Ondorio nagusia ekarriko du Auzitegi Gorenak D3M eta Askatasunaren zerrendak baliogabetu izanak: EAEren herritarren zati garrantzitsu batek ez du ordezkaririk izango datorren Eusko Legebiltzarrean. Auzitegiaren erabakiak oinarrizko Eskubide eta Askatasunen urraketa larria dakar sistema demokratiko batean. Gainera, bereziki larria da Askatasunaren kasuan.
D3Mko hautagaiek Batasunarekin lotura dutela argudiatuz erabaki da D3M legez kanporatzea. NBEko Kontalari Bereziak, bere txostenean, jada ohartarazi zuen bermeak bereziki zaindu behar direla "soilik hauteskunde batzuetara aurkezteko asmoz eratu den eta, beraz, aurretiko bere ekintzen frogarik ez duen" talde bat baztertzeko orduan. Praktikan, D3Mren zerrendetan aurkeztu diren pertsonei bere eskubide politikoak kentzean oinarritu da D3Mren zerrenden baliogabetza. Pertsona hauengan ez da ikusi inolako delitu-jokabiderik, zantzuak baino ez. Auzitegi batek ezin du hartu hain erabaki larria soilik kontuan hartuta suposizio batzuk.
Askatasunaren zerrendak baliogabetzeari dagokionez, Auzitegiaren erabaki hau are larriagoa eta kezkagarriagoa da. Estatuaren Abokatutzak eta Fiskaltzak hiru froga aurkeztu dituzte: Askatasunaren eta Euskal Herritarrok alderdiaren estatutuak antzekoak direla, Askatasunaren ia hautagaien erdiek D3M plataformaren osaera babestu zutela, eta espetxean egindako entzuketak Euskal Herrialdeetako Alderdi Komunistako (EHAK) preso batzuei zerrenda "zuriaren" eta "beltzaren" estrategiari buruz ari zirelarik. Argumentazio oso txiroa da hain ondorio larriak dakartzan epai bat defenditzeko. Areago, aurrekari larria ezartzen dute etorkizunari begira.
Gorenak emandako argudioen arabera, badirudi tokiren batean badela datu-base bat zeinetan bilduta dauden oinarrizko eskubide demokratiko bat baliatu zuten pertsona guztien izenak, hau da, notario baten aurrean beren sinadura emanez hautagai zerrendak sostengatu zituzten pertsonen izenak. Legezko jokabide bat, zigorgarria ez dena, delituzkoa dela susmatzen da a posteriori. Lokarriren laguntzaile askok beren sinadura eman zuten aurreko aldietan. Delitu bat egin zuten horretaz kontziente izan gabe? Non dago datu-base hori? Deusezta daiteke, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoak agindu bezala? Zer gertatzen da sinatu zuten beste alderdi politiko batzuetako militanteekin?
Ondorio larriak eta itzuliezinak dakartza baliogabetze honek. Froga argi eta sendoak ezinbestekoak dira prozesu eta epai-bermeekiko gutxieneko errespetuz jokatu nahi bada. Kasu honetan, ez dituzte mahaigaineratu. Uste moraletan oinarritu da Gorenaren erabakia, eta argudio hori oso eskasa da Askatasun demokratikoen hain urraketa larria justifikatzeko soilik aste bat falta delarik hauteskunde kanpaina abiatzeko.
Oso litekeena da Gorenaren erabaki hau Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiaren iragazkitik ez igarotzea. Baina jada ezin izango da atzera egin. Atzera egiterik ez du izango zerrenden baliogabetze honek eta datozen lau urteetan euskal gizartearen alderdi garrantzitsu batek ez du ordezkaririk edukiko Legebiltzarrean.
2009ko otsailak 9