Indarkeriaren elkarrizketa bidezko amaiera baten aurrean Alderdi Popularraren jarrera zein izango litzatekeen argitzea da galderen xedea
Atzo Alderdi Popularrak bere ondoeza agertu zuen Gobernuaren eta ETAren artean negoziazio prozesu bat abian egoteko aukeraren aurrean. Lokarri akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren Sareak ez du aukera horretara bideratzen duen zantzurik, baina oso positibotzat joko luke indarkeriaren amaiera ordenatu eta elkarrizketatu bat errazteko hartu-emanak egotea.
Aurkakotasun zorrotzari eutsi zion Alderdi Popularrak 2006ko bake prozesuan. Prozesu horri laguntzetik urrun, oztopo ugari gaineratu zituen. Irlandan bake-prozesuan Alderdi Kontserbadoreak emandako babesarekin kontrajarrita, egoeraz baliatu zen Alderdi Popularra Gobernuaren jarrera higatzen saiatzeko.
Solik bide politikoen eta demokratikoen alde Ezker Abertzaleak egindako apustuari esker zein Bruselako Adierazpenari (zeinetan, ETAri su-eten iraunkor eta egiaztagarria iragartzera deitzen zaion) erantzun egokia emateko ETAri egindako deiei esker gutxinaka-gutxinaka garatzen ari den aukera oso ahula da oraindik eta guztion laguntza du beharrezkoa bakea lortzeko. Alde honetatik, kezka handia sortu digu balizko eta etorkizuneko bake-prozesu baten aurrean iraganeko estrategiari eusteko Alderdi Popularrakren asmoak.
Horregatik guztiarengatik, aukera honen aurrean bere jarrera zein izango den argitzeko galdera hauek helarazi nahi dizkio Lokarrik Alderdi Popularrari:
1- Onartuko al luke Alderdi Popularrak Gobernuaren eta ETAren artean elkarrizketa garatzea indarkeriari behin betiko amaiera jartzea helburu, betiere elkarrizketa preso eta armen gaietara mugatuz eta gai politikoak kanpo utzita?
2- Horrela balitz, Alderdi Popularra elkarlanean jardungo litzateke Gobernuarekin?
3- Indarkeria arbuiatuz gero, eta Alderdien Legeak jasotakoa betez, Alderdi Popularrak onartuko al luke Ezker Abertzalearen legeztatzea?
4- Bi aukera hauen artean, zein hautatuko luke Alderdi Popularrak? Euskal gizarteak nozitzen dituen indarkeriak eta herritarren zati handi baten bazterketak desitxuratutako bizikidetza motari eustea edo Giza Eskubide guztiak eta aniztasuna errespetatuko dituen elkarbizitza eraikitzea?
5- Indarkeriaren amaieraren aurrean Estatua eskuzabal izango litzatekeela esan du behin baino gehiagotan Alderdi Popularrak. Zertan zehaztuko litzateke eskuzabaltasun hori?
6- Baldin eta indarkeria amaituz gero, alderdi politiko guztiekin hitz egiteko prest egongo al litzateke Alderdi Popularra gure bizikidetza markoa hobetzeko?
Euskal Autonomia Erkidegoko Alderdi Popularreko zuzendaritzari bidaliko dizkio Lokarrik galdera hauek erantzun eske, norbanakoaren jiteak argi utzita konfidantza giroa sortuko delakoan guztiok gure laguntza eskaini dezagun bakea lortzeko.