Lokarri

Bakerako aurrerapauso garrantzitsu eta aldebakarrekoa

2010-06-24

   

Eusko Alkartasuna eta Ezker Abertzaleak izenpetutako akordioaren Lokarriren balorazioa


-Ilegalizazio mehatxuak oztopoak jartzearen estrategia baten eredu dira


-Lokarrik bere deia errepikatu dio ETAri su-eten iraunkor eta egiaztatua iragar dezan



Joan zen igandean Ezker Abertzaleak eta Eusko Alkartasunak "Indar politiko independentisten arteko akordioaren oinarri estrategikoak" izeneko agiria sinatu zuten. Ekintza hau bi ikuspuntu ezberdinetatik azter daiteke. Lehenengoak, politikoagoa, proiektu independentista bat bultzatzeko bi talde politikoen lankidetzari egiten dio erreferentzia. Azterketa hau ez dagokio Lokarri bezalako herritarren sare plural bati, zeinetan euskal gizartearentzako proiektu oso ezberdinak dituzten pertsonek parte hartzen duten. Azterketarako bigarren ikuspuntua agiri honek bakearen bidean izan ditzakeen ondorioen inguruan datza. Gai honi dagokionez, Lokarrik balorazio positiboa egin nahi dio bere edukiari.
 

Lokarrik bake prozesu bat eta bizikidetzaren hobekuntza prozesu baten aldeko baldintzak sortu eta finkatzeko apustua egin du: ETAren indarkeriaren amaiera eta Ezker Abertzalearen legalizazioa. Zentzu honetan, sektore politiko horrek eta Eusko Alkartasunak izenpetutako agiriaren aurkezpenak pauso berri eta garrantzitsua adierazten du. Joan zen urritik Ezker Abertzaleak garatutako hausnarketa eta eztabaida prozesua bide soilik politiko eta demokratikoen apustu batekin burutu zen. Erabaki honen ondorioz, Iruñeko Adierazpenean, aurreko bake prozesuaren kolapsoaren ondoren ETA indarkeriara bueltatzeak suposatu zuen akatsa onartu zuten eta ETAri deia egin zioten nazioarteko liderrek Bruselako Adierazpenean egindako deialdiari erantzun eraikitzailea emateko. Orain, EArekin izenpetutako agirian, bitarteko soilik politiko eta demokratikoekiko beren apustuari bide baketsuekiko konpromisoa gehitu diote.

 

Are gehiago, geroagoko adierazpenetan, Ezker Abertzaleko egungo erreferente den Rufi Etxeberriak Berria egunkariari emandako elkarrizketa batean egindakoetan kasu, apustu hau sektore politiko horren oinarriek bere egitura guztiei eginiko mandatua adierazten duela dio, beren jarduera konpromiso honi egokitu diezaioten. Mandatu hau betetzeko bide bakarra duela ulertzen dugu Lokarritik: ETAk su-eten iraunkor eta egiaztatua iragar dezala Bruselako Adierazpenean jasotako deiaren haritik. Laburbilduz, bai bide baketsu, demokratiko eta politikoekiko konpromisoak zein ETAri zuzendutako mandatuak aldebakarreko aurrerapausoa eta Ezker Abertzalearen ekarpen garrantzitsua eratzen dituzte bake prozesu berri bat posible egingo duten baldintzak sortzeko.

 


Ilegalizazio mehatxuak

Apustu honi eta Ezker Abertzalearen ekarpenarenari entzungor egitea errealitateari bizkarra ematea da. Gobernuaren ordezkariek hori bera egin dute. Hortik berrestu dute eratzen ari den aukera berria oztopatzeko beren estrategia. Ezker Abertzalea legeztatzeko edozein aukera ezeztatzen dute, Alderdien Legean bertan jasotzen ez diren exijentzia berriak gehituz, eta ilegalizazio mehatxua EAri ere luzatu diote. Puntu honetan balioa eman behar zaio alderdi honen lanari. Akatsik gabeko ibilbidea du bakearen defentsan, indarkeriaren salaketan eta Giza Eskubide guztiekiko errespetuan. Badira hilabete batzuk beren lankidetzak Ezker Abertzalearekin muga oso argia duela aipatu zutela: indarkeriaren amaiera eta bide baketsu eta demokratikoen erabilera. Orain, Ezker Abertzaleak indarkeriarik gabeko estrategiarekin apustua egiten duela frogatu ondoren, etorkizunerako akordio estrategiko batean konprometitu dira. Bakeari lagun diezaoikeen arrisku bat hartu dute beren gain, beste edozein erabaki politiko bezala kritika daitekeena dudarik gabe, baina inolaz ere ez jazarri. Gobernuak gehiago pentsatu behar du nola lagundu, irekitako bidea oztopatu baino.

 

ETAk su-eten iraunkor eta guztiz egiaztagarria irgarri behar du

Orain arte Ezker Abertzaleak emandako pausoak garrantzitsuak, berriak eta positiboak dira. Lokarrik konfiantza osoa dauka bide baketsu, demokratiko eta politikoen bidez aurrera egiteko beren borondatearekin. Ez dugu dudarik ikusita orain arte hartutako aldebakarreko erabakiak, etorkizunean sakonagoak eta erabakigarriagoak izango direla pentsarazten digute. Halere, ETAren isiltasunak arduratzen gaitu hainbat arrazoirengatik: 1) gure gizarteko sektore zabalen gaineko mehatxuak mantentzen ditu, 2) mesfidantza soziala eragiten du Ezker Abertzalearen asmoekiko eta 3) ezer aldatu ez dela diotenek erabiltzen duten argumentua da.

 

Horregatik, Lokarrik bere deia errepikatu nahi dio ETAri su-eten iraunkor eta egiaztagarria iragar dezan, Bruselako Adierazpenean nazioarteko liderrek azaldutakoaren arabera. Bruselako Adierazpenari Lokarrik bildutako 10.000 atxikimenduek adierazten duten sostenguaren bidez egiten dugu dei hau. Indarkeriak dakarren oztopoak desagertu egin behar du bakea posible egingo duten baldintzak agertu daitezen. ETAren adierazpen hau saihestezina da eta ezin da gehiago atzeratu. Irekitako aukeraren eraketak hala eskatzen du.


 
Ezagutzera eman

 

 

Zure iritzia bidali