedura

Prozedura osoa euskal gizartearentzat hain sentikorra den gai baten erreforma nola ez bideratu, elkarrizketa nola ez egin, hitzarmen sozial eta politiko zabalak nola ez lortu azaltzen dizkigun eredua izan da:


1- Hezkuntza-komunitateek eta esparru honetan lan egiten duten elkarteek eraldaketaren oinarrien inguruko lehen berriak prentsaren bidez ezagutu zituzten.


2- Ekarpenak jasotzeko eta Eraldaketaren inguruko akordioa erraztuko lukeen elkarrizketa eraikitzailea sortzeko epea oso urria izan zen. Interesatutako aldeekin izandako komunikazioa ere oso eskasa izan zen.


3- Izapide honen emaitza izugarrizko kritika-oldea izan zen, guztiak justifikatuta, alarma sozial egoera sortuz. Eusko Jaurlaritzak, informazioa eta hitzarmen soziala landu gabe izanik, Planaren gaitzespen zabala eragin zuen hezkuntza-komunitate, gizarte-erakunde eta alderdi politikoen eskutik.


4- Plan berriaren erredakzioa, Eraldaketari eginiko ekarpenak sartuz, gardentasun eta partaidetzarik gabe kudeatu da. Berriz ere hezkuntza-komunitateak eta gizarte-erakundeak ez dira kontsultatu. Honen adibide dugu dokumentuaren sarbidea komunikabideek izan dutela haiek baino lehenago. Eusko Jaurlaritzak ez du bilerarik ere antolatu erredakzio berria azaltzeko edo ekarpenak jasotzeko.


5- Planaren inguruko adostasuna lortzeko elkarrizketa alderdikoia izan da, talde politikoei mugatuta. Gainera, ez dira alderdi guztiak aintzat hartu dokumentu berriaren eraketaren prozesuan inplikatzeko.

 

Azken ondorio bat
Bizikidetza Demokratikorako eta Indarkeriaren Deslegitimaziorako Plan bat ezin da dekretu bidez inposatu. Ez da ezta ere auzi politiko hutsa. Bere aplikazio eta garapenak inplikatutako esparruen partaidetza aktiboa behar du -hezkuntza-komunitatea eta familiak- lehenengo unetik bertatik. Eusko Jaurlaritzak Planaren erredakzioa printzipio moral eta etiko hain eztabaidaezinak defendatzeko uste osoarekin kudeatu du, beste ikuspegiak gehitzea zailduz. Hala, era aldebakarrean aritu da eta soilik bere abiatze akatsa frogatu duenean landu du adostasuna, beste alderdi politikoei mugatu eta eskoletan aplikatu beharko duten sektoreak kanpoan utzi arren.


Plan hau eztabaida bizi batetik, komunikazio-eskasiatik eta desadostasun nabarmenetik jaio da. Bere aplikazio praktikoa zailtasunez beteta egongo da. Bizikidetza eta adostasuna oso balore sustraituak dira hezkuntza-komunitatean, gure gizartearen pluraltasun atxikia presente egonik bertan. Eskolek ez dute akordio nahikorik gabe eta gizarte-lan ordezkaezina garatzeko beharrezkoa den lasaitasunik gabe arduradun politikoek jaurtitako gai bat konpontzeko obligaziorik.


 
Ezagutzera eman

 

 

Zure iritzia bidali