Lokarrik hiru galdera proposatzen ditu Ezker Abertzalearen aldaketarako borondatea zehazteko
Lokarrik beti izan du positiboa dena eta bakera eta bizikidetza hobetzera hurbil gaitzaketen aukerak azpimarratzeko borondatea. Indarkeriaren amaieran eta elkarrizketan laguntzeko saiakera baten aurrean gaudela pentsatzera gonbidatzen gaitu agiriaren edukiak, blokeoa apurtzeko eta aukeren aldi berri bat hasteko gizarte gehienaren nahiarekin bat eginez.
Haatik, bi muga handi ditu aurrez aurre aitorpen honek. ETAk deklarazio honi emango dion erantzuna da lehendabizikoa. Atentatu berri batek goitik behera zapuztuko lituzke agiriak zabaltzen dituen aukera berriak. Instituzioen, alderdi politikoen eta sindikatu eta gizarte indarren aldetik jaso dezakeen erantzuna da bigarrena. Konfidantza berreskuratzeko, beharrezkoa da Ezker Abertzaleak berak argi eta garbi adieraztea zer pauso emateko prest dagoen gaurdanik.
Balizko indarkeriazko etenaldi baten aurrean izango lukeen jarrera argitzeko eta bake eta elkarrizketa prozesua berreskuratzeko beharrezkoa den konfidantza sortzen lagunduko duten hiru galdera helarazi nahi dizkio Lokarrik Ezker Abertzaleari:
1- Ziklo aldaketak, indarkeriazko eszenatokia baztertzeak eta indarkeriarik gabe garatuko den prozesu demokratiko bat gaurdanik abiatzeko borondateak esan nahi dute beharrezkoa dela ETAren borroka armatuari amaiera jartzea?
2- Besteen erantzunaren zain egon gabe aldebakarreko pausoak emateko deiak esan nahi du ETAk amaiera eman behar diola indarkeriari ezen kontrapartidaren baldintzapean egon gabe?
3- Mitchell printzipioak aipatzen ditu Ezker Abertzaleak. Irlandako elkarrizketa prozesuan parte hartu zuten guztiak honakoekin konprometzitzea ekarri zuten printzipio horiek: 1) arazo politikoak konpontzeko bake eta demokrazia bideak, 2) erakunde armatuen desarmatze egiaztagarria eta 3) uko egitea indarra erabiltzeari. Sinn Feinek onartu egin zituen printzipio horiek, baina ez zuen parte hartu elkarrizketen prozesuan bere buruek IRAren su-eten berria eskatu eta erakunde armatuak su-etena iragarri zuen arte. Horrela, iraunkorra eta behin betiko izango den baldintzarik gabeko su-etena iragartzeko ETAri egingo zaion eskaera batez lagunduta etorriko al da aipamen berezi hori?
Saihestezinak dira galdera hauen erantzunak. Indarkeria eta konfidantza nahikoa sortzeko ezintasuna harresi gaindiezina izan daitezke Ezker Abertzaleak deklarazio berri honetan erakusten dituen asmoetarako. Ausartak izateko, argi hitz egiteko eta zehazteko ordua iritsi da. Euskal gizartearen itxaropenek eta nahiak merezi dute.