Lokarri

Pertsona pluralen arteko elkarrizketa gunea

2010-02-02
 
Bakeprozesua.org blog kolaboratiboa aurkeztu du Lokarrik

 

Herritarren partaidetza internet bidez

Lokarri akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren Sareak, sortu zenetik, herritarren inplikazioaren beharra azpimarratu du bakearen aldeko lanean. Ezberdinen arteko akordioak lortzeko elkarrizketa eta entzumena dira Lokarrik defenditzen dituen printzipioak elkarbizitza plurala, demokratikoa eta giza eskubideak errespetatzen dituena lortzea helburu.

 

Interneteko sare sozialetako partaidetzak herritarren sare honek jorratu dituen printzipio horiek jasotzen ditu. Interneten parte-hartzeak errazten du: 1) herritarrek sarean esaten dutena entzutea, 2) bake eta normalizazioari buruz ekarpenak ere egiten dituzten pertsona guztiekin hizketan jardutea eta 3) dagoeneko badiren sareekin bat egitea eta sare berriak sortzea bakea eta normalizazioaren alde jarrera aktiboari eusten dioten edo etusi diezaioketen pertsonekin.

 

Euskal gizartean identitate plural eta desberdinak elkarbizi dira, euren errealitatea ulertzeko eta etorkizuna irudikatzeko era ezberdinak. Era berean, anitzak dira bekeaz eta elkarbizitzaz dauden planteamenduak. Sarean garatzen duen ekintzak iritzi ezberdinak aintza hartzea nahi du Lokarrik, betiere jarrera ezberdinak dituzten ideiekiko errespetuzkoak badira.

 

Azaldu hausnarketetik abiatuta sortu da bakeprozesua.org blog kolaboratiboa abian jartzeko ideia, zeinetan erreferente sozialek, politikoek eta kultura arlokoek, bai eta bakearekin, euskal gatazkarekin eta herritarren partaidetzarekin zerikusia duten gaiei buruz idatzi ohi duten blogariek parte hartuko duten.

 

Bakeprozesua.org, bakeaz elkarrizketan aritzeko plaza publikoa

Bakea eta elkarbizitzan interesa duten pertsonek hitz egin ahalko dute bakeprozesua.org blog kolaboratiboan bakea eta normalizazioa lortze aldera lagun dezaketen gai orori eta helburu horiek lortzeko Lokarriren lanaren lehentasunei buruz: partaidetzaren sustapena, masa sozial kritiko baten sostengua, indarkeriaren bukaera ordenatua, adiskidetza, akordioa eta galdeketa. Adierazi gaien inguruan elkarrizketan aritzeko plaza publikoa izan nahi du Bake prozesua blogak, ikuspuntu guztiak aintzat hartuko dituen gune plurala.

 

Egunero post bat argitaratuko da gutxienez. Horretarako, hiru hilean behin post bana idazteko konpromisoa hartu dute Lokarrirekin arlo ezberdinetako1 00 erreferentek. Erreferente sozial, politiko eta kulturalek parte hartuko dute blogean, bai eta gai horiek jorratu ohi dituzten hainbat blogarik.

 


Idatziko duten izenen artean daude: Toti Martinez de Lezea, idazlea; Iñigo Lamarca, arartekoa; Mikel Ruiz, Caritas Bizkaiko zuzendaria; Txema Mauleon, NaBaiko zinegotzia; Fernando Pindado, Kataluniako Generalitateko Herritarren Partaidetzaren Sustapenerako Zuzendariorde Nagusia; David Barbero, kazetaria; Ana Urkiza, idazlea; Pedro Ibarra, EHUko katedraduna; Imanol Epelde, bertsolaria; Felipe Juaristi, idazlea; Igor Calzada, soziologoa; Jose Ignacio Ansorena, idazle, musikari eta pailazoa; Garbiñe Biurrun, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Lan Arloko Aretokoa; Txema Ramirez de la Piscina, EHUko irakaslea; Sabino Ormazabal, kazetaria; eta Juanjo Alvarez, zuzenbidean katedraduna.

 

Zerrenda hau luzatuz joango da euskal gizartearen pluralitatea ahalik eta hobekin islatzea helburu.

 

Gizartearen partaidetzari zabalik dagoen bloga

Entzumen, elkarrizketa eta batzen gaituena partekatzea defenditzen dituen ideia honetatik, gure gizartearen pluralitatea errespetatuz, bakeprozesua.org blogean iruzkinak idatziz edo ekarpenak eginez parte hartzera animatzen ditugu bakean eta normalizazioan interesaturik dauden pertsona guztiak.

 

Orain gutxi dira pertsona desberdinek hizketan aritu eta elkarri entzuteko aukera ematen duten guneak. Gabezia horri aurre egiten hasteko ekarpen txikia izan nahi du blogak. Bestearen azalean jartzea baino ez dago elkarbizitza behar bezala eratzeko, besteak duen egiaren zatia onartu eta batzen gaituena identifikatu behar da. Esateko duena entzutea litzateke hori lortzeko lehen urratsa. Horregatik, gure gizartearen etorkizuna guztion artean eraiki behar dugula aintzat hartuz eta lankidetza ideia horri eutsiz, parte hartzera animatzen zaituztegu.



Ezagutzera eman

 

 

Zure iritzia bidali