Lokarri

Aurrerapauso adierazgarria da Ezker Abertzalearen agiria

2010-02-16

 

-Aldebakartasuna eta Mitchell printzipioen onarpena dira funtsezko osagaiak

 

-Konfidantza sortzea da lehentasuna.


 

 

Lokarri akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren Sareak lehendabiziko balorazioa helarazi nahi du Ezker Abertzaleak ezagutzera emandako "Zutik Euskal Herria" agiriaz. Eduki interesgarriak ditu agiriak eta aurrerapauso adierazgarria dira indarkeriaren amaiera, elkarrizketa eta akordioa ahelbidetuko dituzten baldintzak eratzeko. Bere muga guztiekin, ETAren indarkeriari erreferentzia argi baten gabezia adibidez, testu honek fidatzeko aukera zabaltzen du; hots, jadanik indarkeriarik eta mehatxurik gabeko prozesu baten alde lan egiteko prest dagoela sinestera daramagu, euskal gizartean ordezkari diren sentsibilitate politiko guztien artean akordio politiko bat lortzea xede duen prozesu baten alde.


Nagusiki, agiriaren alderdi hauek azpimarratu nahi ditu Lokarrik:

 

1- Prozesu demokratiko bat abiatzeko jarrera aldebakarrekoa. Ezinbestekoa da halako jarrera edukitzea bakea eta elkar-ulertzea lortzeko bidetik trabak kendu nahi badira. Pausoak emateko borondatea gainerako alderdiek eta erakundeek erantzun bat ematearen zain egon gabe, berme garrantzitsua da pentsatzeko Ezker Abertzaleak eutsi egingo diola prozesu demokratiko baten aldeko apustuari gertatzen dena gertatzen dela ere.

 

2- Mitchell printzipioen onarpena. Beste kontu batzuen artean, printzipio hauek uko egiten diote indarkeria erabiltzeari, eta beste norbaitek indarrez jardutearen edo indarrez jarduteko mehatxua egitearen aurka ageri dira. Printzipio hauek agindutako prozesu demokratiko bat abiatzeko aldebakarreko erabakia hartu du Ezker Abertzaleak. Erabaki horren irakurketa koherenteak esan nahi du Ezker Abertzaleak jadanik egiten diola uko indarkeria erabiltzeari.


Konfidantza sortzea eta indarkeriaren amaiera bermatzea dira lehentasunak

 

Azken urteetan jazotakoa, azken bake-prozesuaren porrotak eta ETAren su-etenaren hausturak, mesfidantza arrastoa utzi dute alderdi politikoengan  eta euskal gizartearengan. Konfidantzarik ezean oso zaila da elkarrekin hitz egitea eta lankidetzan aritzea bake eta elkarbizitza hobetzeko prozesu bat garatzeko. Alde horretatik, hiru osagaik lagun dezakete konfidantza sortzen:

 

1- Ekintza zehatzen bidez egiaztatzea Mitchell printzipioak onartzeko aldebakarreko borondatea duela Ezker Abertzaleak; hau da, ETAren biolentziari uko egitea eta euskal gizartearen sektore zabalentzat dakarren mehatxuari.

 

2- Gobernua trabak ez jartzeko prest agertzea, hala nola, sektore politiko honetako buruen atxiloketa gehiago ez agintzea eta aske jartzea atxiloturik daudenak. Horrela, indarkeriarik gabeko prozesu demokratikoaren alde lanean jarduteko aukera izango dute.

 

3- Hartu-emanak areagotzea alderdi politiko guztien artean. Inor baztertuko ez duen eta elkarbizitza akordio batean amaituko den elkarrizketa erabakitzailea ahalbidetzeko gutxieneko printzipioak finkatu ahal izango dira hartu-eman horiei esker.

 

Azkenik, zabaldu den aukera haun behin betikoa izatea desio du Lokarrik. Euskal gizarteak ez du beste porrotik merezi. Arreta eskaini behar zaio bere bake eta elkarbizitza eskaerari.

 

 

Ezagutzera eman

 

 

Zure iritzia bidali