Lokarri

UPN, PSN, CDN eta NEB alderdiek ateak itxi dizkiote Lokarrik bultzaturiko herri-kontsulta bat deitzeko proposamenari

2008-02-06 Lokarriren prentsa-oharra
Lokarri akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren sareak, prentsa-ohar honen bidez, bere atsekabea agertu nahi du Nafarroako Legebiltzarrak ez duelako izapidetzeko onartu 2007ko abenduaren 13an aurkezturiko herri-kontsulta bat deitzeko proposamena. Hain zuzen ere, UPN, PSN, CDN eta NEB alderdien bozengatik bota dute atzera proposamena.

2007ko martxoaren 31n Lokarri akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren Sareak herritarren sinadurak biltzeko ekimena aurkeztu zuen Eskari Eskubidea sostengatu eta Nafarroako Legebiltzarrean herri-kontsulta bat deitzeko proposamena aurkezteko. Herri izaera sendoa zuen ekimen honek bere sorreratik, izan ere proposamen zehatza herritarren atxikimenduekin batera aurkeztea zen asmoa, herri-kontsulta bat deitzearen aldeko agiria izenpetutako herritarren babesarekin alegia. Hain zuzen ere, 3.213 pertsonak eskaera zehatz hau sostengatu zuten: "Eskeari Eskubideaz baliatuz, gure sostengua ematen diogu Nafarroako Legebiltzarrean herri-kontsulta bat deitzeko proposamena aurkezteari bake-prozesua bultzatzeko".

2007ko abenduaren 13an Lokarri Nafarroako Legebiltzarrera joan zen proposamena erregistratzera jasotako herritarren nahiek lagunduta. Nafarroako Legebiltzarreko Eskaera Batzordeak gaia gaurko batzarraldian jorratu du, eta atzera bota dute arestian aipaturiko alderdi parlamentarien bozengatik.
Proposamenari uko egiteak ate guztiak ixten dizkie nafar herritarrei modu baketsuan eta demokratikoan elkarrizketaren, akordioaren eta bakearen inguruan hitz egiteko aukera izan dezaten behingoz; laburbilduz, nafar herritarrei beren bizikidetzari buruz erabakitzeko aukera ukatu diete. 30 urte igaro ondoren, oraingo eta bere etorkizunerako hain garrantzitsuak diren gaiei buruz hitz egiteko gaitasunik gabe jarraitzen du Nafarroak.

Azkenik, Lokarrik eskerrak eman nahi dizkio Nafarroa Bairi proposamenari agertutako sostenguarengatik eta adierazi nahi du, oztopoen gainetik, herritarren Sarea are indartsuago jardungo dela lanean nafar herritarrek berretsi ahalko duten bakerako eta bizikidetzarako akordioa lortu ahal izateko.

2008ko otsailak 6

 


 


Zure iritzia bidali