Lokarri

Akordioa. Bizikidetasun akordioa eraikitzeko hausnarketak eta proposamenak

2006-11-02

Jarraian argitalpen honen laburpena azaltzen da. Laburpen honen bukaeran PDFn agertzen den argitalpen osoa ikus daiteke
Argitalpenaren edukinen laburpena

Ideiak eta kontzeptuak argitzeko tresna gauzatzea bilatzen du gure argitalpen honek, etorkizunaz hausnartzeko eta gure gizarteak hasia duen bake eta normalizazio-prozesu zirraragarri honetan parte hartzeko lanabesa. Akordioari buruz Lokarrik duen irizpidea azaltzen ahaleginak egiten du argitalpen honek. Ohartuko zinetenez, ez du elkarrizketa-prozesuaren amaierako akordioa zehaztasunez diseinatzen, baizik eta akordioa eraikitzeko zenbait hausnarketa egiten. Horrekin batera, akordioari buruz ditugun zenbait ideia okerrei ekin nahi diegu ere argitalpen honen bidez.

Askotarikoa da euskal gizartea eta bistakoa da, bestalde, egungo elkarbizitza-esparruak ez daukala behar hainbateko adostasun edo babes soziopolitikorik.

Hori dela eta, elementu hauek ditu akordioaren aldeko Lokarriren apustuak:
Gure elkarbizitzaren oinarrizko printzipioak finkatzeko akordioa, bereizten eta elkartzen gaituena bake bidez eta demokratikoki kudeatzeko, iraganeko akats berberak egin gabe.
  • Akordio plurala behar du izan, gure gizarteko korronte eta joera soziopolitiko guztiak ordezkatzen dituena. Ahaleginak egin behar dira akordioa aho batezkoa izan dadin; ezin bada, zehar akordioa eta gehienen zabala egiten saiatu behar da. Azkenik, akordioa ezin bada ez aho batezkoa ez zeharkakoa izan, herritar-kontsulta egin behar da blokeoa gainditzeko. Bestalde, hasieran izenpetzen ez dutenak ere berehala hara biltzeko modukoa izan behar du akordioak.
  • Ordenamendu juridikora eraman behar da akordioa, asmo onen adierazpen huts bihur ez dadin eta legearen ahalak babes dezan. Bestalde, akordioak berak zehaztu behar du zeregin hura aldatu edo egokitzeko.
  • Denok irabazi behar dugu akordioarekin; inork ez du galtzaile izan behar. Denon garaipena izan behar du: aniztasunaren, berdintasunaren eta printzipio demokratikoen garaipena. Guk nahi dugun akordioak denak sentiarazi behar ditu garaile, inor ez galtzaile.
  • Herritarrek berretsi behar dute akordioa, kontsulta bidez.
Bost puntu hauek dira argitalpenean garatzen direnak, adibideak lagunduta, bereziki Ipar Irlandako kasuarena.

Aurreko gaia gisa, akordiora iristeko metodoari buruz aritzen da. Helburu hori gauzatzeko baldintzei, helburu eta agendei, printzipioei, irizpide metodologikoei, egiturari eta prozedurei buruzko aurreakordioa eskatzen du, batez ere, akordioak. Laburrago esanda, alderdien mahaiaren funtzionamenduari buruzko aurreakordioa lortzea da helburua

Ondorioak

Hainbeste urtetako desadostasunari amaiera emateko akordio bat lortzeko egin behar den lanak guztion ahalegina eskatzen du. Erakundeen, alderdi politikoen eta herritarren erantzukizuna da bake eta normalizazio-prozesu hau aprobetxatzea, hainbeste desiratzen dugun gizartearen adiskidetzea lortzeko. Adiskidetze honetarako abiapuntua, sentikortasun politiko eta sozial guztiak aintzat hartzea da, eta horretarako egokiena, euskal gizarteko aukera politikoen aniztasuna biltzea lortuko duen adiskidetzerako oinarrizko printzipioei buruzko akordioa da.

Gizarteak berak adiskidetzearen bultzatzailea izan behar du. Gizartearen bultzada eta parte hartzea nahitaezkoak dira. Gizarteak indarkeriarik ezaren eta bazterketarik gabeko elkarrizketaren printzipioak, momentu txarrenetan ere sostengatu ditu, eta orain, guztien parte-hartzea mantendu behar da, prozesuaren helmuga akordioa eta herri-kontsulta izan daitezen.

Lokarrik, akordioaren aldeko borondate politiko eta sozialak batu nahi ditu, eta bake-prozesuan parte-hartze zuzena eskaintzen du. Akordioa posible egiteko lagundu nahi dugu. Horregatik, interesa duen orok ekarpenak, kritikak eta iradokizunak emateko esparru bat aurkituko du www.lokarri.org webgunean. Eta horrekin batera, bizikidetasun baketsu eta demokratikoa lortzeko erronka handi honetan parte hartzeko prest dauden beste pertsona batzuekin konpartitu ere bai.


"Akordioa" PDF formatuan jaitsi
2006ko azaroaren 2an